FRANZ JOSEPH HAYDN-EN SOKA KOARTETOEN GANEAN ZENBAIT GOGOETA
FRANZ JOSEPH HAYDN ETA SOKA KOARTETOA
Haydn-en soka-koartetoen gaineko zenbait gogoeta xume
Franz Joseph Haydn bere garaian oso ezaguna izan zen Europa osoan barrena, Johann Sebastian Bach ez bezala. Bere musika eta estiloa belarri guztietara samur heltzen zen, berezko abildadea baitzuen gizarte maila guztietako gustu eta musika-sentsibilitate mota guztiak asetzeko. Esan dugun bezala, Bach-en musika motaren aldean Haydn-ena Espainiako erresumatik Errusiar inperioraino ezaguna izan zen ,-Bach eta bere musika, bere garaian, bere lagun eta ugazaben artean baino ez baitzen ezaguna izan-. Fenomeno edo gertaera hori, hots, Haydn bezalako musikari bat Europa bezalako kontinente batean zehar hain ezaguna izatea, -noiz eta bere garaian , hain zuzen-, ordura arteko gauza ezohikoa zen, ezen Rohrau an der Leitha-ko maisuaren garaiera arte ez baitzen lehenago inolako musikariarekin holakorik eman. Beraz, geure Franz Joseph ez esan genezake, nazioarteko mugez gaindi , Europako gustu musikala bere musika motaren inguruan lehenengoz batu egin zuena izan zela.
Ezagun izanaren zerrendan, bazeuden aita Haydn-en aurretiko konpositore eta musikari ezagunak ere oso. Eta haiek hilez geroztik ere, beraien lorratzak eta ospeak bizirik iraun zuten luzaroan, esate baterako, italiar errenazimentuko Giovanni Pierluigi Palestrinak eta bere hainbat ahotsetarako asmatu zuen kontrapuntu zorrotz hura,berak eginiko mezen eta moteteen bidez, mendetan zehar, guganaino heldua, edota Arcangelo Corelliren sonata mota,XVIII. mendean barna eredu izan zena, eta gaur egun ere txunditu eta liluratu egiten gaituena.
Bestalde, badaude nazio-harrotasunean eragin ukaezina izan dutenak ere, besteak beste, Henry Purcell eta George Friederick Handel Ingalaterran, Jean-Baptiste Lully Frantzian edo Tomás Luís de Victoria Espainian. Hauek , nor bere herri-tradizioan erroturik, nazio-heroitzat harturik daude, berauen musika Parnasoraino eramana. Denboraren poderioz,euren musikaren handitasuna, norbere herriko nazionalismoaren eraginez, areagotuz eta mitifikatuz joango zen. Horrela, euren musikak, herriaren artean miretsia, belaunaldirik belaunaldi egunera arte iraun du.
Alabaina, Franz Joseph Haydnen kasua bakarra izango zen bere sasoiko Europan barrena, non orduan bizirik zegoen musikari bat” klasiko” bilakatuko baitzen. Erabiltzen zuen musika-lengoaia ulergarriari esker, herriaren artean ,giza maila guztietako jendeak konpreni zezakeen berak konposaturiko musika mota. Berdin zion nork entzuten zuen bere musika, adituak, musika-arloko profesionalak zein musikazaleak, guztiei atsegin zitzaien aitatxo Haydnek konposatua.
Dena dela, bera hil eta laster, arrakasta eta ospearen izar distiratsua belztu egin zitzaion . Nahiz eta Peyel , Breitkopf eta Härtel bezalako musika-editoreek eurenak eta bi egin, bere musika argitaratzen eta zabaltzen alferrik saiatu ziren, -azken finean, kontzertuak antolatuz etab.Haydn-en musikari berari eutsi nahian baina ezin-.
XIX. mendearen lehenengo laurdenerako , ezinbestean,Haydn-en estiloa antigualekotzat joa zen ; gainera, azken honi erantsi behar diogu XIX. mendearen hastapenean pianoaren iraultza musikala, arian-arian, soka-koartetoa zokoratuz joango zena, ordura arteko soka-koartetoetarako izaten ziren konposizio guztiak lau eskutarako piano-konposizio bihurtuz.
Horren guztiaren ondorioz, gain beherako bidea hartu eta inoiz ere ez zen makurretik zuzenduko. Egoera tamalgarri horrek gure egunera arte iraun du, alegia, Haydn hil eta gure garaia artean , - zehazki esanda, Napoleonen gerretatik Bigarren Mundu Gerraren artean-, mila eta berrehun laneko bildumatik,gehien batean, zenbait meza, “Die Schopfung“(Sorkundea)oratorioa eta “London” Sinfoniak soilik interpretatu izan dira; opera-lanak eta, oro har, bere lan bokal eta instrumental behinena bertan behera utzirik.
Goratxoago aipatu dugunez, Haydnek musika-genero desberdinetan lan ugari egin zituen, bere garaian oso behinenak. Baina, hainbeste lanen artean , musikazalea zorabia liteke eta inora ezean aurki lezake bere burua, ez baitu Haydn-ekiko musika-mugarri nabarmenik, -dena nabarmena baita-, esate baterako, Mozart edo Beethoven-ekin gertatzen den bezala. Beethoven-en kasuan, hogeita hamabi piano-sonatak edo bederatzi sinfoniak daude, eta Mozart-ekin ere beste horrenbeste. Gaitza da, beraz, Haydn-en lan guztien artean aukerarik egitea, ezen bere lan guztiak aukerakoak baitira. Ez da beste konpositore batzuen lanekin bezala gertatzen,hots, galbaheaz eralgi eta aukerakoa garbi atera dezake norberak.
Oraintsura arte, musikazale jendearen arteko Haydn-i buruzko iritzia, adituak barne, hurrengoa izan da: Haydn konpositore xaloa eta atsegina zen, baina,-gorago aipatuez gain, musika sakonik eta garrantzitsurik ez zeukana. Aitzitik, hori ezin egon liteke egia izatetik urrunago , ezen egungo adituek egiaztatu egin baitute Haydn-ek eginiko lan eskergak, eta berak asmaturiko estilo musikal berriak, argigarriak eta ate irekiak izan baitziren ondoko belaunaldikoentzat, hots, Mozart eta Beethoven-entzat, baita hurrengokoentzat ere, Schubert eta Mendelssohn-entzat.
Aurrez esandakoa finkatu nahian, esan behar dugu Haydn musika genero instrumental biren asmatzaile nagusia izan zela, alegia, sinfonia eta soka koartetoa. Hain zuzen ere,azken hau aurrez ezarritako patroietatik aterata, Haydn-en aurretiko barroko aroan bertan ezarrita baitzegoen antzeko ganbara-kontzertua, non soka-tresnak nagusi baitziren. Hortaz, Haydn-ek egingo zuena izango zen,besteak beste, antzinako ganbara-kontzertu zeritzan horri klabea kendu eta jotzaile taldea urritu, hainbeste lau kide izatera ekarriz, laurak soka-tresna jotzaile izanik: lehenengo eta bigarren biolina, biola eta biolontxeloa.Beren beregi, Haydn-ek soka-koartetoa asmatu zuen bere nahi musikalak asetzeko asmoz. Soka-koartetoaren bitartez, Haydn-ek ezarriko zuen musika ulertzeko beste modu bat, hots, ordurik aurrera , konposizioak ez ziren,ez, izango beraien artean ezertako loturarik gabe, irla hutsak itsaso zabalean galduak bailiran, baizik eta unitate bakarra osatuko zuten; hainbat atal elkarri ederki loturik historia musikal oso baten itxura hartuz .
Hartara, Haydn-en soka-koartetoak lau mugimendu edo tempotan bereiziko ziren,4/4 : allegro,1/4; adagio,2/4(bere bariazioekin,adibidez, poco cantabile, etab.); minueto edo minueto-trio,3/4(minueto ostean trio); presto eta finale, 4/4. Beraz, soka-koarteto bakoitza lau mugimendu edo tempo osaturik dago; aldi berean, halako sei soka-koartetok seriea osatzen dute, eta aipatu serieak unitate bat bere osotasunean. Azken buruan, soka-koartetoan datza Haydn-en zentzu musikal sotila eta zorrotza .
Zalantza izpirik gabe, Haydn-en sormenaren ezaugarri berezia soka-koartetoa bera zen, Europako mendebaldeko musikaren historian giltzetako bat. Horra hor soka-koartetoa op.33 edota 76.gogoangarri hura onenetan onena(Quatuor Mosaïques-ek Naïve frantziar diskografikarentzat bordatu egin zuen bertsio zoragarria, egun erreferente sine qua non). Azkenookin batera, beste zenbaitzuk ere aipatuko genituzke, esate baterako, 20.soka-koartetoko fuga, 33.eko rondo-a edo 50.eko sonata monotematikoa, edo,azken hau, 64.eko bariazioa Haydn-en koarteto bildumako benetako harribitxia
Labur bilduz, ondoko belaunaldiei begira, Haydn-ek bere soka-koarteto bildumarekin soilik utzi zuen musika-ondarea, behinena izateaz gain, musikaren historian zehar erreferente ukaezina izan da
.Azken hitzez, aipaturiko austriar maisu handiaren berrikuntza formalei esker, Haydn-ez geroztik ,konpositoreek izango zuten gai musikal bati heltzeko modua zehatz aldatuko zen. Horren adibide nabaria bariazioaren teknika izan zen, non haydn-ek aldakuntza nabarmenak sartuko zituen, eta haien eraginak, ehun urte geroago, Johannes Brahms-en aldietara arte arribatuko ziren.
&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&