ETXEKO BORTIZKERIA (Berrian, 2007-07-01)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-10-29 15:14

 

Aste honetan Nazio Batuetako Etxebizitzarako Kontalari Bereziak, Miloon Kotharik, espainiar estatuko egoerari buruzko txostenaren ondorio batzuk aurreratu ditu. Nagusiena epe erdian krisi inmobiliario larria gertatu omen daiteke etxebizitzen salneurria dela eta, familien errentaren % 40tik gora mailegu hipotekarioa ordaintzera bideratzen delako. Egoera honetan interes tasen igoerak –azken bi urteotan euriborra bikoiztu egin da %4,5 arte- zailtasun zein ezintasun egoerak sor ditzake hilabeteroko kuota ordaintzerako orduan.

Errentaren zati desproportzionatu horrek kontsumorako margina murriztu egiten duenez, beldur da ez ote duen giza eskubideengan eragin zuzena izango, hala nola, hezkuntzan, elikaduran edo janztean.

Haratago joanda etxebizitza lortzeko aukerak zuzenki lotu ditu etxeko bortizkeria maila altuarekin: “Emakumeei etxebizitza lortzea horren zaila ez balitzaie bere ingurunetik aldegiteko askeago sentituko lirateke eta etxe bortizkeriaren tasa murriztuko litzateke”.

Ahaztu gabe mota honetako bortizkeriak gizarte patriarkalean indartzen diren sozializatze-ereduetan eta osagai kulturaletan oinarri dutela, familiaren arloan sortzen diren generozko menpekotasun erlazioek alde ekonomikoa ere badute. Oso lotuta emakumearen lan-munduratzeko dituen zailtasun eta diskriminazioekin (aldirokotasun tasa altuagoak, soldata baxuagoak eta bestelakoak), etxe barruko lanen banaketa erabat desorekatuarekin edota gizarte segurantzaren sistemarekin, honen izaera nagusiki kontributiboak etxean geratzen diren emakumeei babesik ez baitie eskeintzen ez bada bikote enplegatuaren bitartez (kasu nabarmenena alargunena, bikotearen heriotzak pentsioa erdiaren azpikoa bilakatzen baitu) edota aski eskasak diren laguntza sozialen bitartez. Guzti hauek senarrarekiko menpekotasun elementuak dira.

Osagai ekonomiko hori argi ikus daitezke pobreziari buruzko datuetan. Oinarrizko ondasunak asetzeko errenta muga jarrita, E.A.E.ko biztanleen artean pobreziaren arriskua lau aldiz altuagoa da emakumeen artean (% 12,3) gizonezkoen artean (% 2,9) baino. Eta egoera zibilari erreparatuta banadu edo dibortziatutakoen artean arriskua % 19ra egiten du gora.

Gizarte-zerbitzuetatik lortzen den eta Emakundeko txostenetan jasotzen den informazioa aztertuta, menpekotasun ildoak ezagutzearren, azpimagarria da tratu txarren portzentai oso altua denboran iraupen luzekoa dela, iturri horietan jasotzen diren kasuen % 40tik gora hamar urte baino gehiago iraun baitute tratu txarrek eta % 21 bost eta hamar urte bitartean. Kasuen erditik gora, tratu hauen lehen agerraldia elkarbizitzako lehen urtean ematen da. Eta nagusitzen diren egora zibilak banaduak, ezkonduak eta banatze-izapieetan dira, izatezko bikoteak eta ezkongabeak % 13 baino ez direlarik. Errenta mailari begiratuta, kasuen % 59a maila apalekoak dira eta soilik % 3 maila altuko edo ertain-altukoak. Azkenik, emakumearen lan egoerari begiratuta, % 41 lanbideduna da, % 21 etxekoandrea, % 19 etxeko zerbitzuan diharduena eta % 15 langabetua.

Datu hauek erreserba batzuekin hartu behar dira, azken funtsean gizarte-zerbitzuetara hurbildutako pertsonen ezaugarriak soilik kontutan hartzen dituelako, eta horrek esan nahi du errenta ertain-altuko kasuak azpibaloratuak izango direla laguntza pribatuko beste aukera batzuetara jotzeko ahalmenagatik, baina baita ere ixilean gordetzen diren beste hamaika kasu dagoela. Dena den, datuek argi iradokitzen dute menpekotasun egoerak baduela eragin sendoa etxeko tratu txarretan. Faktore afektibo eta konbentzionalismoek bakarrik zaila dute, esate baterako, urte mordotan pilatzen doazen tratu txarrek erakusten duten portzentai hain izugarri hori esplikatzeko.


Utzi iruzkina: