DATU MAKROEKONOMIKOEK EZKUTATZEN DUTENA (Berrian 06/04/09)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2006-11-28 16:33

            Onartu behar dut haseran sineskaitza edo gehiegizkoa iruditu zitzaidala Elkartzen elkarteak Euskal Herrian 900.000 pertsona pobreziaren mugaren azpitik daudela argitara eman zuenean. Gerora beraien web orrialdean txosten osoa irakurrita beste kalifikatzaile batzuk erabili beharrean nago, errealitate asaldagarriarena adibidez. Datu horiek ongi justifikatuak daudelako eta kopuruak euskal populazioaren herena suposatzen duelako.

            Elkartzen-ek zera dio: Euskal Herrian 900.000 pertsona hilabetero 804 euro baino gutxiago irabazten dute. 804 eurotako muga hau pertsonako errentaren batazbestekoaren erdia da eta horixe izan da herrialde garatuetan pobrezia neurtzeko metodo sintetiko erabiliena. Gaur eguneko ikerketetan pobreziaren kontzepzio erlatiboa nagusitu da, oinarrizko beharrei aurre egiteko errentaren mugan soilik arreta jarri gabe, inguratzen gaituen gizartearen bizitza mailarekin alderatzen duena. Muturreko pobreziaren kontzeptuak batazbesteko errentaren laurdenan jartzen du muga, hots, hilabetero 402 euro baino gutxiago irabazten dutenak. Ehun mila pertsonetik gertu dago muturrekoen kopurua.

            Datu hauek bateragarriak dira beste zifra ofizial batzuekin, esatebaterako Estatu espainoleko Estatistika Institutoak ezagutzera eman berri dituenekin. Alegia, Hego Euskal Herrian 1.062.300 pertsonek hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituzte edota 380.000 langile Gutxieneko Soldata  baino gutxiago irabazten dute, hots, hilabetero 631 euro baino gutxiago –aparteko ordainsari bi barne-.

            Azken hamarkadetako pobreziaren bilakaerari errepasoa eginez paradoxa harrigarria azaltzen da. Laurogeigarren hamarkadan, krisiaren hamarkadan, langabeziaren hamarkadan, pobrezia gutxitu egin zela erakusten dute estitistikek. Aldiz, 90. hamarkadan, aspaldiko partez hazkuntza ekonomiko jarraiako garaian, amestezina zirudien arren langabezia europear batazbestekoaren azpitik geratu denean, pobrezia mantendu edota pentsa zitekeen baino askoz ere gutxiago murriztu egin da.

            Caritas-ek urteroko txostenetan aspalditik azpimarratu izan du enplegua izateak ez duela dagoeneko pobreziaren arriskua ekiditen. Aipaturiko paradoxan argi azaltzen da zenbaiteraino aldagai makroekonomikoek izkutatzen dituzten desberdintzazko errealitate sozial eta ekonomikoak.

Paradoxa horren argibidea erraza da. Lehen hamarkadan bilakaera makroekonomikoaz gain beste fenomeno batzuk gertatu ziren, hala nola, prestazio sozialen estaldura hobetzea eta hedatzea, edota pertsonaren gaineko zerga sistemaren progresibitatea handitzea. Aldiz bigarren hamarkadan, lan merkatuaren malgutze politikek aldirikotasun tasa herrialde garatuenen altuena bilakatu dute, enplegu-langabezi errotazio fenomenoa adin helduagoetara barreiatu da, lan konbeniotik kanpo geratzen den langile kopurua handiagotzen ari da, zerga sistemaren progresibitatea ahultzen ari da -BEZaren bitartez jasotzen dena zerga zuzenen bitartez jasotzen dena baino gehiago den unetik edota PFEZan zerga-tramoak murrizten dituztenean sinplifikazioaren aitzakiz (taula batetan non kokatzen garen ez asmatzeko bezain arloteak garela pentsatuko ote dute politikari hauek?)-, eta laguntza sozialen estaldura murrizten joan da. Egia da prestazio ez-kontributiboak hobetzen joan direla, baina Gutxieneko Soldataren azpitik kokatzen dira oraindik eta beharrak asetzen ez dituen aurrekontu mugatura lotuta daude kasu esanguratsuetan.

Kontutan hartzekoa da zenbateko espazioa jaso duen gai honek egunkarietan. Endesa-Gas Natural-E.On saltsarekin adibidez konparatuta hutsaren parekoa. Eta bitartean hor gaude burtsaren kasinoari arreta kendu gabe. Errealitate deseroso batzuei begirada ukatzeagatik?. Pobreen burtsa sortu beharko litzateke?. Egunkari orrialde bat betetzeko adinako neurgailu zein kotizazio badago bederen.

 


Utzi iruzkina: