ARTOA, HIDROGENOA ETA URANIOA (I) (Berrian, 2007-04-08)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-10-29 15:03

Itsusia, txintxoa eta maltzurra. Egunotan petroleoaren ordezkari izateko postulatzen diren protagonistak. Adituek diote hamar urte baino lehen petroleoaren ekoizpenaren gailurra gertatuko dela eta asko jota hiru hamarkadetan akabo direla errefinatu ahal izateko kalitate askiko petroleo erreserbak. Gasari buruz berdin diot, nahiz honi hogei urtetan igotzen dioten bizitza esperantza.

Guzti honek egitura produktibo osoa aldaraztera eramango du erregaien erabilera ordezkatzearren. Baita gure bizimoduan eta kontsumo patroietan ere. Elektrizitatearekiko menpekotasuna handituz joango baita, gure sukaldean ikus dezakegun fenomeno baten jarraipen gisa. Elektrizitatea, bainan, sortu egin beharra dago eta hortan datza etorkizuneko gakoetako bat, alegia, nola sortu. Bigarren gakoa: elektrizitatea gordetzerik ez dago eta sortu bezain pronto kontsumitu behar da. Horregatik gaude guztiok generadore batzuetara konektatuta tentsio altuko dorreen bitartez. Baina kotxeek, autobusek, itsasontziek, abioiek ezin dute konektatuta egon, eta derrigorrez gasolina edo gasoleoaren ordezkari premian daude.

Elektrizitatea nondik sortu?. Une honetan gasa darabilten ziklo konbinatuko zentralak gainditzen ari dira teknologia nagusi gisa. Eta honek esplikatzen du hein handi batetan gasista eta elektriken arteko fusio dinamikak, Endesa ingurukoa kasu. Euskal Herrian nozitu dugu teknologia honen suspertzea Zornotzan eta Kastejonen ditugun zentralen bidez. Baina gasa ere amaituko da eta bitartean menpekotasun erlazioak sortzen ditu hornitzaileekiko, are Errusia, Iran, Venezuela, Algeria eta Qatar hornitzaile nagusiek (munduko erreserben % 70aren jabe) merkatua kontrolatzeko elkartea sortu nahi dutenean petroleokoaren antzera. Hortaz bi aterabide daude mahaian: iturri berriztagarriak eta energia nuklearra. Azken hau babesleak irabazten ari da, baita ekologismoaren mundutik ahots batzuena ere. Baina hiru arazo nagusi planteatzen ditu: ondakin erradiaktiboekin zer egin, uranioa ere amaituko da eta azkenik, betiko segurtasun arazoak biderkatu egin daitezke gatazka armatuek jantzi dituzten forma berrien ondorioz .Iturri berriztagarriek ez dituzten arazoak.

Energia berriztagarrietan hiru teknologia mota nagusituko omen dira: energia eolikoa, teknologia foltovoltaikoa eta energia termosolarra. Hirurek elektrizitatea sortzeko balio dute. Eta aukerak sendoak dira. Nazio Batuetako eta Europar Batasuneko hainbat txostenek diote energia hauek egungo munduko energia kontsumo osoaren halako hiruzpalau estali dezaketela. Arazoak bi dira ordea: garestitasuna eta bere izaera intermitenteak sortzen duen fidagarritasun eza.

Kosteari dagokionez, elektrizitate merkeena eolikoa da, are merkeagoa ohiko energia iturriek jasotako dirulaguntzak eta sortutako ingurugiro eta osasun kalteak barneratzen baditugu ekuazioan. Teknologia fotovoltaikoa oinarritzen den silizioko plakak garestiak dira eta errendimendu baxua dute, baina adituek bigarren belaunaldi teknologikoaren etorrera aurreratzen dute beste plaka eraginkorragoen bidetik. Teknologia termosolarrak, nagusiki forma zilindroparabolikoa duten ispilu konzentratzaileen bitartez eguzkiaren beroa xurgatuz elektrizitatea sortzen duenak, etorkizun arrakastatsuena duen teknologia omen da. Energiaren arloan inbertsioak iturri hauetan du proiekzio nagusia, eta 2004. urtean 30.000 milioi dolarrekoa izanik ere (ohiko energiatan 150.000 milioi), igoerarako joera nabarmena du eta hamar urte baino lehen 170.000 milioi izatea espero da.

Bestalde, egia da energia iturri hau aldizkakoa dela, eguzkitsua dagoenean baino sortu daitekela elektrizitatea. Hala ere, ezin da ahaztu iturri ezberdinen arteko osagarritasuna. Eolikoa, geotermikoa eta hidraulikoa ere kontutan izanez gero hornikuntza uniformeagoa lor daiteke. Gainera, energia berriztagarria metatzeko alternatiba garatzen ari da: hidrogenoa. Hurrengo zutabetxorako gaia.


Utzi iruzkina: