Elkarrizketa - Ines Osinaga
1982an jaio zen Arrasaten. Naiararekin sortu zuen hainbat txapel lortzeko bide izan duen bikotea, 15 urterekin grabatu zuten maketa; beranduago (17 urte), Ekon taldean abeslari gisa aritu zen, eta egun hain ezagun egin den Gose taldeko abeslari eta trikitilaria da.
1.- Zer da, zuretzat, trikitia (instrumentua bera)?
Niretzat trikitia berba egiteko beste modu bat da, oso lotuta dudan zerbait; ez dago ezer bizitzan trikitixa baino momentu on gehiago eman didanik. Horrez gain, nire lan tresna ere bada, baina ez dut lan tresna moduan ikusten, komunikatzeko tresna gisa baizik.
2.- Nondik sortu zitzaizun trikitirako afizioa (lagunak, familia, … )?
Trikitixa jotzen kasualitatez hasi nintzen; ez nuen panderoa jotzen zuen amamarik, ez eta soinua jotzen zuen aitonarik ere. Aitari esan nionean trikitia jotzen ikasten hastea nahi nuela esan zidan “triki… zer?”; eta banituen bi lagun (ahizpak) soinua eta panderoa jotzen zutenak, eta neu ere panderoa ikastera animatu nintzen. Garai hartan soinu handia jotzen nuen: handia, klasikoa, asko pisatzen zuen, oso zaila zen ikasteko, eta aspergarria zen, eta egun batean deskubritu nuen trikitia, ezagutu nuen Maixa (Maixa eta Ixiar) eta gaur arte.
3.- Hainbeste entzuten den trikitiaren gainbehera benetakoa dela iruditzen zaizu?
Ez dakit, ez dut trikitixaren gaia zehatz-mehatz segitzen eta ez dakit. Egia esan, soinua ikasten hasi nintzen arte ez nekien ia soinu txikia zer zen ere. Horrez gain, ez naiz oso trikitizalea den herri batekoa, ez naiz, adibidez, Azpeiti edo Azkoitikoa; herri horietan lehen ere baziren soinujole handiak, baina Arrasaten ez. Hortaz, nik ez dut ikusi ez hainbeste entzun izan dugun boom hori, ez eta gainbehera hori ere. Nik dakidana da gaur egun gure herrian ikasle asko dagoela, eta kopurua ez doala behera, gora baizik. Trikitixa aldatu egin dela? Dudarik ez; gizartea aldatu den moduan, noski. Nik uste dut edozein elementu kultural gizartearekin batera aldatu behar dela. Gainbehera izan dela? Agian geroz eta erromeri gutxiago dago, baina ziurrenik tabernetan geroz eta trikiti gehiago entzun daiteke, edo geroz eta gazte gehiagok jotzen du soinu txikia, edo geroz eta jende gehiagok daki zer den trikitia, edo interneten leku asko ikus dezakegu trikitiari buruzko zer edo zerazaltzen dena, horrek soinuaren osasun onari buruz esaten du zerbait. Nik uste dut gizartearekin batera aldatzen ari dela, eta hala ez balitz galdu egingo litzatekeela.
4.- Egun, trikiti tradizionalak edo modernoak du pisu gehiago?
Zer da trikitixa tradizionala eta zer modernoa? Trikitixa modernoa trikitixa da, edo jada ez da trikitixa? Pisu gehiago? Bada… lekuaren arabera. Bi etxe, eliza eta frontoia dituen internet gabeko herri txiki batean tradizionalak izango du pisu gehiago; baina galde iezaiozu hori bilbotar bati. Egungo gizartea zer da, tradizionala edo modernoa? Askotan esaten da trikitiak egun ez duela osasun onik, jendeak ez duelako dantzarik egiten, ez dagoelako erromeriarako lehengoko grina hori, jendeak ez duelako dantzarik egin nahi. Agian ez da trikitiaren arazoa, jendearen dantzarako grinaren arazoa baizik. Herritarrek ez badute dantzarik egin nahi, ez dezatela egin. Uste dut soinu txikiak ez duela behar inongo faboritismo traturik, eta horrelako bitrina batean jarri eta museora eraman… ez, ez; trikitia bizirik dago; eta bizirik mantenduko da guk nahi dugun arte. Eta bidean inon geratzen bada… ba hori izango da bere patua. Teknologiaren aurrerakuntza ere hor dago; nahiz eta musika tradizionalak agian gainbehera izan interneti esker ezagutzen dugu musika asko, ez da musika tradizional purua eta ez dakit on edo kalte egiten dion baina hori da bilakaera. Gaur egun, adibidez, Brasilgo musika inoiz baino gehiago entzuten da, edonon; ez da musika purua, baina ezagutzen dugu. Euskal Herritik kanpo ezagutzen dena trikitixa den edo ez? Hori jada norberaren esku dago.
5.- Zer deritzozu trikiti txapelketaz?
Gai horri buruz aldeko eta aurkako iritzia dut, ez naiz ados jartzen. Niretzat, pertsonalki, baliagarriak izan ziren, nire buruari jartzen nion erronka zen txapelketa bakoitza; hobetzeko izan zitzaizkidan baliagarri. Hori bai, aspertu nintzenean alde batera utzi nituen, norberaren erabakia baita txapelketa batean parte hartzea. Baina ez dut oso argi noren onerako diren txapelketak; nire ustez egokiak dira, edo on egiten die, trikitixa ikasten ari diren ikasleei edo trikitilariei, baina ez trikitia berari. Orain Trikitixa Txapelketa Nagusia antolatuko balitz txapeldun aterako zatekeenari on egingo ziokeen, baita finalera iritsitako zortzi trikitilari bikoteei ere. Baina txapelketa batean kontuan hartzen diren elementuekin ez nago guztiz ados; zeinek azkarrago eta fuerteago jo kontuan hartzea ez zait egokia iruditzen. Baina txapelketak horrelakoak dira, ados ez dagoena ez dadila joan. Nire ustez txapelketak trikitilarien onerako dira, baina ez soinu txikiarentzat. Trikitiak ez du txapelketarik behar, ez du gu bera salbatzera joaterik behar. Hori bai, irakasle naizen aldetik, ondo datorkit nire ikasleek txapelketetan parte hartzea, beraiei ondo baldin badatorkie. Adibidez, garai batean EITBk antolatzen zuen Pieza Berrien Trikiti Txapelketan trikitilariek beren pieza egitea zuten erronka nagusi, eta hori beti iruditu izan zait positiboa dela. Baina hor ere baziren ika-mikak: “Zer da trikitixa eta zer ez?”, “Zer da tradizionala eta zer modernoa?”, konpas kopurua, erritmo mota… Hau guztiaz gain, esan behar dut, beste alde batetik, zenbait ikasle mikrofono aurrean jartzeko modu bakarra dela. Agian hortxe egin behar litzateke hausnarketa. Argi dut behintzat txapelketak trikitilariarentzat direla onerako.
6.- Gose = iraultza?
Hori askotan esan izan digute; baina nik uste dut iraultza oso hitz potoloa dela, eta nik soinua jo besterik ez dut egin. Iruditzen zait historian zehar iraultza egin dutenek guk egin duguna baino gehiago egin dutela. Bai, agian soinua jotzeko edo sentitzeko beste modu bat da, beste ikuspegi bat; gauza da guri instrumentua gustatzen zaigula, eta ez hainbeste txistorra, abarkak eta ganadu feriak. Goseri gustatzen zaio Maurizia, baina gustatzen zaio Prodigi; Goseri gustatzen zaio Maixa eta Ixiar, baina gustatzen zaio Garbage; azkenean Gosen pertsonak biltzen gara eta gustuko dugun musikaren influentzia begi-bistakoa da. Alde batetik Maurizia eta bestetik Sakabi gustatuko balitzaizkit Aristerrazun arituko nintzateke soinua jotzen seguruenik. Azkenean gustuko dudan musika da, egin nahi dudana; barruan dudana ateratzeko bidea da. Horrez gain, esan beharra dago, egun ordenagailuek gugan duten influentzia izugarrizkoa dela; ni lagunekin ordenagailu bidez komunikatzen naiz, arropa ez baina beste gauza asko internet bidez erosten ditut, egunero pizten dut ordenagailua, tresna bat da gure bizitzan, gure belaunaldikoak ordenagailu batekin jaio gara; horregatik, nola ez du bada eraginik izango musika egiterako unean? Naturala da.
Honez gain, egia da taldea osatzen ari ginela galdetzen geniola gure buruari ea zergatik ez duen lehenago inork trikitia elektronikarekin “nahastu”. Funtzionatuko ez zuela uste zelako, agian? Gertatzen dena da Euskal Herritik kanpora, Espainian, adibidez, ez dutela trikitiarekiko aurreiritzirik, beraientzat infernuko hauspoa un acordeón pequeñito da. Hemen, berriz, soinu txikiarekiko beste ikuspegi bat dugu, eta, Italiatik iritsi den instrumentua izan arren, uste dugu gurea dela. Hori bai, argi dago guretzat beste esanahi bat duela eta gure herriaren nortasunaren zati dela; nahiz eta abarkak janzteak ez duen euskalduna zarenik esan nahi. Guk nahi genuena gustuko musika egitea zen, trikitia biluztu eta hauxe lortu dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: