SINDIKATUAK JOMUGAN (berrian, 2008-06-08)
Neoliberalismoak bereak egin du.
The Financial Times-eko ekonomia-editorea den Martin Wolf-ek, neoliberalismoak
izan duen bozeramaile sutsuenetakoak, data eta guzti jarri zion heriotzari: 2008ko
martxoaren 14a. Arrazoia: Estatu Batuetako Erreserba Federalak herrialde
horretako bosgarren bankua, Bear Steams alegia,
porrotetik libratu izana, merkatuari aske jokatzen utzi beharrean.
Deutsche Bank-eko buru den Joseph Ackermanek ildo berean adierazi izan du: “ez
dut sinisten merkatuen ahalmen autosendagarrian. Deserregulazioak bere mugak topatu
ditu”. Paul Krugman ekonomilari ospetsuaren iritziz Bear Steams bankuaren
erreskatea paradigmaren aldaketa markatzen duen gertaera izan zen: merkatu
askearen paradigma da aldatu beharrekoa.
Neoliberalismoak, paradigma gisa, bereak egin du, baina inguru hauetan ez dira ezertaz jabetu. Jaurlaritzako agintariek aukeratutako Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak azken hilabeteotan bost sindikatuen aurkako bi interbentzio abian jarri ditu. Batak, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen aurka, merkatal-guneak jaiegunetan ez irekitzeko itunak izan ote diren ikertzea bilatzen du. Besteak, garraiolari autonomoen HIRU sindikatuaren aurka espedientea ireki du, prentsaurreko batetan bere afiliatuei salneurriak ehuneko bostean igotzeko gomendioa luzatu zietelako (gomendioa zetorren iaz garraio tarifak ez zirelako mugitu gasoleoak % 19,49an gora egin bitartean) . Espediente hauen emaitzak 100.000 eta 10 milioi euro bitarteko isunak izan daitezke, praktikan sindikatu batzuen desagerpena ekarriko lukeena. Aurrekaria badago: duela bi urte Bizkaiako garraiolarien patronala den Asetravi-ri 250.000 eurotako isuna jarri zion, salneurrien % 2,7ko igoera bat gomendatzeagatik.
Lehiaren Auzitegi honen aktuazioek argi erakusten dute sindikatuen aurkako jarrera bortitza. Tatcherismo gogorrenaren pareko. Sindikatuen desagerpena, otzantasuna edota menpekotasuna bilatzen da. Txantai hutsa. Auzitegi honek espedientea nori zabaldu berak erabakitzen duelako eta salneurrien praktika adostu garrantzitsuagoak nonnahi egonik, a ze kasualitatea, epe laburrean sindikatuekin tematu dira. Has daitezela esate baterako telefono konpainiekin, edota gasolindegiekin, edota farmaziekin, edota profesionalen kolegioekin, edota ekonomiako beste hainbat esparruetan ematen diren kolusioekin. Noski, horiek enpresa erraldoiak dira, eta norbaitekin ausartzekotan, ahulenarekin.
Kontzeptua bera ere oso eztabaidagarria da. Kredo neoliberaralen arabera lehia suspertzea manamendua da eta ondorioz salneurrien igoerarako gomendio kolektiboak legezkontrakoa jotzen dira. Baina, administrazio publikoak hori bera egiten du, tasak, tarifak edota zergak finkatzen dituenean. Multinazionalek ere hori egiten dute beraien dendetara salneurri berdinak markatzen dizkietenean. Multinazionalek egin dezakete, eta aldiz, norbanakoak batzen dituen elkarteak ezin. HIRU, sindikatua izan beharrean garraiolari autonomo horiek biltzen dituen enpresa izango balitz, orduan ez litzateke delitu izango, enpresek salneurria ezartzeko askatasun osoa dutelako lehiaren defentsan. Kuriosoa gutxienez.
Europako Batasunean Lehiaren Defentsarako Politika nagusitu izan da azken hamarkadetan eta horrek duela gutxirarte politika industriala ezinezkoa bilakatu zuen, egoera paradoxikoa sortuz. Estatu Batuetan, neoliberalismoaren paradisuan, estrategiko kontsideratzen diren sektore eta enpresak zuzenki laguntzen zituen Estatuak, eta ostera Europan, Ongizatearen Estatuaren azken gotorlekuan, debekatuta zegoen politika industrial sektoriala eraikitzea. Fundamentalisten koherentzia muturrekoa.
Lehia eta merkatuan
oinarritutako teologia oinarrizko eskubideen gainean kokatzen da. Askatasun
sindikala lehiaren mugetara lotuta dago. Autonomo txiki, merkatari txiki zein
langileen soldata eta lan-baldintza duinak ez dira Lehia Askearen totem sakrosantua
baino garrantzitsuagoak. Eta ez da berria, kontsumitzaileak eta langileak begiz
begi ezartzea aspaldiko praktika da, greba eskubidea neurriz haratago murriztu
nahi denean bezala. Tamalgarria, bere sindikatuak defendatzen ez dituzten agintariak
ez baitira gai gizarte-egitasmo solidario eta justuagoa eraikitzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: