MAITASUNAREN EKONOMIA (Berrian, 06-02-12an)
Unibertsitate gehienetan erakusten den ekonomia ortodoxoaren oinarrietako bat gizabanakoen izaera guztiz arrazionalean oinarrituta dago, eta arrazionalismo hori norberekoikeriari kasu eginez mozkina eta etekina maximotzean datza. Pentsamendu honen zentruan homo economicus-a daukagu, pertsona hotz, kalkulatzaile, sentimentu gabea, guraso eta seme-alaba gabearen eredua. Indibidualismoan eta egoismoan oinarrituriko jokabide motaren gainean erikitzen da egun daukagun ekonomia ortodoxoa. Absurdora iritsita badaude hainbat Nobel saridun, Gary Becker kasu, bikoteen arteko maitasuna edota umeen izatea kalkulu ekonomiko konplikatuen bitartez adierazi nahi izan dutenak.
Pentsamolde honetan bi oinarri daude. Alde batetik, gizarte zientziak zientzia mekanizista batetara parekatzeko ametsa. Bestetik, naturako ekosistemen gaizki ulertze bat, zeinaren arabera ahazten den naturan kooperazioa gehiago azaltzen dela harraparitza baino. Oihanaren Legea gizakiaren eraikuntza baino ez baita.
Eta plano agregatu batetan beste jokabide altruista edota solidario batzuen aukera ukatu eta gutxietsi egiten dira. Hara Hayek neoliberalak zer dioen: “Lehiatzea baino lankindetzan aritzea hobe dela defendatzen duen ideiaren arrakastak, merkatuaren benetazko funtzio orientatzailearekiko ezjakitasun orokorra frogatzen du. Kooperazioa, elkartasuna bezala, kontsentsu zabala badago soilik da posible, ez bakarrik helburuetan, erabili beharreko bitartekoetan ere. Kolektibo txikietan hori posible da, baina nekez da posible egoera ezezagunetara egokitu behar denean. Etengabe berritutako lehia da, eta ez kontsentsua, gure eraginkortasuna gero eta gehiago hobetzen duena”.
Baina badaude beste ekonomilari batzuk dena salmentan dagoela eta dena salneurria duela ukatzen dutenak. Horrela Samuelson ekonomilariak adibidez, legitimatu egin zuen ekonomi analisian maitasunaren erabilera, ez eros-en esanahiarekin, agăpe-renarekin baizik, era librean, bapatean, kostu zein mozkin kalkulorik gabe adierazten den maitasun altruista.
Berez gure gizartearen eta gure ekonomiaren funtzionamendua ezin daiteke ulertu beste balore batzuk jokoan ez badaude, hala nola, elkartasuna, maitasuna, lankidetza, berbanaketa… Esate baterako etxeetan egiten den lana, asetzen diren beharrak merkatu terminoetan neurtuko bagenitu Barne Produktu Gordinaren ehuneko berrogeia baino gehiago suposatuko luke. Eta Ongizate Estatuak gure artean duen garrantzia ez litzateke ulertuko. Berdin PNUDek hazkuntza ekonomikoa eta garapen ekonomikoa erabat desberdintzen dituenean.
Hainbat ekonomilariek, hainbatek Maitasunaren Ekonomia deitzen duten pentsamolde berrian bateratzen ari omen dira. Neoklasikoen homo economicus-aren eredua baztertuz, pertsonen jokabidean motibazio ekonomikoak, ez ekonomikoak, altruistak eta emozioalak integratzen dituen eredu berria birsortuz. Ekonomia soziala izan daiteke horren adierazpen bat.
Pentsamolde guzti hauek, merkatuak arautzen duen esferatik kanpo dagoen espazioaren garrantziaz eta gizartearen ongizatean duen balioaz jabetzean egiten dute indarra. Bai Estatuak errentaren berbanaketan, behar sozialen asetzean, interes orokorreko zerbitzuen kudeaketan duen zeregina, bai gizartearen antolaketak zein ekonomia sozialak (kooperatbismoa, gobernuz kanpoko erakundeak, sindikalismoak, elkartasun sareak, asozianismoak,...) duten balioa azpimarratzen dute. Horregatik gaizki ikusten dute Bolkestein direktibak proposatzen duen oinarrizko zerbitzuen liberalizazioa eta lan baldintzen desarautze praktikoa. Bat egiten dute Otsailaren 14an Europako parlamentuan direktiba honen inguruan hasiko den eztabidaren aurkako mobilizazioak eta San Valentin eguna.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: