ARTOA, HIDROGENOA ETA URANIOA (eta II) (Berrian, 2007-04-15)
Garraioek duten erregai fosilekiko menpekotasuna larria da. Petroleora bideratutako munduko kontsumoaren % 20a garraioek egiten dute. Energia berriztagarriek arlo honetan ezin dute hornikuntzarik egin, elektrizitatea sortu bezain pronto kontsumitu behar delako eta kotxeak ezin daitezkelako entxufatuta erabili.
Menpekotasun hori arintzearren biogasolinaren aukera indartzen ari da. Bioerregai hauek artoa, azukre-kanabera, erremolatxa eta beste landare batzuen bitartez sortzen dira. Europar Batasunak helburu gisa ezarria du 2020. urterako automozioan erabiltzen den erregaien % 10a nekazaritzan izatea abiaburu. Berdin Estatu Batuetan 2010erako. Bushek martsoaren lehen hamabostaldian Latinoamerikan egin berri duen bidaian bioetanolaren ekoizpena eta hornidura ziurtatzeko akordioak sinatu ditu. Garrantzitsuena Brasilekin, honek azukre-kanaberarako darabilen landen erdia etanola ekoizteko erabiltzen baitu. Hainbat komunikabidek diote Bushen xedea Etanolaren LPEEa (OPEP) sortzea dela.
Agroerregaiek ordea hainbat arazo sozial, ekonomiko eta ekologikoak sortzen ditu. Lehenik ez du CO2-ren isuria ekiditen eta ingurugiroari kaltea handiagoa dagio elikagaietarako baino trasngeniko eta pestizida gehiago baliatzen delako. Bigarrenik, sozialki jasanezina da herrialde pobreetan lur eremu handiak ondasun hau ekoiztera bideratzea elikagaietan gabezi handiak daudenean. Mexikon iada istiluak sortu dira taloaren oinarri den artoaren prezioak nabarmen gora egin duelako. Argiago esanda, kotxe baten depositua behin betetzeko beharrezkoa den zereala pertsona bat urte betez elikatzeko hainakoa da. Eta gainera agroerregai hauen ahalmen energetikoa gasolinena baino % 25-30 baxuagoa da.
Alternatiba, antza, hidrogenoa da. Hidrogenoa oxigenoarekin elkartzen denean ura sortzeko energia askatzen du eta energia mota honen ahalmena gasolinaren ia hirukoitza ei da. Hidrogenoa naturan dagoen elementu ugariena da, baina ez da era askean topatzen eta ondorioz prozesu fisiko eta kimikoak erabili behar dira isolatzeko. Une honetan gehien erabiltzen den metodoa gasa edo ikatzan datza, baina epe luzerako arazoak mantentzen ditu, alegia, lehengaia amaitu egingo dela eta CO2-a isurtzen duela. Arazo hauek gabe, elektrolisia da metodo erosoena, elektrizitatearen bitartez ura oxigenoan eta hidrogenoan deskonposatzea, batxilergoan edozein eskolan egiten den prozesua hain zuzen. Ideia, uratik abiatuta energia berriztagarriek sorturiko elektrizizateaz hidrogenoa lortu eta gordetzea da. Azken hitz honek adierazten du hidrogenoaren abantaila: elektrizitatea ez bezala hauxe gorde egin daiteke. Ezaugarri honek ahalbideratzen du eguzkian oinarrituriko iturri berriztagarriek duten izaera ziklikoa leuntzea eta auto, abioi eta itsasontziei energi iturri autonomoa eskeintzea. Hidrogenoaren bitartez pilak beteko lirateke eta kotxeeetan oxigenoarekin konbinatuz energia isuriko lukete eta hondakin bakarra ura.
Teknologia hau dagoeneko egon badago, Shell, BP, Siemens, BMW, Daimler-Chrysler, General Motors, Ford, Toyota, Nissan bezalako multinazionalak azken hamarkadan inbertsio garrantzitsuak egin dituzte. Arazo ugariak baitaude gainditzeko, hala nola, hidrogenoaren eta pilen ekoizpenean kostuak murriztu, hidrogenoa metatzeko eta bere dentsitate baxua kontutan izanik konzentratzeko teknologia egokiak asmatu, hidrogenoaren erabileran segurtasuna hobetu, oso sukoia baita, eta gasolindegien moduko banaketa azpiegiturak eraiki.
Urrats instizionalak ere ematen hasiak dira. 2003.urtean Hidrogenoaren Ekonomiarako Nazioarteko Elkartea sortu zen eta 2004ko urtarrilean Hidrogenoaren eta Erregai-pilen Europear Plataforma Teknologikoa, non petrolearen, energiaren eta autogintzako enpresa nagusiek parte hartzen ari diren. Japonen esatebaterako inbertsio publikoa 2005erako 260 milioi eurokoa izan zen. 235 milioi eurokoa Estatu Batuetan. Eta Europear Batasunean erdia. Hala ere, ikustear dago botere egiturak nola joango diren egokitzen transizio honetan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: