HAZKUNDEAREN MUGAK (berrian, 2008-05-11

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:37

Zer gertatuko litzateke mundu osora gure kontsumo patroiak eta ahalmenak hedatuko balira? Nonbaitetik hastearren, estatu populatuenatik has gaitezen. Txinatarrak haragi kontsumoan gure mailara iristeak (pertsonako 50kg.tik 110 kg.ra), kontutan izanda 1.300 milioi pertsona direla eta txerriki kiloa ekoiztu ahal izateko 6 kg. zereal behar direla, 468 milioi tona zereal gehiago kontsumitzea dakar, hau da, iazko produkzioa (2.109 miloi tona) %22an igotzea. Hori txinatarren txerrikiarekin bakarrik.

Oinarrizko ondasunetatik azken mendeko garapena sinbolizatu duen kotxearen kasura igaro gaitezen. Gaur egun Txinako motorizazio maila 1.000 pertsonako 20 ibilgailu azpitik dago, gurea aldiz 500 ibilgailu inguru 1.000 pertsonako. Esperientziak erakusten du ibilgailuen erosketak izugarri gora egiten duela errenta per capita 10.000 dolarretara iristen denean. Errenta maila berdineko herrialdetan ikus daiteke batazbesteko motorizazioa 200 ibilgailutan dagoela. Hots, txina 10.000 dólar per capitara iristeak ibilgailuen erabilera 10 aldiz biderkatzea ekar dezake, 234 milioi ibilgailu gehiago alegia. Epe erdian bai Txinak, bai Indiak errenta per capita maila hori lortuko duela argi dago, azken datuen arabera Txinan 6.757 dolarrekoa da. Egoera horrek bai metalezko lehengai, bai petroleo kontsumoan inpaktu izugarria ekar lezake. Energiaren Nazioarteko Agentziak dio 2010tik aurrera Txina munduko lehen petroleo kontsumitzailea bilakatuko dela eta hurrengo bi hamarkadetan izango den energia-eskariaren hazkundearen ehuneko 45aren arduradun izango dela Indiarekin batera.

Zer gertatuko litzateke 900 milioi pertsona baino gutxiagok eramaten dugun bizi moldea planetako 6500 milioi pertsonek praktikatuko balute edo ahal balute?. Hazkunde ekonomiko eredu honen muga fisikoetaz ari gara. Californian dagoen Global Footprint Network-eko hainbat ikerlariek - Mathis Wackernagel ezagunena- herrialde aberatsen kontsumo ereduak mundu osora zabaltzeko zenbat Lur planeta beharko litzateken kalkulatu dute. Burundikoa hedatuko bagenu planeta erdia beharko genuke. Estatu Batuetakoa orokortzeko aldiz, bost planeta baino gehiago. Erresuma Batukoa hiru. Burundikoa jasangarria edo iraunkorra litzateke, baina bere garapen maila oso baxua da. Nazio Batuek neurtzen duten moduan, errenta maila, bizi-itxaropena eta hezkuntza maila barneratzen dituen Giza-Garapen Indizea erabiliz alegia, Burundikoa 0’3 da eta garapen altutzat 0’8tik gora jotzen da. Eta kontraesana dago GGI altua lortzen duten herrialde guztietan beraien kontsumo ereduak orokortzeak planeta agortzen duenean. Guztietan ez, ordea. Eredu ekonomiko iraunkorra bermatzen duen eta aldi berean GGH altua erakusten duen kasu bakarra baitago: Kuba. Eztabaida daiteke Kubak bere borondatez ala behartuta erabaki duen kontsumo eredu iraunkor hori. Eztabaida daiteke kontsumo murritzara mugatzen duen markuaren barruan Burundi edo Kuba izan, ze erabaki politikoen menpe dagoen. Posiblea dela ordea erakusten du. Hori bai Kubak osasun eta hezkuntza publikoan bere BPGaren ehuneko 5’5 eta 9’8a darabil hurrenez hurren. Gure agintariek baino gehiago.

Badago hazkunde jasangarriaren teoriei alternatiba erradikalagoa “Institut d'études économiques et sociales pour la décroissance” erakundetik zabaltzen ari dena: nolabait euskaratzearren, des-hazkunde iraunkorraren tesia. Tesi honen hastapena Georgescu Roegen ekonomilarian aurki dezakegu eta oinarri nagusia ongizate hobetzeko urtero BPGa ehuneko 3 handitu beharraren ideia faltsua eta planetaren mugekin talka egiten duela da. Horren aurrean proposatzen duena zera da: balioa eta zoriona sortzen ikastea, materia ete energiaren erabilera murriztuz. Serge Latouche ekonomilari eta antropologoak dioen moduan: “Europan, Barne Pruduktu Gordina 30 aldiz biderkatu da 200 urtetan. Baina, 30 aldiz zoriontsuagoak ote gara?”.

 


Utzi iruzkina: