IBERDROLA JOKOAN (Berrian, 2008-02-17)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:26


 

Iberdrolaren Administrazio Kontseiluak Scottish Power enpresa erostea erabaki zuenean kanpotik eta barrutik etor zitekeen erosketa arriskuei aurre egitea zuen asmotzat. Tamaina handitzerakoan eta munduko laugarren enpresa bilakatzerakoan, irenstea  zailagoa bilakatzen zuen, gutxiren esku dagoen finantza-ahalmen handiagoa behar zen heinean. Baina badirudi Florentino Perezek gidatzen duen ACS konstruktorak aurkitu duela non oinarritu: tamainaz bikoitza den Electricité de France (EDF) enpresan. Elektriken kulebroiaren bigarren denboraldia hasi da.

ACS Iberdrolako akziodun nagusia da, kapitalaren % 12,7rekin. BBK-k jarraitzen dio % 7,75arekin eta gero Valentziako Bancajak % 6arekin. ACSk aldi berean Union Fenosa elektrizitate enpresaren % 45a kontrolatzen du. Hori dela eta, erabaki ahalmenak mugatuak ditu Iberdrolan, lehia babesteko. Beti defendatu du Iberdrola eta Union Fenosaren arteko fusioa, era horretan bi enpresak gidatzeko ahalmena eskuratuko lukeelako. Eta egitasmo horrek beti jaso du Iberdrolako presidentea den Ignacio Sanchez Galanen aurkako erantzuna, baita BBKarena, zein EAJarena.

Baina ikuspegi espainolistatik begiratuta logika osoa du aireratu den operazioak. Bitxia da, duela urte bete juxtu, data hauetan ere, zurrumurru berdina zabaldu zen, efektu berdina sortuz: Iberdrolaren akzioaren balioa igotzea. Horrek mesede egiten dio ACSri, bere zatia erosteko eskatutako maileguak akzio horien balioaz bermatuta baitaude hein batean, eta ondorioz akzioa 9,1 euro azpitik kokatzen denean berme gehiago jartzera derrigortuta baitago. Hala ere, epe motzeko arrazoi hauek alboratuta badirudi gauza serioagoa dela oraingo honetan.

Betikoek Zapateroren aurka egiteko profitatu badute ere (Endesa Italiarren esku utzi ondoren, orain Iberdrola frantziarren esku utziko omen duela salatuz), Endesaren operazioarekin alderatuz ezberditasun nabarmenak ditu. Egitasmoa bada ACS-EDF bikoteak Iberdrola erostea eta ondoren pieza banatzea, -Scottish Power EDFrentzat eta Iberdrola ACSrentzat-, argi dago EDF ez dela Iberdrolaren jabe egingo. Iberdrola ACS-ren esku egonda, Union Fenosarekin bateratzea posiblea litzateke, Iberdrolak Union Fenosarekin solapamendu gutxi duelako eta elektrizitate sorkuntzan elkarren osagarri direlako. Gainera, bigarren une batetan, sinergien logikak bultzatuta Gas Natural enpresa batuz gero ezbairik gabe lehen enpresa bilakatuko litzateke. Emaitza PSOE eta PPren “campeón nacional” tesiarekin bat letorke. Noski, horrek euskal eragina ezerezean utziko luke eta egoitza soziala Bilbotik aldenduko luke. EAJri presio politikoa egiteko tresna bilaka daiteke eragiketa hau. Ikusteko dago BBKko presidentea den Irala Venezuelan auzipetzeko egunotako erabakia joko honetan beste elementu bat izango den. Aurrekaririk badago, auzitegiak erabakigarriak izan baitziren BBVAren barnean Emilio Ybarraren taldea kanporatzeko eta Argentariaren domeinua nagusitzeko. Balizko azpijokorik gabe ere, kontuan izanda bankuak zein kutxak likideziaren premian daudela, nahikoa litzateke salneurri erakargarria eskaintzea BBK alde batera makurtzeko.

Confebask, Cebek, Bizkaiako Foru Aldundia eta abar publikoki atera dira ACSren maniobra honek euskal ekonomian izan ditzakeen kalteak salatzeko, eta bide batez, gogoratzeko Iberdrolak gure ingurunean duen izaera traktore dinamizatzailea eta erabaki zentroak mantentzearen garrantzia. Eragin hauek uka ezinak baldin badira ere, ñabardura batzuk sartzea ere komenigarria da: bata, egoitza soziala Bilbon egoteak ez dakar zerga guztiak Foru Aldundiari ordaintzen dizkionik, berez Elkarteen gaineko Zerga estatu ogasunari ordaintzen dizkio; bigarrena, nahiz eta erabaki zentroa Bilbon mantendu, egia da ere balio handiko hainbat atal Madrilera eraman direla, hala nola, Iberdrola Energía Renovables, Iberdrola Inmobiliaria, edota Iberdrola campuseko unibertsitate korporatiboa, ezagutzaren kudeaketarako enpresaren bizkarrezurra izango dena.


Utzi iruzkina: