Alde iluna 257 hitzetan.
Ongia eta gaizkia zer diren. Horra galdera. Umeek, baina, sarri egiten dituzte horrelakoak, eta ez beti unerik egokienean; niri, adibidez, komunean nagoela egin berri didate, duela gutxi. Arratsaldean “Star Wars III” ikustera joan gara eta ez dute ondo ulertu Anakin Skywalker zergatik gaiztotu den, zergatik pasatu den alde ilunera. Azaltzen saiatu naiz –komuneko lanak amaituta- baina ez naiz gustura gelditu eta buruan geratu zait gaia inguruan orbitak egiten euli mozkor baten moduan.
Gaiztoak nola egiten diren. To galdera. Garai batean oso “progrea” zirudien gizarteari berari egoztea gaizkileak sortzea; gaizkilea, beraz, gaizkile zen ez zuelako beste erremediorik, egoerak bultzatzen zuelako... Horrela, delitugile zenbaitek izan zuen bere “epikatxoa”, hala nola El Lute, Makinavaja...
Garun barruko desorekak, umetako traumak eta enparauak ere maiz aurkeztu dira nagusitako barrabaskerien azalpen moduan. Hala entzuten da askotan bortxatzaileen kasuan eta emazteak jipoitzen dituztenen kasuan ere.
Star Wars filmean argitzen denez, Anakin daukana galtzeko beldurragatik eta ama galdu izanaren erru sentipenagatik bihurtzen da gaizto.
Arrazoi hauek guztiek ez didate balio, ordea, egunokaz azaldu dena esplikatzeko. Entzungo zenuten, nola putakume batzuek umeak bortxatzen zituzten eta gero argazkiak eta bideoak saldu. Putakumeak.
Gaitzaren diagnostikoa ezagututa jo ohi da tratamendua jartzera. Gizartea bada errudun jo duguna, bertako desorekak konpontzera jo beharko genuke gaizkilerik sor ez dadin. Ondo. Gaiztoak traumaren bat badu edo burutik sano ez badago hor dugu psikologo eta psikiatra saldoa gaisoa sendatzeko prest. Arazorik ez.
Arazoa dago erabakitzen dugunean, eta nik oraintxe bertan egin dut, delako gaizto hori putakume hutsa dela, goitik eta beheraino putakumea, alegia. Zer tratamendu klase jarriko diegu honelakoei? Erantzunak beldurra ematen dit.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: