EKONOMIAREN ATROFIA (Berrian, 2007-07-29)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-10-29 15:16

Lan ekonomiari buruzko kongresu  batetan parte hartu berri dut eta argigarria izan da oso gizarte zientzia honek bizi duen atrofiaren tamaina ezagutzeko.

Gizakiekin lotura duen ekonomiaren adarrik badago hauxe izan behar, baina hara nola txosten gehienak ekuazio eta eredu ekonometrikoz puztuta dauden. Sarrera eta eztabaidaren literatura orrialde bana okupatzen badute, eredu ekonometrikoak aldiz hamabi eta ondorioak orrialde bat edo asko jota bi. Sakontasun analitikoa hatz erdikoa. Hori bai, ekuazioekin ondorio liluragarrietara iristen dira: egoera ekonomiko eraginkorrena monopolio eta indar gabeko sindikatuak dituen negoziaketa kolektiboaz lor daitekela kasu; edota klasikoena, langabezia-sariak langabetuen kalterako direla lan bilaketarako gogoa apaltzen dutelako.

Ekuaziorik gabeko ponentzia aurkezterakoan behiak trenari bezala begira jartzen da entzuleria eta begiak pizten zaizkie grafikoren bat azaltzen denean soilik. Kasurik onenean ez zaituzte ulertzen. Kasurik txarrenean zientifikoa ez zarela pentsatzen dute. Txostengileren bat ikerketa kualitatiboa egiteagatik barkamena eskatzera ere iristsi da.

Eztabaidari tartea zabaltzen zaionean ez pentsa lan-politikaz, pobreziaren arrazoiez, migrazioen problematikaz, lan aldirokotasuna nola murriztu edo antzeko kontuetaz aritzen direnik, ez horixe!. Eztabaidagaiak, ea Hazard ratioa edota ‘beta’ parametroa egoki erabili den, Cobb-Douglas ekuazioaren aukera zuzena den, homozedastizitate eta normaltasun suposizioak kontrolatu egin diren, datuak sesgatuak dauden eta antzekoak dira ehuneko ia ehunean. Sutsuki tematzen dira arazo metodologiko hauetan. Ekonomilariak baino neurtzaileak dira. Neurtzeko tresnari buruz hitzegitea gustuko dute. Ikertzaile hari bezala gertatzen zaie, hainbeste garbitzen zituen bere anteojoak ez zuela ezer ikusten egun osoa eskuetan zituelako.

Ekonomilarien artean badago joera zientzi honen zientifikotasuna fisika, matematika edo kimikarekin parekatu nahi izateko. Neurtu daitekenaz soilik arduratzen dira eta eredu ekonometrikoak eraikitzen dihardute. Sarritan eredu ekonometrikoa eta datuak doitzen dituzte aurretikan lortu nahi den emaitzara. Onartzen duten diziplini arteko bakarra matematika, estatistika eta ekonometriarekin da; soziologia, psikologia, antropologiatik ihes egiten dute zikinduko dien beldur.

Ez dute enpresa bat zapalduko, ez dute sindikalistarik elkarrizketatuko (azterketa koalitatiboa da hori!), ez dira etorkinekin, gazteekin edota txiroekin izango, ez dute ongizate zerbitzuen iritzia eskatuko. Journal of Labor Economics, Economica, Oxford Bulletin of Economics and Statistics, Applied Statistics, Econometrica eta antzeko aldizkarietan murgildu, eredu batzuk atera, datu-base batzuetan aplikatu eta artikulua idatzi. Guzti hori bulegotik atera eta ordenagailua begiratzeari utzi gabe. Horixe da zientifikotasun modernoa ekonomian. Mundu akademikoan horretarako joera gero eta indartsuagoa da, eredu ekonometrikoetan oinarrituriko idatziak Estatu Batuetako aldizkarietan argitaratzea posible delako eta gisa honetako ikerketak biltzen dituzten aldizkariek inpaktu-faktore (ustezko garrantzi zientifikoa neurtzeko erabiltzen dena) altuenak dituztelako. Gainera Unibertsitatearen kalitatea kontrolatzen omen dituzten agentziak (ANECA edo UNIQUAL esaterako) ikertzaileen maila inpaktu-faktore horien arabera erabakitzen badute (soldatetan eragin zuzenaz), ongi ulertzen da nola zientzia egiteko molde hau berrelikatzen den.

Esan ohi da ekonomiako Nobel saria lortzeko modurik errezena matematikaria izan eta ekonomiako gaietan murgiltzea dela. Akaso hauxe da matematikarien mendekua Alfred Nobel-ek beraientzako saria ez erabakitzeagatik; txutxu-mutxuek diote Alfred-en emaztearen maitalea matematikaria zelako.


Utzi iruzkina: