FUNTS SUBIRANOAK (Berrian, 2008-01-20)
Noiz kontsideratzen da herrialde bat errezesio egoera dagoela? Bere Barne Produktu Gordina bi hiruhileko segidan murrizten denean, hau da, BPGren bilakaeraren bi datu negatibo jarraian ematen direnean. Hortaz, egun urrun gaude errezesio egoeratik, hazkunde tasak ehuneko 4tik gorakoak direlako. Hori Euskal Herrian, baina inbertsore eta ekonomilari ugari dago Urtarrilak 30 dataren zain urduri, egun horretan jakitera emango baita Estatu Batuetako ekonomiaren hazkundearen tasa iazko azken hiruhilekoan. Askok tasa hori negatiboa izango dela espero du. Zantzuak hor daude: kontsumoaren beherakada, hipoteka zaborren krisiak eragindako galerak bertako banku garrantzitsuenetan (Citigroup, Morgan Stanley, Merril Lynch), azken asteeetako burtsen maldan beherakoa, etxebizitzen burbuilaren hustutzea,… Ahaztu gabe munduko lehen ekonomiak dituen egiturazko desorekak, defizit publiko eta komertzial izugarriak alegia.
Ikusteko dago nola eragingo dion balizko estatubatuar errezesioak Europari. Ikusteko dago nola finantz-krisia kutsatzen den ekonomia errealean, enpresen itxiera eta enpleguen deuseztatzea eraginez. Azken honetan euskal ekonomiak badu eskarmentu latza. 1991 urtetako krisian aurreko sei urtetan sortutako enplegu guztia galdu zelako urte bakar batean eta historiako langabezi tasa altueenak nozitu genituelako. Gure egitura produktibo industrialaren ondorio, inbertsio ondasunetan konzentratreak ziklikotasuna indartzen baitakar. Ahaztu gabe lan erreforma ezberdinek langileen kaleratzea edo kontratua berritu gabe uztea nabarmen erraztu dutela.
Estatubatuar bankuetara itzuliz, bizi duten likidezia eta kaudimen krisiari aurre egiteko kanpoan laguntza lortu behar izan dute. Hauxe Funts Subiranoen eskutik iritsi da. Funts hauek (Sovereign Wealth Funds-SWF ingelesez) hainbat gobernuek dituzten soberakinak finantz-inbertsioetara bideratzeko tresnak dira. Garrantzitsuenak petroleo eta gas ekoizleak diren herrialdetan daude: Arabiar Emirerri Batuak, Singapur, Saudi Arabia, Norvegia, Txina, Kuwait… Gobernuek, lehengaien salmentagatik eta merkatal superabitagatik metatzen dituzten dibisak inbertitzeko sortzen dituzte funts hauek. Ez dago datu zehatzik hauen tamainaz, baina adibidez Abu Dhabi Investment Authority funtsak berak bakarrik 900.000 milioi dolar biltzen dituela uste da. Ibex-35eko enpresa guztiak erosteko haina eta oraindik bigarren Telefonica bat erosteko soberan lukete. Guztien ondarea hiru bilioi dolarretan neurtu dute hainbat adituek.
Duela gutxirarte errenta finkoan
inbertitzen zuten, europear eta estatubatuar zor publikoan batipat. Orain,
ordea, burtsan jokatzen hasi dira eta enpresen kapitalean muturra sartzen. Abu
Dhabi funtsak 7.500 milio dolar inbertitu ditu Citigroupen, Singapurrekoak
9.740 milioi UBS banku suitzarrean eta beste 6.200 milioi Merril Lynchen, eta
Txinakoak 5.000 milioi Morgan Stanleyn. Eta mugimendu hauek kezka sortu dute
iparraldeko agintarien artean.
Funts hauek edozein transnazional erosteko ahalmena dute, merkatuetan izua sortzekoa ere, baita nazioarteko finantz-erakundeei itzala egiteko ahalmena ere. Dena den, kezka nagusia enpresa estrategikoen jabegoa atzerritarren esku geratzearena da. Hori dela eta, gustoko ez diren atzerriko inbertsioei aurka egiteko indarrean dauden tresna legalak gogortzeko presioak areagotzen ari dira. Estatu Batuetan, Kanadan, Errusian… Alemanian irmoki, non atzerriko inbertsore publikoen erosketak galerazteko eskuduntza eman nahi zaion gobernuari sektore estrategikoen kasuan. Baina krisi egoeretan berpizten den protekzionismoak dilema larria du, bankuak nork salbatuko ditu bestela?.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: