“The Fearless Girl”

irunear91 1537945255197 AGER!AN | 2018-10-14 20:13
2

irunear91 1539541055952

Internetetik nabigatzen ari nintzela, komunikazio kanpaina desberdinak aztertzen, nire arreta deitu duen batekin egin dut topo. “The Fearless Girl” edo “Beldurrik gabeko neska” izeneko Harreman Publikoen kanpainarekin hain zuzen ere.

Albiste eran zetorren kanpainari buruzko informazioa, eta lehenengo gauza data begiratzea izan da. Albistea, ekainean idatzita zegoen baina martxoari egiten zion erreferentzia. Izena ikusita Emakumearen Nazioarteko Egunarekin zerikusia zuela etorri zait berehala burura. Irakurtzen hasi eta, bai, ondo nenbilen. 2017ko martxoan egindako Harreman Publikoetako kanpaina oso garrantzitsu bat neukan aurrean, Emakumearen Nazioarteko Eguna zela eta.

Kanpainak zertan datzan informatzen hasi aurretik, Harreman Publikoen mailan  Cannes-eko sari nagusia irabazi zuela irakurri nuen. Honez gain, sari asko eta asko irabazten ari zen eta kanpaina bezala lehenengo postuak lortzen zebilen.

Kanpainari erreparatuz, honetan datza:

New Yorken kokatuko gara. Manhattango irlan. Bertan, Wall Street ospetsuan, “Wall Streeteko zezena” (Charging Bull ingelesez) bezala ezagutzen den eskultura aurkitzen da. Kanpainaren mamia, honen aurrean, neska gaztetxo baten eskultura jartzea izan zen, zezenari “aurre” egiten ari bazen bezala. Eta guzti hau, Martxoaren 8an.

State Street Global Advisorseko kanpaina baten parte zen ekintza hau, emakumeak lehenengo postuetan dituzten enpresek, finantzaketa arloan askoz emaitza hobeak lortzen dituztela nabarmentzeko asmotan.

McCann agentziari bururatutako ekintza honek, esperotako zalaparta sortzea lortu zuten. Izan ere, era oso desberdinetan interpretatu da eskultura berri honen ezarpena...

“Beldurrik gabeko neska”ren arrazoia honeko hau dela diote:

Gender Diversity Index, inbertsio-funts bat da non Estatu Batuetako korporazio handienak biltzen diren gauza bat komunean izanda: zuzendaritza postuetan genero berdintasun maila altuena erakusten duten korporazioak dira. “SHE” bezala ezagutzen da, gainera, ingelesez emakumeari erreferentzia eginez bere siglekin.

Estatuaren oinetan “SHE makes the difference” irakurri daiteke, niri pertsonalki ikaragarri gustu zaidan hitz joko bat eginez. Alde batetik, SHE indizeari erreferentzia egiten dio, eta bestetik emakumeek diferentzia markatzen dutela.

Azken urteetan sari gehien lortutako kanpainetako bat bihurtu da Komunikazio eta Harreman Publikoen arloan, eta ez dit bat ere ez harritu.

Analisi labur bat eginez, ideia zoragarri batekin, egun egokian, leku egokian eta mezu egokiarekin lortu daitekeen emaitza bikaina erakusten du Harreman Publikoen kanpaina honek.

 

Iturriak:

https://en.wikipedia.org/wiki/Fearless_Girl

https://www.jotdown.es/2017/05/la-chica-sin-miedo/

 

 

 


Utzi iruzkina: