LURRALDE ANTOLAKETA (berrian, 2007-09-30)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-10-29 15:18

 

 

Aste gutxi barru amaituko zaie osatu berri diren udalei Nafarroa Garaiako Lurralde Antolaketa Planari (LAP) alegazioak aurkezteko epea. Plan honetan datozen hamarkadarako herrialde honetan ezarri nahi den ereduaren ezaugarriak eta gauzatze ildoak adierazten dira, eta gai anabasa biltzen du. Gaia konplexua izanda ere, eskualde zein herri araberako berezitasun ugari izanda ere, garapen ereduaren ikuspegitik hainbat aipamen orokor egin daiteke.

Administrazioetatik iristen diren plan ugaritan bezala, diagnostiko egokiak egiten dira, non ikuspegi soziala eta ekologikoa kontutan hartzen den, baina gero jarduera ildoak zehazten direnean hitz politikoki zuzenak alboratu eta aurkako garapenari bidea irekitzen zaio. Orrialde guztietan garapen jasangarria aipatu ohi da, baina esanahia bestelakoa da Abiadura Handiko Trena edo makroindustrialdeak tamainako azpiegiturak lehentasuna hartzen badute, saihestezinaren aitzakiz, eta herri txikiak ahaztuak badira. Noski alternatibak daudela, baina horiek egikaritzeak prozesu partehartzailea zabaltzea eskatzen du, galdetzeaz gain, gutxienez udalei zein eskualdeei erabakiak adosteko edo betoa jartzeko ahalmena emanez. Baina Lurralde Antolaketa era zentralizatuan egingo da, ereduaz gain, tokiko garapena aurrera eramateko baliabide eta tresnen banaketa definituz ere.

LAP honek duen hastapeneko akats nagusia eskualde naturaletatik ez direla abiatzen, eta herrialdea bost eremutan banatu ondoren, egiten diren diagnostiko agregatuek hainbat errealitate izkutatzen dutela. Nabarmeneratarikoa akaso, Pirineotako eskualdeekin gertatzen dena. Erronkari, Saraitzu, Aezkoako bailarak Agoitzekin batera biltzean ateratzen diren enplegu aldagai zein egitura produktiboak argazki desenfokatua erakusten dute eta horrek darama industri politikako neurri gehienak Agoitzen fokalizatzera. Antzekoa gertazen da Sakanako bailara Baztanetik edo Ultzamakin nahasten denean.

Azterketaren (eta segidan aktuazioaren) unitatea zein den kontutan izatea garrantzia du baldin eta tokiko garapen endogenoa suspertu, bultzatu edo indartu nahi bada. Azken finean, garapen endogenoa bideratzeko aktoreen arteko kooperazioa artikulatu beharra dagoelako eta horrek ezinbestez gertutasuna eta lurraldearekiko lotura fisiko (eta emozionala?) eskatzen baitu. Ezin daiteke garapen endogenoa oinarri duen planteamendurik aurrera eraman Iruñeako bulegoetatik zuzendua. Bulego hauen laguntza (diru-iturriak, aholkularitza, harremanak…) ezinbestekoa izango da, baina ardura eta ekimena eskualdean kokatu behar da. Cederna-Garalur-en adibidea oso argia da, eskualde batzuetan erakunde publiko hau oztopo baita tokiko garapen agentziak edo esperientziak eraikitzeko orduan. Beste adibide bat, makro-industrialdeak dira, Nafar Gobernutik inposatuak eta zeinen kudeaketan (ze jarduera mota ezarri erabakitzean esaterako) udalek ahalmenik izango ez duten. Hori garapen teledirigitua da, garapen polizentrikoaz ahoa betetzen bazaie ere.

Garapen zentralizatu honek gainera potentzialtasun endogenoak ez ditu aktibatzen, eta industri-politika pasibora mugatzen du. Zain egon, ea enpresa egitasmoren bat etortzen den. Bitartean, herri txikiei zein mendi eremuei egiten zaien proposamen bakarra turismoarena da. Elikaduduren balio katean proposamen integratua egitea noski zailagoa da. Nekazal edo abeltzain lehengaiak, manufaktura-eraldakuntza eta merkaturatzea integratuko duen egitasmo enpresariala nonbaitetik era arrakastatsuan garatu baldin badaiteke, eskualdetik baino ez da, pertsona zein enpresa ezberdinen arteko lankidetza eta konfidantza eskatzen duelako, eta hori Iruñeatik lantzea ezinezkoa da. Are gutxiago horretan sinisten ez bada, edota beste herrialdeetan dauden esperientzia arrakastatsuak ezagutzen ez badira.


Utzi iruzkina: