ONDARE-ZERGA (Berrian, 2007-12-23)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:23

Ingenieritza fiskalarako garaiak dira. Aste hauetan pertsona eta enpresa ugarik datorren urteko zerga ordianketa nola aterako zaien aurreikusten dago. Garai hauetan banketxeko bulegoan ‘etxebizitza kontua’ edota EPSVa zer den deskubritzen da. Soldatapeko langileak ez direnak eta enpresa askok ingenieritza fiskalarako ariketak edota iruzurrerako ariketak egiten daude. Dena prest utzi behar da urtea amaitu baino lehen, gero amarruak egiteko margena txikitu egiten baita.

Zergei lotuta azken notizia Ondare edo Patrimonioaren gaineko Zerga kentzeko Zapaterok egindako proposamena da. Hego Euskal Herrian badugu ahalmen normatiboa zergen inguruan, Kontzertu eta Konbenio Ekonomikoak ematen diguna. Hain da indartsua ahalmen hori, Estatuan desagertzen denean Foru Aldundiak desagertaraztera behartuta egongo direla. Baina egungo kudeatzaileek gustora baino gustorago desagerraraziko dute, aberatsek nola gutxiago ordaindu izan baita azken urteotako kezka nagusia Foru Ogasunetan, zergen erreformei erreparatzen badiogu behintzat.

Ondarearen gaineko Zergak 150.000-190.000 euro –herrialdearen arabera- baino gehiago balio dituzten ondasunak eta eskubideak (ondasun higiezinak, kontu korronteko saldoak, akzioak, aseguruak, bitxiak…) grabatzen ditu. Ohiko etxebizitza eta beste zenbait ondasun ez dira kontutan hartzen, eta zorrak oinarri ezargarria kalkulatzeko negatiboki gehitzen dira. Hau da, ondasun maila altukoei zuzendua dago, eta errentaren berbanaketarako tresna progresibotzat jotzen da.

Zerga hau kentzeko ematen den argudioa: goi klaseetan baino tarteko klaseetan omen du eragina, errenta altuek ordainketa ekiditeko bideak errez aurkitzen dituztelako. Ez dago esan beharrik kudeatzaile publikoaren eginbeharrekoa zergen ondainketa ekiditea saiesteko neurriak hartzea eta zeregin horretan zintzoki saiatzea dela. Baina ez dezagun indarra galdu ildo horretan argudiatzen. Interesgarriagoa da aitzakiaren lehen zatia.

Ez baita egia zerga hau tarteko klaskoei batipat eragiten diela. Esaterako Gipuzkoako Foru Aldundiko 2006ko Urte Txostena hartzen badugu, datu argitzaileak ikus ditzakegu:

2005ean aurkeztutako 14.131 aitorpenetatik % 62 150.000 eta 600.000 eurotako tartean daude, laurdena 600.000-1.503.000 tartean eta % 8 1.503.000 baino gehiagoko ondasunak aitortzen dituzte (1.328 pertsona Gipuzkoan). Kuriositate gisa apunte txiki bat: Estatu mailan adibidez 727 pertsona daude 10 milioitik gorako ondasunak aitortzen dituztenak. Banaketa hori ikusita egia dirudi zerga hori batez ere klase ertainetan duela eragina, klase ertaina kontsidera badaiteke 150.000-600.000 tarte hori. Baina tarte horretako pertsonek oso gutxi ordaintzen dute goi tartekoekin alderatzen badugu.

Ordaindu beharreko kuotari erreparatzen badiogu, eta ez aitortzaile kopuruari, lehenik eta behin esan dezagun zerga honen bitartez 39 miloi jaso zirela iaz Gipuzkoan. Klase ertaina kontsideratu dugun % 62 horrek ordea, sarrera guzti horien % 8a soilik ematen du. Beste muturrean, 1.328 aberats horiek, sarrera guztien % 65a. Klase ertainekoen batazbesteko kuota 365 eurokoa bada, goi klasekoena 19.384 euro, 53 aldiz handiagoa. Horrela begiratuta nabarmen egiten da zerga hau goi klaseko pertsonei zuzenduta dagoela.

Gainera zerga honetako tasa nominalak ehuneko 0,2 eta 2,5 bitartean badaude ere, bataz beste ordaintzen den tasa efektiboa ehuneko 0,46 da. Goi klasea kontsideratu dugun aitortzaileen kasuan tasa efektiboa ehuneko 0,57 da. Kuota kalkulatzerakoan erabiltzen den tasetatik, 1,3-2,5 bitartekoak, nabarmenki behera.

Hortaz, zerga hau kentzeko gezurrak esatea baino hobe lukete onartzea aberatsei zergak murriztu nahi dizkietela eta kitto.


Utzi iruzkina: