TEKNOLOGIA PLANAK (Berrian, 2007-10-28)
Datozen lauzpabost urteetarako teknologi planak aurkeztu dituzte bai Jaurlaritzak Bai Nafar Gobernuak. Bietan nabarmendu daiteke heldutasun handiagoa, berrikuntza teknologikoak izan duen eredu linealatik aldentzen diren heinean. Eredu lineal eta xinple honen arabera, -pentsamendu neoliberalak sortua, defendatua eta arlo akademikoan ia baztertua- oinarrizko ikerketatik merkaturatzera sekuentzia lineala dago eta nahikoa litzateke arrakasta lortzeko ikerketan inbertitzea, zentro teknologikoak sortzea, eta enpresetan I+G unitateak sortzea.
80. hamarkadan egindako azterketa enpirikoek erakutsi dute adaketa teknologikoaren iturriak anitzak direla, prozesua lineala izan beharrean erretroelikadura zein baldintzatze efektuak ematen direla aurrera eta atzera, eta paradigma sistemiko eta ebolutiboak hobe egokitzen zaiela errealitatearen konplexutasunari. Sare, cluster, I+G+berrikuntza, ezagutzaren ekonomia, learning ekonomia eta antzeko kontzeptuak sortzen dira. Kontzeptualizazio berri hauei egokitzen joan zaizkie aipaturiko teknologia planak. Planteamenduan bederen.
Auzketuriko plan hauei egingo zaien kritika nagusiena finantz-esfortzua nahikoa ez dela izango da. Lisboako Agendak 2010erako I+G gastuak BPGaren % 3ra iristea ezarri du helburu. Nafar Gobernuak betetzen du, aldiz, Jaurlaritzak helmuga % 2,25an uzten du. Dena den, I+G gastu hauek bai gastu pribatua bai gastu publikoa batzen dute, azken hau ziurra aurrekontuetan finkatzen delako, aldiz, gastu pribatua estimazioa baino ez da. Europear erizpideen arabera esfortzu publikoa BPGren % 1an egon beharko litzateke; Jaurlaritzaren planak BPGren % 0,9an finkatzen du esfortzu hau eta Nafar Gobernuak % 0,37an. Baina zifra hauetan tematzeak ikuspegi estua erakusten du, I+Gan diru gehiago xahutzeak automatikoki berrikuntzak sor ditzakelaren ustez. Paradigma linealaren ondarea.
Esfortzuaz gain diseinuari jarri behar zaio arreta. Badaude jarduera ildo interesgarriak, hala nola, Zaintza edota Behatoki Estrategiko sektorialak, enpresetan berrikuntzaren kultura txertatzeko ekimenak, harreman dentsitatea handitzeko lankidetza ekimenak. Baina badago sentsazioa, Jaurlaritzaren planean batipat, goi-teknologiako eremuetan (nanoteknologia, bioteknologia, energia alternatiboak, munduko ikertzaileak erakartzeko ‘Ikerbasque’ fundazioa) konzentratzen direla asmoak eta eremu horietatik kanpo dihardute euskal enpresa gehienak (makina herreminta, garraio industria, metalurgia…).
Gure herrian nagusi diren sektore hauetan berrikuntzak beste eredu batzuk darabil, neurri handian produkzio esparruko esperientziaz metaturiko ezagutza tazitoan oinarritua. Berrikuntza eta aldaketa teknologikorako iturriak ez daude I+G sailetan, edota unibertsitatean, edota zentru teknologikoetan nagusiki, hornitzaileetan eta ekoizpen langileetan baizik. Zientzian baino, learning by doing, by using eta by interacting (ekoizpena, erabilera eta harreman) iturrietan edaten dute. Baina indargune hauei etekina ateratzeko jarduera ildorik ez da proposatzen, ezagutzaren gizartea edo berrikuntzaren kulturari buruzko aipamen zehaztugabe batzuk ezik.
Berrikuntza iturri hauek ez dira formalak, ez dira sail berezietan lantzen, ez dute aurrekontu zehatzik jasotzen; baina enpresetan kontzienteki eta era planifikatuan sustatu daitezke, hala nola, egitasmo lan-taldeak, problem-solving taldeak, lan-errotazioa, kalitate zirkuloak... erabiliz. Horrek eskatzen du enpresa barruko antolaketa ereduak aldatzea, eta langileei ere berrikuntzarena ardura luzatzea kualifikazioa, autonomia, konfidantza eta egonkortasuna eskeiniz. Bide honetan filosofia “soldata altuko lanpostuak sortu, balio erantsi handiko esparrutan kokatuz” behar luke; eta tresnak, enpresa mailako lan-antolaketa eraldakuntzak eta negoziaketa kolektiboan, soldata eta lanaldiaren gaietaz gain, beste dimentsio handizale batzuk sartzea. Zaila, hala ere, enpresarien posizio eta jarrera defentsibo erosoa indartzen duen lan-arautegi hau dagoen bitartean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: