HAZKUNDEAREN DOGMA (Berrian, 2007-12-02)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:20

Ana Palaciosek, garaiko Atzerri Ministro espainolak, Irak-eko inbasioaren ondorioz petroleoa 30 dolarretan finkatuko zela baieztatu zuen. Une honetan, ordea, 100 dolarren inguruan dago eta zortzi urte baino lehen bikoiztu egin daitekeela uste da. Energiaren Nazioarteko Agentziaren azken txostena oso argia da: Txina eta Indiaren eraginez energiaren kontsumoa % 50 handituko da datozen bi hamarkadetan eta petroleoaren merkatuak ez du ahalmenik izango eskaera horri aurre egiteko. Bestalde, CO2ren isuria % 57 handituko da Txinan eta munduko isuria egungo mailetatik %30 gorago egonkortuko da. Britaniar gobernuak 2006an argitara emandako klima aldaketari buruzko Stern Txostenak diagnostiko larria egiten du: munduko BPGaren %1 inbertitu beharko litzateke ekonomia deskarbonizatzen, ez bada etorkizun hurbilean BPGren % 5-20 bitarteko kostua jasan nahi.

Guzti honek aspaldiko dilema sendotu egin da: munduko populazioaren seiren batek gozatzen duen bizimodua, energiaren erabilera intentsiboan oinarritzen den bizimodua alegia, humanitatearen gainontzekoak beraientzako ere nahi izatea legitimoa bada ere, ondorio ekonomiko, estrategiko eta ekologikoak garrantzitsuak ditu. Beste hitzetan, ekonomia jasangarriaren defendatzaileek salatu izan duten bezala, herrialde garatuek bizi duten eredu ekonomiko-soziala ez da baliagarria planeta osoarentzat. Giza-garapena hazkunde ekonomikoarekin parekatzen duen dogman oinarritutako eredu produktibistaren porrota gure belaunaldiak ikusiko du, ez bada eredua errotik eraldatzen, ongizatea zein giza garapena beste termino batzuetan planteatuz eta errentaren berbanaketa berdinduagoan azentua jarriz. Eta honetan sortzen da galdera: kapitalismoaren baitan iraultza hori eman al daiteke?.

Stern Txostenak berak erantzunaren arrastoa ematen du. Diagnostikoan mugimendu ekologistek defendatutako tesiak barneratzen baditu ere, egoerari aurre egiteko proposamenak ikuspegi liberalean oinarrituta daude erabat. Merkatuaren esku uzten baitu ereduaren errekonbertsioa, ingurugiroaren defentsak negoziorako aukerak irekiko dituela argudiatuz. Bestalde, Kyoton ezarritako CO2ko isurien komertzio sistema (sistema honen arabera enpresen eta estatuen artean kutsaketa eskubideak salerosi daitezke), defendatzen du, hegoaldeko estatuek gutxiago kutsatzen dutenez iparreko enpresei eta estatuei CO2 bonoak saldu ahal izango baitiete eta trukean lortutako irabaziekin beraien gizartean jasandako kalteak konpondu. Planteamendu merkantil honi eskubiko ekologismoa deitu izan zaio, ez baitu eredu energetiko garbiarenganako apostu tinko, arautu, zabal eta azkarra egiten, horrek erakunde publikoen aldetik interbentzio sakonak eta enpresen interesen aurka joatea eskatzen duelako.

Kutsaketa bonoekin komertziatu beharrean, erregai fosilen kontsumoa errotik murrizten hasi beharko litzateke, ardura gehien duten industria, etxebizitza eta garraioetatik hasita. Bidebatez energia iturri garbienganako transizioa indartu eta azkartu beharko litzateke. Kontsumoaren aldetik alternatibak egon badaude, industria kutsatzaileekiko inspekzio eta isun politika ausartagoa, energia kontsumo baxuko etxebizitzen Passivhaus eredu alemana derrigortzea eraikuntzan, garraio kolektiboak biderkatuko dituen sare osoa diseinatu pertsonen eta ondasunen mugikortasuna errotik aldatzeko (Alan Sorkey ekonomilariak proposamen interesgarriak egin ditu), errepideetan trafiko bolumena handitzeko egiten diren inbertsioak murriztu… esatebaterako. Guzti honek gure gizartea antolatzeko erabiltzen ditugun ereduak berraztertzea dakar. Administraziotik aldarrikatzen den berrikuntza sozialarako grinak badu zertan aplikatu.


Utzi iruzkina: