ELIKAGAIEN GARESTITZEA (Berrian, 2008-04-13)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:36

Esnea, irina, ogia, arraultzak, oilakia, ardikia eta beste hainbat elikagai azken hilabeteotan nabarmenki egin dute gora salneurrietan. Azken urtean igoera tasak hiru aldiz biderkatu dira eta horrek inflazioan eragin nabarmena izan du.

Arrazoi ezberdinak daude igoera hauen atzean eta ez litzateke zuzena izango faktore bakar bati errua igortzea. Lau arrazoi nabarmenetan laburbildu daiteke gertaera honen esplikazioa. Lehenik, munduko periferian hainbat herrialdeek errenta mailan igo arabera kontsumo moldeak aldatu dituzte eta dietan beste elikagai batzuk sartzen joan dira, hala nola, haragia, arraultzak, esnekiak,… Zehazki Txina, India eta Brasiletaz ari gara. Txinan adibidez, txerrikiaren kontsumoa azken 25 urteotan ia hirukoiztu egin da, 50 kilogramo biztanleko mailara iritsi arte 2000. urtean (gure kontsumoaren erdia). Kontutan hartzen bada txerriki kilo bat lortzeko sei kilogramo zereal behar direla, pentsa zenbat igo behar izan den zerealen eskaria 1.300 milioi pertsonen txerriki kontsumoa asetzeko.

Bigarrenik, petroleoa horren garestia egoteak errentagarria bilakatu du bioerregaien ekoizpena. Honetan azukre kanabera, artoa, garia, erremolatxa erabiltzen denez, hauen eskaria nabarmen egin du gora eta horrek salneurriak bultzatu ditu.

Hirugarrenik, zerealen, haragien eta beste elikagai freskoen eskaera handitzearen aurrean, ekoizpenak ez da gai izan hauxe estaltzeko, uzta urriak jaso baitira Australian edota Argentinan. Gainera gero eta lur azalera zabalagoak bioerregaietarako erabiltzen direnez, elikadurarako eskeintza murriztu egiten da. Eskari eta eskeintzaren arteko desoreka horrek salneurriak gora bultzatzen ditu.

Laugarrenik eta azkenik, salmenta katearen egituran ematen diren konzentrazio egoerek salneurriak distortsionatzera eramaten dute. Garai batean ekoizle zuzenaren eta etxe ondoko dendaren artean bitartekari ugari baldin bazegoen, orain bitartekari kopurua murriztu egin da eta balio katean integrazio bertikala jazo da.

Integrazio bertikala, hau da, enpresa batek ekoizpen, eraldatze, merkataritza maiorista eta merkataritza minorista kontrolatzea, bi modutan egin daiteke: i) behetik gora edo ekoizpenetik kontsumorantz, hau da, nekazariek edo abeltzainek elkartzea erabakitzen dute katearen beste zati bat beraganatzeko, adibidez, gaztandegia sortzeko, barazki sukaldatuak saltzeko edota banaketa sareak sortzeko; ii) goitik behera, kontsumotik ekoizpenerantz, eredua McDonalds izan daiteke, enpresa honek jantokiez gain balioaren kate osoa kontrolatzen baitu abeltzainetatik hasita; Eroskiren pare ia-ia, honek hiltegi propioak baititu esate baterako.Lehenengo ereduan nekazari eta abeltzainek zehazten dute kate-maila bakoitzean ze marjinak geratzen diren. Bigarren ereduan aldiz, multinazionalek merkatuaren zati handia irensten duten neurrian, ahalmena dute jatorriko prezioak murrizteko eta gero saltokietan kontsumitzaileei azken salneurria igotzeko, beraien marjina zabaltzeko alegia. Ikusi besterik ez dago Nekazaritza Ministeritzaren web orrialdean txintxilikatuta dagoen Prezio Behatokian azaltzen diren datuak. Bitxia da ikustea nola azalera handiko supermerkatuetan elikagai freskoak garestiagoak diren etxe ondoko dendan baino.

Dena den, gure inguruan sortu nahi izan den alarmismoak ia funtsik ez du. Perspektiba erabiliz bi ñabardura garrantzitsu egin beharra baitago: batetik, azken hiru hamarkadetan elikagaien salneurrien igoerak inflazioaren azpitik egon dira, erlatiboki beste ondasunen parean merketuz; eta bestetik, elikadurari eskeintzen diogun errenta zatia gero eta txikiagoa da, duela berrogeitamar urte kontsumoaren %45a elikagaietara zuzentzen bazen, gaur egun %20a baino gutxiago. Elikadurari eta kalitateari benetan arreta jarriko bagenio,ordea, elikagaiei eskeini beharreko kontsumo zatia handitu egin beharko litzateke eta prezio altuagoak ordaintzeko prest egongo ginateke.


Utzi iruzkina: