Aldi gaiztoan (I): Badabil
Aldi gaiztoan
(Aldi guextoan jayo doa hofpe gextocoa)
Ipuin honetan agertzen diren gertakizun eta pertsonaiak autoreak asmatutakoak dira denak eta ez lukete zertan antzik izan gaur egungo inor edo ezerekin. Diot nik.
Bilbo, Sabin Etxea, 2071ko ekainaren 23a, martitzena
-Egunen batean zerbaitek emango dit -esan du bere kolkorako Audi S12 Hydro erraldoi beltz isilean Sabin Etxeko sotoko garajera jaisten den malda espiralean behera doala. Aparkatu ondoren autotik aldendu denean, argiak amatatu eta berez zarratu dira ate guztiak bip batez; hidrogenozko motorra, ordea, ez da guztiz gelditu: aire girotuak eta segurtasun eta komunikazio sistemek lanean jarraituko dute, isil eta mutu, harik eta Jon Josu Maiz, Jonjo, berriro autoratzen den arte.
Puzka sartu da igogailuan, umea zelarik txunditu zuen igogailuan. Gogoratu du, bertaratzen den ia guztietan bezala, zer sentitu zuen ume hark, igogailuan gorantz, kristalezko ate eta hormetatik jendea txikiagotzen ari zela han behean. Orduan erabaki zuen berak han egingo zuela behar. Euzkadiren alde egingo zuen lan, eta Sabin Etxean. Sabin Maisuaren etxean.
Besoan zeraman jaka jantzi du, gorbataren korapiloa estutu, kotoizko zapi zuri poltsikotik atera berria destolestu eta bekokiko izerdia eta azaleko koipea lehortu ditu. Zapia tolestu, gorde, eta irten egin da igogailutik, ateak oraintxe zabaldu baitira.
Sabin Etxeko azken solairuan artega dago On Xabier Antia, zur iluneko mahaiaren atzeko aulkian eserita. Ukondoetan bermatuta, leihotik lasai begira ari dela dirudi; gogoa, ordea, ez du bakean. Ez da ohikoa Jonjo Maiz, Lehendakarisaren txoferra, berton hartzea. Arriskutsua da, ikus litzakete.
Atea jo du. -Aurrera! -entzun duenean sartu da eta mahai atzean dagoenaren keinu doi bati jarraituz, eseri egin da.
-Ez didazu sinetsiko -esan du.
-Tira, dauzkadan urteekin gertatu zaizkidan hainbeste jakingo bazenitu, zeuk ere ez zenituzke sinestuko. Baina ez gaude horretarako orain. Esan; bota, bota behar duzuna aho zikin horretatik, luzetsita nago honezkero.
Jonjok, egia esan, aspalditik ezin zituen irentsi On Xabierren manera harroak berarekiko: okotza aurrerantz, ezpainak estu, bekainak altxatuta, goitik behera begiratzeko ohitura hura. Eta ezin zituen irentsi, bereziki, bere hagin beilegituei buruzko txantxa mespretxuzkoak. Baina irentsiko zituen, irentsi behar bazituen. Euzkadiren alde. Izan ere, Jonjo zerbitzari xumea eta baita On Xabier ahalguztiduna ere peoi soilak ziren Alderdiaren zerbitzuan.
-Badabil.
-Jarraitu.
-Denboraren makinak gainditu du lehen froga eta prest egongo da Egun Handirako.
On Xabierrek oraindik gorago eta aurrerago mugitu du baraila eta, ezpainak estu oraindik, zorrotz begiratu dio aurrean duen gizonttoari, begiak erdi itxita. Segundu bakan batzuetan ez du zirkinik egin. Azkenean hitz egin du:
-Arrazoi duzu, ez dizut sinesten.
(Abuztuaren 4an jarraituko du)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: