Landaburu, erbestea eta gaur egun: Leyre Arrieta historialariarekin izandako solasaldiaren lau gako
Euskal Politiken azken saioan Leyre Arrieta Alberdi historialari mutrikuarra izan dugu gonbidatu. Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria da, eta euskal abertzaletasuna eta erbestea ditu ikergai nagusi. Francisco Javier Landabururen biografiaren egilea ere bada. Ordu eta erdiz aritu gara berarekin, lasai eta gidoirik gabe, eta solasaldiak hainbeste eman zuenez, hemen lau gakotan laburtu nahi izan dut.
1. Gutxi ezagutzen dugun politikaria

Frantzisko Jabier Landaburu arabarra zen eta giro kontserbadore batean hazi zen. Euskal kulturarekiko maitasunak eraman zuen abertzaletasunera, eta Eusko Ikaskuntzaren Arabako sekzioaren sortzaileetako bat izan zen. Gerraren ondoren denbora luzez bere etxean ezkutatuta egon zen, zulo batean, Alava sareak muga zeharkatzen lagundu zion arte. Bizitza osoa Parisen eman zuen, Eusko Jaurlaritzaren kanpo politikaz arduratuta, eta Agirre hil ondoren lehendakariorde izendatu zuten. Leyreren ustez, erbesteko euskal politikari garrantzitsuenetako bat izan zen, nahiz eta gaur gutxik ezagutzen duten.
2. Belaunaldi baten arrazoiak liburu batean

1956an La causa del pueblo vasco argitaratu zuen. Garai hartan gazte abertzale batzuk Jaurlaritzaren jarduna kritikatzen hasiak ziren. Agirre eta Landaburu haiekin bildu ziren, eta beren belaunaldiak zergatik jokatu zuen jokatu zuen bezala azaltzea erabaki zuten. Liburuaren oinarrian hiru bikote daude: kristautasuna eta demokrazia, nazioa eta estatua, eta federalismoa eta europazaletasuna.
3. Pobrezian gordetako legitimitatea
Erbestea ez zen erraza izan. Kontseilari batek garbitzaile batek baino gutxiago irabazten zuen. Hala ere, erakundea bizirik mantendu zuten, Europako foroetan presente egon ziren, askotan behatzaile soil gisa, eta Errepublikaren legitimitatea gorde zuten. Leyreren iritziz, gaurko autogobernua neurri handi batean horri zor diogu: demokrazia iritsi zenean ez zen zerotik hasi behar izan.
4. Historia, gaur pentsatzeko
Solasaldiaren azken zatia gaur egunari begira egon zen. Deustun Historia gradua desagertu da, eta ikasleek hutsune handiak dituzte. Leyrek uste du historia ez dela buruz ikasteko, pentsatzeko baizik. Haren ustez, belaunaldi hark utzitako balioak altxor bat dira: koherentzia, komunitatearekiko konpromisoa, justizia soziala eta humanismoa. Populismoaren garai honetan inoiz baino beharrezkoagoak direla dio.
Saioaren amaieran Leyrek bere azken proiektua aurkeztu zuen: Pedro Arruperen aztarnen atzetik egindako dokumentala. Zinemaldirako hautatu zuten, eta azaroaren 23an estreinatuko da Bilbon, BBK aretoan.
Laburpen honek gaiaren zati bat baino ez du jasotzen. Gaurko euskal politika nondik datorren ulertu nahi baduzu, merezi du solasaldi osoa ikustea. Eta gustatzen bazaizu, harpidetu Euskal Politiken YouTube kanalera.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: