Badakit

josu 1456149891816 Josu | 2006-11-20 01:12

Kale egin dut. Badakit. Badakit irten behar nuela deitu zenidanean. Badakit. Denbora asko daramat zure zain eta tartean behin eta berriro ikusi dut nola desio guztiak zapuztu dizkidazun. Ez nuen oraingoan berdin gertatzerik nahi. Ezingo nukeen jasan. Badakit ezingo nukeela. Beldur nintzen.
Zu ahaztu nahi zintudan. Lortzen ari nintzela uste nuen. Baina ez. Badakit ezetz. Gizakiok badugu gure ekintzak kontrolatzeko gaitasuna. Baina ekintza horien atzetik dauden sentimentuen aurka ezin dugu ezer egin, makurtu eta onartu baino. Eta, horretarako indarrik badugu, adierazi.
Merezi dituzun hitzak aurkitu behar, ordea. Eta arriskatu. Arriskatu tonto aurpegiaz geratzera. Bai, badakit... zure aurrean beti jartzen dudan tonto aurpegia...


Utzi iruzkina: