LARUNBATEAN
Azken urte hauetan gure sosak zintzotasunez kudeatuko zituztela zin egin zuten horiek, Ongizate Estatua eta gure bizi kalitatea babestu behar zuten horiek guztiz txundituta ikusi ditugu bankari, enpresari handi eta multinazionalekiko erabateko sumisioz.
Ez dago zalantzarik, sobera adibide daude:
- Milaka milioi euro eman dizkiete bankei, pairatzen dugun krisiaren arduradunei.
- Hezkuntza eta Osasunari ez diete behar haina diru bideratzen, hala zerbitzu publikoak hondatuz
- Etekin handiak dituzten enpresei EREak onartzen dizkiete, hala borrokaz lortutako eskubide sozialak pikutara bidali nahian.
- Gehien dutenei mesede egiten dien politika fiskala aplikatzen dute.
- Iruzur fiskala onartu eta babesten dute.
- Langileriaren aurkako lan erreforma onartzen dute.
- Pentsioen prestazioak murrizten dituzte.
- Prekarietatea eta lan istripuak handitzen dira.
- Gazteen eta emakumeen arteko langabezia tasa eskandaluzkoa da.
Eta horren bitartean agintariek beren pribilejioak mantentzen dituzte eta beren soldatak handitzen dituzte. Besteoi kotizazio urteak areagotzen dizkiguten bitartean beraiek 3 legislaturekin soldata milionari baten %100a kobratuko dute.
Ez da harritzekoa Kongresuan eta Parlamentuetan korporazio handien alde eta langileriaren kontra horrenbeste neurri onartu ostean agintariek horrelako sariak jasotzea. Are gehiago, hauteskundeetara aurkeztuko diren hainbat zerrendatan ustelkeria leporatutako pertsona ugari topa ditzakegu.
Langabezia, pentsioen erreforma, soldata mileuristak, areagotuz dijoan prekarietatea, jendarteko zati handi baten pobretzea; hauek guztiak ez dira krisiaren ondorio hutsak, gobernuek eta beren babesleek onartutako politika ekonomikoaren ondorio dira. UPN/PP – PSOE – PNV alderdiek zuzendutako gobernuek aurrera eramandako politika ekonomikoaren ondorio dira horiek guztiak, krisia langileok ordain dezagun erabaki baitute.
Baina ziklo aldaketa baten aurrean gaude. Ziklo politikoaren aldaketa honetan gauza asko ari dira aldatzen eta aurrerantzean ere gauza gehiago aldatuko dira, horien artean lan harremanak. Enpresa handien eta beren ordezkariak diren PP, PSOE eta PNVren apostua argia da: enpresen egungo etekinak eta politika fiskala ukiezinak dira, prekarietatea da krisiarekiko alternatiba bakarra. Langileok dugun bizi kalitatea galtzea onar dezagun nahi dute. Horren aurrean BILDUk baietz esaten du, badagoela beste alternatiba bat. Ezkerreko alternatiba. Justizia soziala, Ongizatearen jendartea mantentzea, zerbitzu publikoen mantentze eta hobetzea, soldata eta jubilazio duina zein lanpostu iraunkor eta kalitatezkoak ahalbidetuko dituen alternatiba.
Eta hori guztia bermatzeko gehiengo berriak sortu behar ditugu erakundeetan, politika fiskal justu eta progresiboa bultzatuko duena eta iruzur fiskalaren aurka borrokatuko den gehiengo berria. Gehiengo berri hauen helburua eremu sozioekonomikoan hemen erabakitzeko eskubidea lortzea izan behar du.
Gure programa alternatiboa aurkeztu asmoz, jendarte eredu berria erdiesteko eta aldaketa politiko eta soziala martxan jartzeko proposamenak ezagutzera emateko jakinarazi nahi dugu datorren apirilaren 30ean ekitaldi publikoa antolatu dugula Altsasuko Iortia Kultur Gunean.
Ez da kasualitatea Maiatzaren Lehenaren bezperan BILDUk aurkezpen ekitaldi hau burutzeko Sakana hautatu izana. Sakana UPN-PSN gobernuek maila sozio-ekonomikoan gehien baztertu duten eskualdea izan da. Baina prekarietate handia duen neurri berean Sakanak badu alde positibo bat: herritarrek batzeko eta aurrera egiteko duten jarrera irmoa. Hala erakutsi dute azken urte eta hilabeteetan izandako borrokekin, horren erakusle izan zen iragan apirilaren 16an Iruñean egindako manifestaldi jendetsua.
Horixe da krisia gainditzeko bide bakarra, krisiari aurre egitea eta gure eksubideak lapurtzen ari direnak salatzea. Batzuk kontrakoa esan arren, aldaketa politiko eta soziala posible da. Ezkerretik posible da, baina ez PNVk edo UPN-PSN totemak mantentzen duten posizioetatik. Aldaketa posible da erakundeetan ordezkaritza indartsua eta kaleetan mobilizazioak uztartzen baditugu.
Beraz, eta bukatzeko, hilaren 30ean Altsasuko Iortia kultur gunean prestatu dugun aurezpen ekitaldian eta gehiengo sindikalak Maiatzaren Lehenean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: