ESPAINIAR HAUEK EROTUTA DAUDE (Berrian, 2007-03-04)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-03-19 13:33

            Zentru-eskubiko espainiar nazionalista banintz asaldatuta nengoke espainiar eskubiak Endesaren kulebroian hartu duen posizionamenduagatik. PPren adierazpenak entzunda eta eskubitar komunikabide digitaletako blogetan igortzen diren argudioak irakurrita, espainolismo zaharkituena eskizofrenia egoeran dagoela esango nuke.

            Gas Naturalak Endesaren jabetza eskuratzeko akzio erosketa publikorako eskeintza publikoaren (EEP) atzean arrazoi politikoak, ekonomikoak eta teknologikoak zeuden. Gas Naturala kontrolatzen duen La Caixari mesederen bat ordaintzeaz gain, EEP horrek bi arrazoi nagusi zituen: batetik, oinarri teknologikoa, elektrizitatea sortzeko modu nagusia gasa darabilen ziklo konbinatuko zentrala bilakatzen ari baita, eta bestetik, Endesak Europako beste erosle potentzialen aurrean erakusten zuen ahultasuna, bere kapitalaren % 70a inguru akzionista txikien eta inbertsio funtsen esku burtsan mugitzen zelako, erabat murrizten zen Gas Naturala kapital horren jabe eginez eta bidebatez, Endesa-Gas Naturalaren espainolitatea ziurtatuz.

            PP oldartu egin zen eragiketa honen aurka, jarrera antikatalana aukeratuz. Eta bitartean, Endesako presidentea den Pizarrok, enpresa pribatizatu zenean Aznarrek toki horretan jarritako pertsonak, elektrika alemandar nagusiaren ateak jo zituen, ez mesedea eskatzeko, Endesa osoa saltzeko baizik. PPk jokaldi hau babestu zuen, berak agintzen duen Caja Madridek bere akzioak EONi saltzea onartu baitzuen. Ondorioa, espainiako eskubiak nahiago du enpresa elektriko nagusia alemandarrei saldu, katalanen esku geratu baino lehen. Nahiago du enpresa alemandarrak, ez bakarrik elektrika nagusiaren jabetza izatea, administrazio espainolari kanpo harremanetarako politikan eraginkorra zaion Endesak Magreb eta Latinoamerikan duen presentzia eta influentzia alemandarrei oparitzea.

            Bitarte guzti honetan, Gobernu espainolak ahalik eta oztopo gehien jarri dio EONi. Denbora irabazteko. Fruituak hor daude. Acciona akzioen % 21aren jabe da eta orain Enel italiarra beste %24aren jabe egingo da. Beste akzionista nagusiak Caja Madrid %10arekin eta Gobernu espainola % 3arekin dira. Denak ados jarriz gero, EONen asmoak porrot izango luke, akzioen erdia lortzerik ez duelako. Eta Endesaren espainolitatea mantentzen duen jokaldi bikain hau txalotu beharrean, PP berriro aurka oldartu da, EONen alde egiten, bi argudio txatxu erabiliz. Bata, Italiako gobernuak Enel enpresa kontrolatzen duen neurrian, Endesako Administrazio kontseiluan sartu omen delako, eta bestea, akzionista txikiek ezingo dutelako bere akzioa 38,75 eurotan saldu. Argudio txatxuak, Enel-ek gehienez botere politikoaren laurdena izango baitu eta EONek, ordez, erabatekoa. Akzioaren balioa 38 euro goitik egon bada ere, noiztik dira akzionista txikien interesak garrantzitsuagoak esparru energetikoan kontrola izatea baino?.

            Parregura sortzen dute espainolista ozpindu hauek. Eztabaida argudio maila hauetan jartzea ere!, jokoan dagoenean Estatu espainoleko enpresa elektrika nagusian nork aginduko duen, inbertsioak non eta zertan egingo diren, gasa erosteko estrategian Argelia edota Errusia aintzinatzen den, energia iturri berriztaileetan egin beharreko ikerketa esfortzua non kokatzen den, atzerriko inbertsio politikaren ezaugarriak, hamarkada gutxi barru erregaien hornikuntzan gabeziak sortzen direnean lehentasuna zein eremu geografikoei emango zaien, eta estatu baten politika energetikoaren norabidea eta menpekotasun maila. PPri demokraziari eraso egiteak axola ez diola argi genuen. Bere instituzioak deslegitimazio prozesuan murgiltzeko gai dela ere ikusi dugu, baina behintzat bere teilatuaren aurka harriak botatzea ekidingo liokeen botere faktikorik egotea espero zitekeen. Hobe horrelako kulebroien eraginetatik ihes egitea.


Utzi iruzkina: