IRUDIEN FORMATUA

joritz 1456149230089 aupa ni ta nitarrak¡¡¡ | 2010-12-13 15:11

Irudien formatuak

1. Formatu bektorialak eta biten mapa

Atal honetan, kamera digitalek eta zenbait software motak erabiltzen dituzten ohiko formatuen berri emango dugu.

Irudi digitalak biten mapak edo bektorialak izan daitezke.

1.1 Irudi motak: bektorialak

Irudi bektorialak grafikoak dira, eta elementu geometriko bektorialen bitartez egindako kurbetan eta lerroetan oinarrituta daude. Irudi bektorialen abantaila handiena da ez dutela bereizmenik galtzen, irudiok handitu egiten baitira. Asko erabiltzen da errotulazio-lanetan, errotuluak egiteko, ikonoak marrazteko, marrazkiak egiteko, enpresa-logotipoak sortzeko, eta abar. Halako irudiak pisu gutxiko artxibo informatikoak dira.





1.2 Biten mapa

Irudien artxiboak gordetzeko bi modu daude: biten mapa eta pixelen mosaikoa. Pixel bakoitzak irudiaren zati guztien koloreari buruzko informazioa gordetzen du.

Halako irudiak sortzen dituzte, hain zuzen, eskanerrek eta argazki-kamera digitalek. Mota horretako artxiboek irudi bektorialek baino askoz ere memoria handiagoa behar dute.

Irudia asko handitzen denean, distortsioa sortzen da, eta irudiak “pixel” mosaikoaren itxura hartzen du. Gainera, koloreak hondatu egiten dira, eta pixelazio efektua eragiten du horrek (irudi digitalaren atalean definitu dugu hori); argazkia oso desitxuratzen da. Hori da halako artxiboen desabantaila nagusia.

Goiko irudiaren zati bat asko handituz gero, forma pixelatua ikusiko dugu. Hori da, hain zuzen ere, biten mapa bat.

2. Artxibo digitalak konprimitzea

Mota askoko artxibo digitalak daude. Batzuek kalitatea galtzen dute, eta besteek ez.

Bereizmena eta kalitatea galarazten ez duten formatuak

Kamera digitalek irudiaren artxiboa jatorrizko egoeran gordetzen duen formatua erabiltzen dute. Ez dago inolako konpresiorik, eta artxiboak kalitate maximoari eusten dio, irudia hartu zen uneko kalitate berari, hain zuzen. RAW eta TIFF formatuak aipa daitezke.

Kalitaterik galtzen ez duten beste zenbait formatu ere badira: BMP, EPS, PSD, PNG

Kalitatea galtzea eragiten duten formatuak

Irudi eta artxibo digitaletan, beharrezkoa ez duten informazioa ezabatzen duten artxiboen formatuak ere badaude. Kalitate pixka bat galtzen dute, baina fitxategi txikiagoak lortzen dira (memoria txikiagoa behar dute), eta errazago erabil daitezke.

Formatu horietako batzuk dira: JPEG, GIF (GIF-ak kalitatea galtzen du jatorrizko irudiak 256 kolore baino gehiago baldin badauzka. Irudia gordetzerakoan GIF moduan 256 kolorera pasatu egin behar du, eta hor kalitatea galtzen da)

3. Irudien formatu ohikoenen laburpena

Formatu ohikoenak aipatuko ditugu.

Gif :

Doakoa da (http://www.freesoftwaremagazine.com/node/1772 , http://tec.fresqui.com/gif-libre-de-patentes). Biziduna izan daiteke, eta eremu gardenak izan ditzake. Nahiko ongi konprimituta dago. Sarerako balio du. Ez du kalitate handirik, eta 256 kolore baino gutxiago onartzen ditu. Asko erabiltzen da logotipoak egiteko.

Png:

Doakoa da. Edozein programatan sar daiteke.

Jpg:

Doakoa da. Ezin da biziduna izan, eta ez du eremu gardenik izaten.

Tif:

Asko erabiltzen den formatua da, Windowsek eta Mac-ek sortua baita. Batik bat inprimategietan erabiltzen da.

Psd:

Photoshop-en jatorrizko formatua.

Xcf: 

Gimp-en jatorrizko formatua (ikastaro honetan azalduko dugu). Gimp-en bidez irudi bat, konposizio bat edo dena delakoa –geruzak eta halakoak dituen edozer gauza– sortzen dugunean, XCF formatuan gorde behar da. Hala, dokumentu hori ireki eta harekin lanean jarrai dezakegu, ezer ere galdu gabe.

Demagun psd edo xcf formatua duen irudi bat Open Office Writer-en edo antzeko beste batean jarri nahi dugula. Zer egingo dugu? Zuzenean egitea ezinezkoa da. Lehenik, irudia png, jpg edo gif formatuan jarri beharko dugu (harekin lanean jarraitu nahi badugu, jatorrizko formatua ere gorde egingo dugu, aldez aurretik).

Formatuen laburpena

Formatua

Konpresioa

Sarea

Alfa (gardentasuna)

Kalitatea

Koloreak

bmp

ez

ez

ez

bai

+256

jpg

bai

bai

ez

bai

+256

gif

bai

bai

bai (*)

ez

-256

png

bai

bai

bai

bai

+256

psd

ez

ez

bai

bai

+256

xcf

ez

ez

si



(*): Gif formatuaren gardentasuna: Gif formatuaren gardentasuna oso murriztuta dago (guztiz gardena edo guztiz  opakua) . Ez dauka benetazko alfa kanal bat (PNG-k daukan bezela)

Formaturik osoena PNG da; haren gardentasuna hobea da.

4. Irudien tamaina eta kalitatea

Irudia landu egin behar da, irudi hori dagokion lekuan –pantaila, inprimatze normala, inprimategia– behar bezala egokitu dadin.

Irudien bereizmena

Irudiak zer xehetasun maila izango duen adierazten du irudiaren bereizmenak.

Oro har, honako irizpide hau hartzen da kontuan: zabalera x altuera (zenbat pixel dituen lerroetan eta zenbat zutabeetan).

Adibidea: 800x600: 800 zabaleran eta 600 altueran.

Inprimatzeko bereizmena

Inprimatzeko bereizmena ere kontuan izan beharko dugu; alegia, hazbete bakoitzeko zenbat pixel inprimatu nahi ditugun. Oro har, zenbat eta pixel gutxiago hazbete bakoitzeko, orduan eta kalitate kaxkarragoa lortuko dugu.

Irudiak non jarriko ditugun pentsatu behar dugu. Inprimatzeko bereizmena ez da bera, esate baterako, inprimagailu arrunt batean edo inprimategian inprimatzeko ohar batzuen kasuan.

Irudiak pantailan ikusteko edo inprimatzeko erabil daitezke.

  • Lor daitekeen bereizmen handiena: 300ppp (300 pixel hazbete koadroko). Inprimategirako balio egokia.

  • Bereizmen onargarria: 200ppp-tik gorakoa (inprimagailu arruntetan inprimatzeko).

  • Irudia pantailan eta interneten erakusteko bada, nahikoa da 72ppp-ko bereizmena.

Sarri egiten dugun akatsa

Erosi berri dugun argazki-kamera ikaragarriarekin argazki bat atera dugu (10 megakoa, adibidez), eta Open Office (OOoo) Writer-en sartu dugu zuzenean. Irudia ireki, eta lortu nahi dugun tamaina lortu arte handitzen dugu. A ZE ASTAKERIA!!! 

Irudia txikia da, baina irudia eskalatu egin dugu, eta hori ez da egin behar. Hasieran bezainbesteko lekua hartuko du (kameratik atera dugunean bezainbeste); ez dugu irudia optimizatu, gero irudi hori dagokion lekuan jartzeko. Horren ondorioz, dokumentuak oso astunak izaten dira, eta arazoak ematen dituzte.

Irtenbidea: Hasteko, irudiak editatzeko programa batean (Gimp, esaterako) landu behar da irudia, haren tamaina eta bereizmena murrizteko. Horren ondoren sartuko dugu irudia testu-prozesadorean edo behar dugun lekuan.

5. Kolore mota

Bi kolore motaren inguruan hitz egingo dugu: RGB eta CMYK.

Irudia non jarri nahi dugun, kolore mota bat edo bestea emango diogu irudiari.

Irudia pantailan jartzeko bada (esaterako, aurkezpen batean diapositiba gisa jartzen badugu edo, norbaitek ikus dezan, posta elektronikoz bidaltzen badugu), RGB kolore mota aukeratuko dugu.

Baina, irudia inprimategian inprimatzeko bada, CMYK (cyan Magente Yellow Black) kolore mota aukeratuko dugu, inprimategietako inprimagailuek xafla bereziak izaten baitituzte kolore bakoitzarentzat.


Utzi iruzkina: