Aldi gaiztoan (II): Sorgin bat eta bi dei
Bilbo, Artekale 43, 2. ezkerra, 2071ko ekainaren 26a, barikua
Sorginak hamarkadak daramatza ofizioan jada eta istorio xelebreak entzutera
ohituta dago, baina onartu behar du aurrean duen gizon ile urdinak
ahotan darabilena marka guztiak gainditzen ari dela. Lehenago, atea zabaldutakoan,
bitiligoak orbandutako esku zuriaz erakutsi dio iragarkia, oraindik
paperean argitaratzen den egunkari bakarretik, Euzko-Deia-tik, baldarki
errekortatua: “La
Bruja Lola / Nekane Sorgiñe, Artekale, 43, 2. ezkerra. In Bilbao since
1984, Proud member of the Official College of Witches in Euzkadi”. Aurrera pasatzeko esan dio gizon artegari.
Gela txikia da, iluna, mahaitxo borobilaren gainean oihal beltz
izartxoz betea. Argi bakarra mahai gaineko beirazko bolarena, sorginaren begi berdeetako bakoitzean islatzen dena.
Luze
jo du solasak eta On Xabier Antiaren kontakizunak zenbat eta aurrerago
egin, Nekane sorgin eskarmentatuari are gorago igo zaizkio bekainak
bekokiko zimurrak ugarituz eta sakonduz.
Halako batean, ordea, oharkabean bezala, erlojuari begiratu dio
sorginak eta gogoratu du hurrengo bezeroa zain izango duela laster eta
negozioa -diru zikinik gabe nora joango ginduzkean, ba?-
zaindu beharra dago. Hala, Anastasio VI Aita Saindu izendatu berriaren
ahots eta manera hanpatuen erara, gorputza arteztu eta bota du:
-Somatzen ditut arrisku handiak egiteko hori hartzen duenarentzat.
Baina, esango dizut egia, aukerak ere bai. Burutu beharrekoa esan
didazuna bada, historiako liburuetan agertuko da egingo duen balentria
eta bere izena urrezko hizkietan idatziko; hori bere alde. Dena den, eta
zure galderari zuzen erantzunez, halako misio perilos batera nik ez
nuke bidaliko... nola esan... maite dudan inor.
Diru kontuak argitu -demontre, ze garesti!- eta sorgina adeitsu
agurtuta, eskaileretan behera abiatu da, erabaki bat buruan.
On Xabier Antiak bi dei egin behar ditu berehala. Erriberara
hurbildu eta Mesedeetako Zubiaren erdian lotu da, ibaiari begira.
Ezker eskuko mahukari atzerantz eragin eta agerian utzi du eskumuturreko
telefono zaharra -ez ditu gustuko iAm Voiceren
tankerako tramankulu moderno ahalguztidunak- eta Txapu! ozen ahoskatu
eta lasterrera entzun du ahots bat belarri barneko aurikularrean:
-Bai? Esan, Nagusi!
-Norbaitengana joan zaitezen behar dut. Eta susto bat eman.
-Norainoko sustoa?
-Zerbait daki, nik esan diot oraintxe bertan. Baina ez du inork ere
gehiago jakin behar. Inork ere ez, aditu? Ezta zeuk ere, jakina.
-Nagusi, noiz egin dizut huts?
-Ez duzu jakin nahi huts egiten didazun lehenengoan zer espero behar duzun.
-Lasai, nagusi, agindua beteko dut.
On Xabierri iruditu zaio azken hitzekin batera Txapuren ttua ere
entzun duela zintzurretik behera irristatu zaionean. Gustatzen zaio
menpekoek errespetua -tira, beldurra ere bai- erakusten diotenean.
Sorginaren helbidea eman dio eta hasperen luze baten ostean bigarren
deiari ekin dio. Laburra izan da:
-Bai? -jakinminez.
-Amaiur, On Xabier naiz.
-Bai -hotz.
-Hitz egin behar dugu. Orain -aginte ahotsez.
-Zertaz hitz egin behar dugu guk? Dena dago... -asaldurari eutsiz.
-Lasai, -moztu du- Gobernuko konturik ez... Kontu garrantzit...
Tira, bi ordu barru Sabin Etxean. Eta esaiozu zure txofer horri ere
etortzeko. Sar dadila bera ere nire bulegoan.
-Baina...
-Bi ordu barru.
Eten du deia eta telefonoa deirik ez jasotzeko moduan jarri du. Pentsatu beharra dauka.
(Abuztuaren 11n jarraituko du)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: