PROGRESIBITATEA (Berrian, 2007-01-07)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-03-19 13:29

Duela hilabete prentsara filtratu egin zen espainiar gobernua aztertzen ari zela elektrizitatearen tarifa bi faktoreen arabera mailakatzea. Kontsumoaren arabera eta pertsonen erreta mailaren arabera. Lehen faktorea mantendu egin da eta bigarrena desagertu. Errentaren araberako tasa eta salneurri politika egiteak, errenta apalenei lagundu ahal izateko balio du. Filosofia hori iada erabiltzen da beka, garraioa eta babes ofizialeko etxebizitzen kudeaketan adibidez. Baina elektrizitatearen fakturan progresibitatearen ideia txertatzeak unibertsalki lehenbizikoz ezartzea zekarren. Eta gerora oinarrizko beste kontsumo batzuetara hedatzeko aukera, hala nola, ur kontsumoa, zaborrak, zirkulazio zerga, gasa, zerbitzuen tasa munizipalak. Arazoa, ordea, gizarte honetako errenta banaketa erreala errenta aitorpenak ze neurrirarte isladatzen duen da.

Interesgarria da ideia, gure gizartean jarduera ekonomikoak sortzen dituen desberdintasun sozial sakonak zuzentzeko ezinbestekoa delako zerga egitura progresiboa diseinatzea. Platonek zioen gizarte on batetan aberatsenaren errrentaren eta txiroenaren errentaren arteko erlazioa gehienez lautik batekoa izan behar zuela. MCCko kooperatiba batzuetan ezik, eskala hori ez da inon erabiltzen. Are, errentaren banaketan disparekotasunak handitzen joan dira azken bi hamarkadetan. Horren adierazle: 1982. urtetik hona langile kopurua 250.000tan igonik ere, Barne Produktu Gordinean soldaten pisua 14 puntu murriztu egin da, 1982an tarta osoaren % 63 suposatzen baitzuten eta 2000. urtean % 49a. Langile kopurua nabarmen igotzen bada eta banatzen diren soldaten multzoa murrizten bada, argi dago batazbesteko soldatak murriztu egiten direla eta langileen arteko disparekotasunak biderkatu egiten direla. Ulergarri bihurtzen du Hego Euskal Herrian hileko 540 euro baino gutxiago irabazten duen 380.000 langile egoteak (INEren datu ofiziala).

Arlo produktiboa ez bada gai errentaren banaketa egokia ziurtatzeko, ezinbestekoa zaio arlo publikoari neurri zuzentzaileak ezartzea. Boteretsuenen artean, zerga sistema progresiboa, hau da, gehien irabazten dutenei proportzio handiagoa eskatzen dien sistema. Horregatik elektrizitatearen adibidea da interesgarria.

Eta kontraesankorra. Bitartean, errentaren birbanaketarako dauden tresna indartsuenei, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari eta Sozietate Zergari progresibitatea ahultzen ari zaielako etengabe. Lehenik, pisua galtzen ari dira bilketa osoan, zerga erregresiboen mesedetan. Bigarrenik, nagusia den PFEZa lan errentari soilik eragiten dion zergan bilakatzen ari da, soldatapeko lanak, aitortutako errenten % 80 osatzen duen unetik. Iruzurrari oso lotua gainera, ez baita sinisgarria jarduera enpresarial eta profesionalengatik aitorturiko bataz besteko errenta %33 txikiagoa izatea soldatapekoarekin alderatuta. Hirugarrenik, kapital errentei progresibitatea guztiz kendu egin zaie azken erreforman eta %18ko tasa bakarra ezarri. Alegia, norbaitek 30.000 euro soldatapeko lanaz irabazten badu kuota 6590 eurotakoa da, aldiz burtsan edo inbertsio funtsetan irabazten badu, kuota 5400 euro. Laugarrenik, Ogasun Ahaldunek diotenaren kontra azken erreforman norbaitek irabazten badu errenta altuak dira, 20.000, 30.000, 60.000 eta 100.000ko errentek aurrezten dutena 167, 199, 572 eta 1700 euro baita hurrenez hurren. Bostgarrenik, zergaren linealtasunerantz goaz. Sortu zenean, 1978ean 25 errenta tramu bazituen eta errenta altuenentzat % 65,5eko zerga tasa maximoa, gaur egun bost tramu besterik ez du eta tasa maximoa % 45ekoa edo baxuagoa.

Laburbilduz, zerga sistemaren progresibitatea soldatapeko errentetan konzentratzen da. Alegia, hemen elkartasun fiskala erakusten duten bakarrak soldatapeko langileak dira.


Utzi iruzkina: