Oker jo digu `promptak´
GEURIAk erronka luzatu dio Mikel Urkixo idazle eta irakasleari: algoritmoek eraiki nahi duten mundu batean, zenbat balio du lagun baten besarkadak? Hausnarketara bultzatzen du zeberioztarraren ipuin honek.
Monografikoa / Zer jakin nahi duzu? 2026/06/18
Argazkia: Andrey K, Unsplash
Oker jo digu `promptak´
Berandu esnatu da. Azkenaldian ez du nagiak ateratzen ibili behar. Segituan esnatzen da. Asaldaturik. Mobileko iratzargailuak jo bezain pronto. Duela ez hainbeste, hiruzpalau aldiz jotzeko programatu behar izaten zuen. Berandu arte ibili zen scrolleatzen bart… TikToken. Whatsappeatzen ere ibili zen, Amaiarekin. Eskola garaitik ezagutzen dute elkar. Institutuko azken urte honetara arte, berdin-berdin jarraitu dute. Elkar zainduz eta elkarri zin eginez nekez bete daitezkeen horiek. Uxue eta Amaia. Amaia eta Uxue.
Garbitu, apaindu eta sukaldera jaitsi da. Amaren oharra irakurri du, bihotz itxurako post-it batean: “Egun on, laztana! Gogoan izan laster ZETAK ikustera joango garela! Maite zaitugu”. Aitak egunero prest uzten dion laranja-ura edan, ColaCaoa trago pare batean edan bainoago irentsi, eta institutuko bidea hartu du. Arduratuak ditu gurasoak. Iaz, psikologoarenean ibili zen. Baina gurasoak lasai egon zitezen joaten zen kontsultara. Berak nahiago du IA erabili. Konfiantza handiagoz kontatzen dizkio burutik pasatzen zaizkionak inteligentzia artifizialari.
Lengua y Literatura irakasgaiko azterketa dute. Ebaluazio honetako azken azterketa. Bigarren orduan. Erraza izango den ustea du. La casa de Bernarda Alba sartuko zaie. Ondo prestatu du. Geminiri eskatu zion azterketa eredu posibleak sor zitzala, eta behin eta berriz aritu da, azken bi egunotan, aukera anitzeko azterketa eredu horiek egiten. Halakoa izango baita azterketa. Ez du liburua irakurri, nahiz eta unibertsitatera sartzeko probako derrigorrezko irakurgaia izan. Saiatu, saiatu da; baina irentsezina egin zaio. Seguru dago Geminiren laguntzarekin nahikoa izango dela. Bilbora ere joanak dira antzerkia ikustera bigarren batxiko ikasle guztiak.
Gemini erabiltzen du. Chat GPT baino fidagarriagoa iruditzen zaio. Inteligentzia artifizialaren hastapenetan, Chat GPT erabiltzen zuen. Orain, Gemini. Euskara kontuetarako hobea da. Beno, egia esan, erabili, haietako asko erabiltzen ditu. Horretan datza gakoa. Gainera, irudipen bat du. Amaiarekin soilik elkarbanatu duen ustea. Gaur ziurtatuko dute irudipen hori egia den. Liburuaren PDFa eman zion Geminiri, eta irakasleak liburu eta egileaz sortu zizkien apunteak.
Prompta idatzi zuen: “Hola, Gemini. ¿Qué tal estás? Espero que estés bien. Necesito que me prepares exámenes, tipo test, de `La casa de Bernarda Alba´. La profesora va a ser muy exigente, y va a querer que nos sepamos todos los detalles del libro. Además, le da mucha importancia a los personajes. Y también nos preguntará por el sentido de la obra y por el contexto histórico del libro, y la vida de su autor. Va a ser un test de 50 preguntas. ¿Podrías ayudarme y generar exámenes que tengan en cuenta todo lo anterior y estén basados en los archivos que he subido? Por favor, tienes que ser muy riguroso, y céntrate en los documentos. Muchas gracias, Gemini”.
Trebea da promptak idazten. Ikaskideak baino trebeagoa. Abantaila horretaz baliatzen da. Zer demontre! Zer txarrik du besteak baino bizkorragoa izateak? Abantailak norbere aldera ekarri behar dira, ezta? Ikaskide askok indar gutxi jartzen dute horretan ere. Alferrak dira. Denerako. Batik bat, mutilak. Ez dakite euren lana kamuflatzen, edo ez zaie inporta. Baina 0koak jaso izan dituzte sarritan ChatGPT erabiltzeagatik. Uxuek, ostera, ondo aurkezten ditu eginbeharrekoak. Akats batzuk sartzen ditu nahita, eta, badaezpada ere, beste inteligentzia artifizial batzuekin erkatzen ditu lanak. Mailak altuegia izaten jarraitzen duela baderitzo, sinpletu egiten du azken ekoizpena. Argi du medikuntza ikasteko tentu handiz jokatu behar duela. Ezin du ikaskideen utzikeriaz erabili gailu miragarria. Hainbat IA erabiltzeak oker nabarmenak eta `haluzinazioak´ saihesteko balio izaten diote.
Kalean barrena murgildu da, korrika. 5 minutuan egin beharko du 10 minutuko bide lasaia. “Kaixo!”, “aupa!”, “zer moduz?”, “goraintzi amari!”, “berandu zabiltza!”, “¡Uxue, que no llegas!”. Herri txiki batean bizitzearen eguneroko prozesioa. Martxa arindu eta burua jaitsita egin ditu azken metroak. “¡Qué tía!, gaur ere berandu!”. Amaia. Institutuko atean. Beti bezala. Bere zain.
“¡Saca un piti, rápido!”; “Ez digu astirik ematen”; “¡Toma, mata el mío! Uste dut que voy a pencar”; “Ni nago nahiko `chill´. Pentsatzen dut ondo prestatu dudala”; “¡Son mogollón de nombres… y muy extraños! ¡Menuda jartada! Angustias, Martirio… son muy `cringe´”; “Nik badakizkit”; “Claro, como yo… baina ez duzu irakurri”; “¡Tú, a callar!”; “¡Y tú, igual!”.
Zigarroa akabatu eta institutuan sartu dira. Ikasle berant eta alferrontzi guztiekin. Eskaileretan gora, arrapaladan. Klaseko atea zabalik dago, eta lasaitua hartu dute, gaur ez baitiote gezur txikiren bat kontatu beharko irakasleari. Begiko ditu Joanak, eta badakite. Ikasle onak dira, eta noizbehinkako hutsegite edo berandutzeak erraz justifikatzen dituzte. Ikasle onak izatearen abantailak.
“Beno ba, ekiogun. Mesedez, jesarri guztiok. Goazen, goazen!”. Anabasa handia da klasean. Batetik bestera dabiltza ikasleak, nerabeen jarrera herrariak agintzen duen legez. Adiezinak dira irakaslearen berbak. “¿Has visto la casa del Bad Bunny?, ¡todo buenorras y buenorros!”; “¡Qué mierda, voy a pencar!; “¿Y el Jon? ¡Ni se ha comprado el libro!”; “¡Menudo jarto, ja, ja, ja!”; “¡Tú te pones alao mío, a ver si puedo copiarte, que la Esther de Lengua es bastante tonta, jajajajajaja!”; “Sí… tonto tú cuando penques, ¡caraburro!”.
“Mesedez! Zer esan dizuet errespetuaz?! Benetan?! Oraindik horrela?! Amaitzear da ikasturtea, eta berdin-berdin jarraitzen dugu. Horrela ez goaz inora! Irakasle askok esan didate ez duzuela kolpe zorririk jotzen eta ezinezkoa dela klase ematea”.
“¡Pues anda que ellos!”; “Nork esan dizu?”; “Seguru nago que la de Filo o Arte”; “¡Buah, esas son muy chungas!”; “Edo Matekoak!”; “La verdad es que podría ser cualquiera”.
Une batez pentsatu du Bad Bunnyren afera, `buenorro´ eta `buenorrak´, interesgarria izan daitekeela hezkidetza kontuak lantzeko, baina hurrengo baterako utziko du. Gaur aztoratuegi ikusten ditu ikasleak azterketaren harira.
“Mesedez… jesar zaitezte behingoz! Zer duzue, azterketa?”; “Bai, Lengua azterketa”; “Eta zer gertatzen da? Ez duzue ikasi, ezta?”; “Liburua irakurri behar genuen. `La casa de la Bernarda´, edo halakoren bat”.
Barrez hasi dira denak. Kopeta zimurtu du Joanak. Abilezia du dramarako. Esajeratu egiten ditu keinuak, eta ikasleek gogoko dute horrela ikustea. Antzerki ukitua ematen dio. Emozionala da, oso. Eta ikasleek saltsa maite dute, saltsa une oro.
“Joana, utzi ikasten Lengua. Bihar egingo dugu gaurkoa”; “Baina… zer nahi duzue? Liburua irakurri behar zenuten, eta ez duzue irakurri. Zer ordutan duzue azterketa?”; “Bigarren orduan!”; “Ez dizue astirik ematen”; “Pero podemos hacer cositas” ―barre egin dute denek; “Zer, txuletak?”; “¡Por ejemplo!”; “Sí, no estaría mal”; “¡Tú alao mío, ¿eh?!, ya te lo he dicho antes”.
Ondo konpontzen dira Joanarekin. Ez da bere lana serioegi hartzen duen irakasle horietakoa. Badaki noiz sartu `kaña´ eta noiz jokatu lasai. Askotan, eguzkia lagun dutenean, kanpora ateratzen ditu. Baina ematen du gaur ez dutela erraz lortuko euren nahietara makurtzea.
“Ba, asko sentitzen dut, baina gaur geuk ere literatura eman behar dugu”; “¡Joder, profa! ¿Otra chapa? Bihar egingo dugu, `tía´!”; “Berriro `profa´ esaten badidazu, `penkatu´ egingo zaitut. Oso lekuz kanpo daude `profa´ eta `profe´. Are gehiago, D ereduan. Eta, areago, euskara irakaslearen klasean”; “Ba niri gustatzen zait `profa´. Geratzen da `como de´ zuzendari”; “Pero tú eres un poco tonto, `como de´ circo”; “¡Ja, ja, ja, ja, ja!”; “Mesedeeez!!! Ba niri ez zait batere gustatzen. Eta ez legoke txarto noizbehinka `como de´ euskaraz hitz egitea klasean, e? D ereduan gaude, kuadrilla. Benetan… neurria galduta zabiltzate, eta ate joka ditugu USaPeko azterketak. Zuen esku dago. Zuetako batzuk oso galduta ikusten zaituztet. Dena da ChatGPT, eta iji eta aja!”.
Proiektorea piztu eta testua jarri du irakurtzeko.
“¡Joder, qué largo!”; “¡Ya te digo!”; “Irakurri, `majete´, jajaja!”; “¡Veeenga, que lees muy bien en euskeras, campeooón!”; “Beno… ba luze-luzea iruditu zaizunez, zerorrek irakurriko duzu”; “¡Te pasa por tonto!”.
“Zorrotzako portuan al… al-darri-ka”; “¿Qué es `aldarrika´?” ―denak Joanari begira geratu dira, orakulua izango balitz bezala. Uxue eta Amaia ere adi-adi ditu. Konturatu da batek ere ez dakiela zer den `aldarrika´, baina, erritmoa apurtu ordez, nahiago izan du aurrera jarraitu, irakurketan murgildu eta isilduko diren esperantzaz. “Zorrotzako portuan aldarrika. Gabriel Aresti. Mil novecientos sesenta y tres”; “¡Zoquete!”; “Mesedez!”; “Es que los números en euskeras me cuestan”; “Mutil, 15 urte daramatzazu euskaraz ikasten, txiki-txikitatik”; “Ya…”. Poema irakurtzen bukatu du ikasleak. Nekez. Ikaskideen irribarre maltzur eta barre-zantzoen artean.
“¡No me enterao de nada!”; “¡Ni yo!”; “¡Es que es un rollo!”; “¿Pa qué hemos leído esto?”; “¡Joder, Joana! Utzi ikasten, mesedez!”.
Begira ditu guztiak. Maitatu egin behar dira nerabeak. Bestela, ezinezkoa da haiekin lan egitea. Joanak aspaldi ikasi zuen lezioa. Harreman suntsitzailea da, bai, baina ez da beste biderik. Maitasuna besterik ez da posible haiekin. Eta edozein astakeria entzuteko prest egon. Gazteek ez dute asmorik baherik jartzeko euren pentsamenduei.
“Venga, Joana, y mañana leemos el poema este del Gabriel”; “Ados! Baina egin probetxuzko zerbait, eta ez egin txuletarik nire aurrean, mesedez! Zuen tutorea naiz. Ez izan hain baldarrak”; “Aupa Joana!”; “¡Eres la mejor!”; “¡Contábamos con ello!”; “Ez zaitezte pasa edo Zorrotzako portura bueltatuko gara”; “Taldetan jar gaitezke ikasteko?”; “Bai. Baina ikasteko, e?”.
Aulkiak mugitu eta taldetxoetan batu dira denak. Irakasleak ez du espektatiba handirik, baina, egia esan, ondo etorriko zaio ordutxoa DBHko azterketa batzuk zuzentzeko. Segituan ekin diote, ostera, ikasleek denbora galtzeari. Ordenagailuak `kapatu´ dizkiete, eta hainbat orrialde ezin bistaraturik dabiltza ikasturte hasieratik. Mobila ere debekatu diete, baina aldean daramate denek. Gazte teknologikoak dira. Tranpa teknologikoetan adituak. `Kapatuak´ egonda ere, zenbait orrialde bisita ditzakete. Pull and Bear, Zalando, Shein… YouTube ere ikus dezakete, eta bideojokoen tutorialak ikusten egoten dira haietako asko. Instagram eta TikToken bakoitzaren mobiletik sartzen dira, iraskaslearen deskuiduaren zain betiere. Gustura aritu dira, Joana molestatu gabe. Horretarako ere badakite zenbat dezibeliotan ibil daitezkeen.
Mahaiak estrategikoki kokatu dituzte azterketarako. Esther sartu orduko prest dute lubakia. Azterketak banatu ditu. 50 galderako testa. Azterketaren nondik norakoen berri eman die Estherrek labur, beti bezala. Ez dela inolako sorpresarik, azterketa erraza dela, eta hortaz ez duela galderarik erantzungo.
Uxuek eta Amaiak elkarri begiratu eta irribarre batez baieztatu dute euren hipotesia. IA erabili du irakasleak azterketa sortzeko. IAk sortzen dituen ereduen antzekoa da. Patxadaz egin du azterketa Uxuek. Plantak ere egin ditu, keinu desesperaziozkoak, zalantzak izango balitu legez. Ordu erdian bukatua. Halere, errepasatu egingo du; medikuntza ikasteko ezin baita lotan ibili. 9tik gorako emaitzak behar ditu, eta 10eko zenbait ere bai.
Kezkak bete-betean harrapatu du. Buklean. Ezin burutik atera. “Zer demontre?!”. Ahurrak hotz nabaritzen ditu, txindurrituta. Arnasa bizkortua. Goragalea. Geldi-geldi dago aulkian, mutu, begirada galduta, arnasa berriro kontrolatu nahian. Aita eta ama ditu gogoan. Saiatu da atzamarrak mugitzen, ea sentsazio goxoren batek biltzen duen berriro. Baina burua lar azkartu zaio. Ez du lortuko. Ez du medikuntza ikasteko nota lortuko. Eta barre egingo dio mundu guztiak. Eta zertan ari den galdetzen dio etengabe bere buruari. “Penagarria zara!, penagarria zara!”. Gero eta zurbilago dago. Azterketa entregatu eta baimena eskatu dio Estherri komunera joateko. Ziztu bizian atera da, inork ezer ez sumatzeko. Krisketa itxi, komuneko eserlekuaren estalkia jaitsi, eta gainean jesarri da. Arnasestua. Bularrean, erdi-erdian, mina, eta goragalea berriz. Estalkia altxatu eta okaka hasi da, baina ez zaio ezer atera, behazuna besterik ez. “Ez dut balio!, ez dut balio!”. “Iruzurgile hutsa zara, neska!, kar, kar, kar!”. “Eta zer egingo duzu orain?!”. Ahots arrotzez betetzen ari zaio burua. Ezin du gehiago. Negarra. Erabat uzkurtua dago, umeki baten antzean. “¡Mierda!, ¡mierda!, ¡me voy a volver loca!”, errepikatzen dio bere buruari negar-anpuluka.
Amaiaren ahots lausotua. Oihartzun baten gisara. Errealitatearen beste plano batean balego bezala. “Zabaldu!”. Ozta-ozta altxatu du ezkerreko eskua, eta atea ireki. Belaunikatu eta indar handiz besarkatu du Amaiak. Lasaitzeko esan dio, ilea laztantzen dion bitartean. “¡No puedo, tía!, ¡me estoy volviendo loca!, ¡en serio!”. Negarrez hasi dira biak. Baina azkenean lortu du zertxobait baretzea, eta, negar malkoak darizkiola, hutsune handi bat sentitzen duela aitortu dio, borborka berbetan. Eta ezer ez dela erreala. Gezur batean bizi dela. Eta zoratu egingo dela. Eta ez duela medikuntza ikastea lortuko. Eta denek barre egingo diotela. Eta gurasoak ere oso triste jarriko direla. Adi-adi du Amaia, larri-larri, zer egin ez dakiela.
Txirrin-hotsa. Atsedenaldi aurreko ordua. Amaiak esan dio, malkoak sikatuz, motxilak batu eta etxera joango direla. “Etxera goaz. Etxera goaz”. Lasaitu egin da hitzok entzundakoan. Irakaslearengana hurbildu eta kontatu dio Uxue gaixo dagoela, hileko min handiz, eta etxera lagunduko diola. Beste azalpenik eman gabe, komunera bueltatu, Uxue bere onera guztiz ekarri, eta institututik atera dira irakasle eta ikaskideen begiradak saihestuz. Etxeko bideari ekin diote buru-makur. Uxuek `ezerk ez du zentzurik´ diotso buruarekin ezezko keinua eginez. Zerbaitek `krak´ egin dio Uxueri inteligentzia artifizial ia hutsezinaren garaiotan. Ditxosozko `haluzinazio´ bat izan ote da? Oxala horrela balitz.
https://geuria.eus/bereziak/monografikoak/zer-jakin-nahi-duzu/zer-jakin-nahi-duzu-ipuina-2026/

Iruzkinak
Utzi iruzkina: