SUBIRANOTASUN FISKALA AITORTUA? (Berrian, 2008-09-21)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:46

Luxenburgoko Auzitegiak eman du bere epaia. Prentsako titularretan behin eta berriro Foru Aldundiek Espainiakoarekiko eredu fiskal ezberdindua eta propioa izateko eskubidea, -batzuek subiranotasun fiskala deitzen diotena-, onartu diela azpimarratzen da. Apirilean Espainiako Auzitegi Gorenak berdina aitortu zuen, baina ustezko subiranotasun fiskalaren mugak erakustea ahazten da etengabe. Eta horixe ñabartzera gatoz.

Lehenik eta behin, Foru Aldundien Kontzertu eta Konbenio Ekonomikoen hastapenari erreparatu behar zaio. Figura juridiko hauek XIX mendeko gerrate karlisten emaitza da, non orokorrean foru sistema deseginda geratu zen. Zergei dagokionez sistema fiskala ezaugarritzeko eta zehazteko ordurarte izandako ahalmen normatibo osoa erabat mugatua geratu zen. Konbenio Ekonomikoaren formula asmatu zen Estatu osoko erregimen amankomunera gerturatzeko bide transitorio gisa. Transizio hori egiteko lehenik izandako askatasun normatibo osoa erabat mugatua geratu zen Estatu mailako arkitektura fiskalaren ezaugarri orokorretara.

Aipaturiko muga normatibo horiek modu argian azaltzen dira legearen letran. Muga hauek izan dira bai pertsona juridiko partikularrek (zenbait enpresa, sindikatu…), bai hainbat Elkarte Autonomikoek Kontzertu Ekonomikoaren aurka egindako salaketen muina. Luxenburgok, eta lehenago Espainiako Auzitegi Gorenak, esan dute Foru Aldundiek legeak onartzen dien autonomia fiskala izatea bidezkoa dela, baina beti ere legeak ezartzen dituen mugen barnean. Ez ahalmen normatibo osoa, hainbat partikularitate barneratzeko gaitasuna baino ez ordea.

Kontzertu Ekonomikoaren 4/2002 Lege Organikoan bere 2. artikuluan dio zerga-sistema foralek Estatuko zerga-egitura orokorrari arreta jarri behar dietela eta 3. artikuluan zera dio: “Los Territorios Históricos en la elaboración de la norma tributaria se adecuarán a la Ley General Tributaria en cuanto a terminología y conceptos”. Honek praktikan esan nahi du ezinezkoa zaigula zerga bereziak asmatu, zergen egitura edo errenten sailkapena aldatu, Madrilen ondarearen gaineko zerga desegitea erabakitzen badute hemen mantentzea, edota Madrilen egiten diren zergen erreformak hemen ez aplikatzea, azken PFEZarekin gertatu berri den bezala.

Bestalde, zergen armonizazioari eskeinitako 3. artikulu horrek muga gehiago ezartzen ditu: “mantendrán una presión fiscal efectiva global equivalente a la existente en el resto del Estado”, “respetarán y garantizarán la libertad de circulación y establecimiento de las personas y la libre circulación de bienes, capitales y servicios en todo el territorio español, sin que se produzcan efectos discriminatorios, ni menoscabo de las posibilidades de competencia empresarial ni distorsión en la asignación de recursos”. Adibidez, Elkarteen gaineko Zergan tipo baxuagoa izatea enpresen mugikostasun askea eta lehiakortasuna distortsionatzen duela kontsideratu dute auzitegietako hainbat sententziek. Mezua argia da: ñabardurak sar ditzakezu zure zergetan, baina ezberdintasun txikiak edo gutxienekoak izan daitezela. Hori ez da subiranotasuna.

Ahaztu gabe ahalmen normatibo mugatu hori zerga zuzenetan soilik aurki dezakegula. Balio Erantsiaren gaineko Zergan edota lan munduko zergetan ahalmen normatiboa hutsaren parekoa da.

Europako frentea itxi omen da eta orain Estatuko frentea geratzen da. Hauxe ixteko Kontzertuaren blindajea behar da. Adieraz dezagun laburki zertan datza blindaje hau. Zergak Foru Aldundiek onartzen dituzten heinean ez dute lege indarra, araudi indarra baizik. Ondorioz, araudi hauek edozein pertsonak errekurritu ditzake bide administratiboan. Aldiz, lege indarra balu, Nafarroako Konbenioari gertatzen zaion bezala, Auzitegi Konstituzionalean soilik aurka egin ahal litzaioke eta horretarako ahalmena talde murriztuari baimentzen zaio: Espainiako Gobernua, 50 diputatu edo senatari… Lege indarra ezartzea ordea Madrilen esku dago.


Utzi iruzkina: