INDEPENDENTZIA (Berrian, 2008-07-13)
Euskal independentziaren alde egoteko arrazoi nagusienen artean ekonomikoak ez nituzke sartuko; hala ere, dudarik gabe faktore ekonomikoek independentziarako gutxieneko sustengua definitzen dute hein handi batean. Bestalde, independentziak aukerak zabal ditzake gure bizitza kalitatea hobetzeko. Zentzu honetan pozgarria da Jon Azua industria sailburu ohiak egindako adierazpenak, independentzia ekonomikoa erabat bideragarria dela azpimarratu duenean eta independentziarako azterketa ekonomikoen beharraz aritu denean.
Espainiar nazionalismoaren aldetik, eta ez bakarrik (Leizaola lehendakariak independentziaren ondorioei buruz erantzundakoak, “Cien años de pobreza” alegia, oraindik iraun dirau euskal agintari askoren buruetan), independentziak izango lituzken ondorio kaltegarriak azalarazi nahi izan da. Zeregin horretan Mikel Buesak zuzendu zuen 2004. urteko “Economía de la secesión” liburua kontsidera daiteke saiakera osotu eta landuena. Zerrendatzen diren ondorio kaltegarriak honakoak dira: jarduera ekonomikoa % 10-20 bitarteko apaltzea, 89.000 – 178.000 bitarteko lanpostu galera, zergen igoera, deslokalizazioak, gizarte-segurantza sistemaren kiebra eta abar. Baina ondorio katastrofiko horietara (katastrofikoak kontsidera baldin badaitezke) iristeko aurrebaldintza berezia jarri behar izan dute: independentzia prozesua gatazkatsua izango omen da eta Euskal Estatua Europear Batasunetik kanpo geratuko omen da.
Premisa hau, ordea, ez da euskal abertzalegoaren asmoetan sartzen, transizio baketsu, demokratiko eta europear zein bi estatuen legediak babestua hartzen baita eredutzat. Europako aduana-batasunaren barnean kokatua. Hortaz, horrelako aurebaldintzak jarri behar izateak inplizituki independentziaren bideragarritasun ekonomikoa onartzea erakusten du.
Estatus juridiko independientea lortzekotan Europear Batasuneko estatua izaten jarraitzeak garrantzia badu, gure egitura produktiboa esportaziora zuzendua baitago neurri handian, eta kontinente honetako herrialdeetara batipat. Berriro muga-zergak ezartzeak ez liguke mesederik egingo. Merkatal arlo honetan aurreikus daitezke Espainiarako esportazioetan presio politikoek zailtasunak jar ditzazketela boikot moduan; baina epe erdira aldagai ekonomikoak gailendu ohi dira. Gainera gure esportazioak Pirineosetatik gorako norabidean nagusitzen hasi ziren aspaldi. Gehiago da Espainiatik inportatzen duguna esportatzen duguna baino. Nahiz eta tentuz landu beharko den energia arloan dugun menpekotasuna.
Atzerriko inbertsioei dagokionez orain artekoarekin aldaketarik ez egotea espero daiteke. Are gehiago, lehen aipaturiko liburu horretan esatebaterako, egungo egoera gatazkatsuak inbertsio fluxu hauetan ondorio duenik baieztatu ezin daitekeela esaten bada. Deslokalizazioetan egun dagoen dinamikarekiko jauzirik ere ez litzateke logikoa gertatzea. Dena den, mesedegarria litzateke enpresetako erabaki-guneetan gure geografiari atxekimendua diotenen presentzia sendotzea.
Atal mamitsuena espainiar eta frantziar estatuekin dauden finantz-fluxuetan datza. Urte batzuetan guretzat defizitarioa izan baita eta beste urte batzuetan eman duguna baino gehiago jaso dugulako estatutik, 80. hamarkadako krisi bitartean adibidez. Dena den, bidezkoa da bakoitza bere tamainari egokitzea eta bere beharrei aurre egitea. Zeregin horretan euskal estatuaren finantz baliabideak lau bidetatik ugaritzea badago: Espainiari ordaintzen diogun kupoa eta ekarpena kenduz, zerga-sistemaren progresibotasuna berreskuratuz, iruzur fiskalari zintzoki aurre eginez eta euskal gastu eta inbertsio aurrekontua berregituratuz partida parasito batzuk desagerrarazten, hala nola, armada, polizi inflazioa eta zementuzko superinbertsio batzuk.
Independentziaren bidean arazoak, gabeziak eta gatazkak sortuko direla argi dago, baina aukerak eta onurak indartsuagoak izan daitezke gizarte-akordioetarako eremua, ongizatea eta elkartasuna sendotzearen bidetik. Hala izango ez balitz ere, kontutan izan beharko genuke, neurrian ere, independentziaren aldeko hautua ez dela batipat ekonomikoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: