10 urte!! (I): Bloga? Zertarako?
Zergatik hasi nintzen honetan? Laburbilduz: Inork argitaratuko ez zidakeena nik neuk argitaratzeko. Hain sinple. Artean, duela hamar urte -eta orain ere bai- erditutakoa plazaratzeko tresna ikaragarria iruditu zitzaidan bloga idaztezaleontzat. Hiru mandamendu agindu nizkion neure buruari bloga zabaldu orduko:
- Nahi nuen guztia argitaratuko nuen. Lotsa gainditu behar nuen horretarako. Eta, zer nahi duzue esatea, anonimotasunak lagundu zidan hasieran.
- Nahi ez nuen ezer ez nuen argitaratuko. Ez ninduen inork ezer argitaratzera behartuko.
- Argitaratuko nuena neuri gustatu behar zitzaidan lehenengo.
- Berrehun hitz ingurura makurtu behar nuen idatzitakoa. Komentzituta nengoen, eta banago oraindik ere, nekez amaitzen dela zerbait luzeagorik Interneten.
- Astean bitan argitaratuko nuen zerbait.
Bostetatik, gutxi asko, lehen laurak bete ditut. Bosgarrena, bistan da azkenaldion, ez. Jakina, 5. puntuak sarri egiten zuen talka 1., 2. eta 3. puntuekin. Enfin, hauxe da dagoena.
Garai hartan Xabier Mendiguren, Julen Gabiria, Patxitrapero handia, Luistxo, Ricardo Gómez… eta abarren fan handia nintzen eta euren modukoa izan nahi nuen, bakoitzak bazuelako neuretzat nahi nuen zerbait. Bazen besterik, esaterako -eta nahiz eta gazteleraz idatzi-, Javier Ortiz, ia neurrigabe miresten nuena.
Ados, hauek ziren nire erreferantziak. Baina nik, zertaz idatziko nuen? Erantzuna hurrengo kapituluan: Eta zer idatzi dut ba nik hamar urte hauetan?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: