Aldi gaiztoan (eta X): Euzkotarren aberria

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2011-09-01 00:01




2004ko urtarrilaren 10a, zapatua


    Duela urte erdi jada garai ero honetara heldu zelarik ez zuen ikusten bere eginkizuna betetzen hasteko unea. Heldu da eguna, baina.

    Astebete dauka lana burutzeko: datorren asteburuan batzar garrantzitsu bitan emango baititu egunak: Alderdiaren buruzagitza lortu behar du, kosta ahala kosta lortu ere. Prest dauzka zehaztasun ia guztiak, falta direnak Andonik eta -batez ere- Iñigok burutuko dituzte.

    Baina orain aste honetarako zereginean murgildu beharra dauka, hona ekarri duen misioa burutzera. Egin dituen kalkuluen arabera, urtebete barru hasi beharko da hedabideetako hariak mugitzen gaur hastera doan lana urte bi barru gutxi gorabehera azaleratzen has dadin. Handik aurrera, billar partida batean bezala, ezin jakin zein bolak joko duen zein eta are gutxiago zein norabidetarantz eta zenbateko indarrez. Baina baikorra da, oraintxe hasiko duen lanaren emaitza leku egokian ezkutatu eta moldatuko da komeni den unean aurki dezaten. Eta gero gerokoak, biharamunetik aurrera zer egin ere pentsatu beharko du-eta.

    Arrastiko eguzki ahularen azken argiarekin batera heldu da. Erreka jarraitzen duen errepidean utzi du autoa, bertotik irten eta maletategitik atera ditu motxila eta behar duen tresneria guztia biltzen duen maletatxoa. Inork ikusi ez duela ziurtatu nahi izan du alde batera eta bestera begiratuz: arimarik ere ez da ageri Arabako herriska honen inguruko iluntze oskarbian.

    Zubia zeharkatu eta lan eremuko etxoletara daraman eskuineko bidea albo batera utzita, eskuinerantz jo du. Sastraka eta sasitzaren albotik egin ditu zapiehun bat metro. Heldu denean Benik eta Gorritik auskalo zelan lortu dizkioten giltzak atera eta ALMACEN / BILTEGI oker jartzen duen etxolara sartu da. Motxila lurrean pausatu ondoren linterna atera eta apaletan dautzan kutxei begiratu azkarra emanda, batzuk aukeratu ditu mahai gainean zabaltzeko. Maletatxoa ireki eta erremintak atera eta mahaian laga ditu. Sakon hartu du arnasa: hasteko ordua da.

    Ohartzen da idatziko dituen hitz soil hauek alda dezaketela -aldatu egingo dutela, dena ondo bidean- Euzkadiren geroa. Hitz hauek idatzitakoan mundu guztiak jakingo du Euskal Herria eta euskara bazirela Espainia baino lehen, maisuaren berba dontsuek arrazoi osoa zutela: Euzkotarren aberria Euzkadi da. Eta hala zen denborak berak ere ez zekiela noiztik. Eta orain denek jakingo dute aspaldiko denboretan ere euskaraz hitz egiten zela, eta idatzi, eta irakatsi.

    Konturatzen da, halaber, ekintza anonimo honekin bera ere historian ari dela sartzen eta han, etorkizun urrun hartan norbait egongo dela -Amaiur bera, besteak beste- berak egindakoaz harro.

    Burua astindu eta uxatu ditu pentsakizunok, lanerako ordua da. Puntzoia eskuan hartu eta astiro baina erabakior hasi da aurrean daukan buztin zati gorriskaren gainean banan-banan, hizkiz hizki, idazten:   EDAN      IAN      LO     VRDIN      ISAR     IESUS      IOSHE      TA      MIRIAM...



(Irailaren 5ean EPILOGOA)






Utzi iruzkina: