Mikel Urkixo, boxeoaz

mikelurai@gmail.com 1679430192205 Mikel Urkixoren bloga | 2023-10-15 21:49

mikelurai@gmail.com 1697399958296

2020ko martxoan idatzia eta ARGIA aldizkariaren edizio digitalean argitaratua.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: "Agin aita eta Nerea alaba zarete. Zuen etxean inoiz zaletasunik izan ez bada ere, zuri, Agin, Nerea alaba etorri zaizu boxeoan hasi nahi duela esanez". Ederto heldu diote gaiari, umoretik: aitonaren hortzordeak, sukaldeko guanteak, Urtain... Barrez publikoa, jostari.

Zineman, hainbat izan dira boxeolari: Kirk Douglas, Champion; Paul Newman, Somebody Up There Likes; De Niro, Ragging Bull; Hilary Swank, Million Dollar Baby... Idatzi ere makina bat idatzi da boxeoaz, baina ez askorik gurean. Joxemari Iturralderen Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (Pamiela, 2015) izan daiteke lanik aipagarriena. Euskal Herriak eman du boxeolaririk, ez nolanahikorik gainera, baina haien errebisioa ring-etik kanpokoek belztu dute, seguruenik. Boxeoaz idatzi dute Cortazarrek, Mailerrek, Talesek... Legendak dio Hemingwayk askotan bere jardun edo talentua boxeolarioen hizkeran neurtzen zuela: "Nik Txekhov garaituko nuke puntuetan, erabaki aho batezkoan".

Joyce Carol Oates irakasle eta idazleak sarri kontatzen du aitak borrokak ikustera eramaten zuela; artean, neskatxa gazte zela. On boxing saiakeraren egileak dioen legez: "Bizitzak boxeoaren antza du alderdi ezeroso askotan; baina boxeoak boxeoaren antza besterik ez du".

1933ko urriaren 22a, Sienako plaza. 60.000 lagunetik gora. Errezilgo 34 urteko semeak Italiar Erraldoia -Primo Carnera- garaituko duen esperantza du. Errezilek 1500 biztanle zituen garai hartan. Carnera aurretiaz harroxko aritu zen aise menderatuko zuela Uzkudun; menderatu soilik ez, eraitsi. Mussoliniri berari ere egin zion promes. Harrotasun nazionalaren ardura beregain zuen Carnerak. Uzkudun bera ere frankismoaren ikur bihurtuko zen gerora. Carnera gorpuzkera bitxiko gizona zen: erraldoia, muskulatura handikoa, baina proportzio bakoa. Bere ibilaldiaren hasieran hainbat burla eta erdeinu jasotakoa. Gerora, munduko txapelduna. Uzkudun, Europako txapeldun. Munduko eta Europako txapeldunak, aurrez aurre. Uzkuduni, egun batzuk lehenago, Espainiako kirol kazetari batek galdetu zion: "Paulino, baina gizontzar horrekin ausartu behar duk?" Uzkudunek ez zuen zalantzarik egin: "Bo, ni guztiekin ausartzen nauk. Inork ez naik eraitsi oraingoz". Eta egun hartan ere, Carnerak ezin izan zuen eraitsi. Azken asaltora arte iraun zuen borrokak, eta italiar publikoak berak ere txistuz lagunduriko erabaki polemikoak soilik garaitu zuen Uzkudun. Joe Louis handiak baino ez zuen eraitsiko Errezilgo txapelduna -Paulino Estatu Batuetan-, urte batzuk geroago, boxeoaren tenpluan, Madison Square Gardenen. Garaiko kronikalariek diotenaren arabera, kolpeak jasateko egundoko ahalmena eta ezker zitala zituen.

Madril, 1992ko uztailaren 21a. Askotan kontatu den istorioa. Gizona etxerako bidean. Atarian, ateizainarekin egin du topo. Estreinakoz topo egin zuten egunean, "Kaixo, Urtain", agurtu zuen. "Urtain ez, Jose Manuel", ihardetsi zion gizonak. 10. solairura igo, eta leihotik behera bota du burua. Birritan Europako txapeldun izandakoak amaiera eman dio azken roundari, eraitsia izan da. Txapeldunaren zorigaiztoko patua. Garaipenak zein porrotak, kolpeen antzean, ondo jasaten jakin behar da, beste kiroletan bainoago.

Muhammad Ali and the Rise of an American Hero lanean, David Remnick-ek kontatzen du -aurretiaz Talesek- Floyd Pattersonek Madrilen kamuflaturik eman zituen egunak. Sonny Listonen aurkako borroka galdu ondotik, aireportura joan zen ordezko bizarra eta betaurrekoak jantzita. Hegaldien taulari erreparatu, eta Madrilerako abioi-txartela erosi zuen. Alderrai ibili zen, norarik gabe, hiriko bazter galduenetan. Inork ez daki askorik, zer egin zuen edo zertan ibili zen. Aaron Watson izen faltsua erabiliz hartu zuen ostatu. Egun batean, jatetxe merke batean afaldu zuen. Zopa eskatu zuen. Betidanik gorroto zuen. Otu zitzaion gizon zahar batek zopa eskatuko zukeela. Ez zuen Patterson izan nahi. Aizarnazabalen munduratutako Jose Manuelek ere askotan ez zuen nahiko Urtain izan. Jakin egin behar da. Bai bata zein bestea besteren begietan bizi ziren. Zenbaitetan handi, usu txiki. Zestoako tigreak ez zuen boxeoa bilatu, eta boxeoak ere ez zuen hura bilatu. Haren bila joan ziren, baserrira. Egundoko indar eta joa zuen. Teknika gutxiko boxeolaria zela diote.

2019ko martxoaren 30a. Bilbao Arena. Kerman Lejarragak hilabete batzuk lehenago Bradley Skeeten aurka lorturiko Europako welter pisuko txapela jarriko du jokoan. 27 garaipen ditu, 22 KO. Pabiloia lepo dago. Aspaldi ez du boxeolari batek hainbesteko kuriositaterik eragin gurean. Izan da besterik, baina batek ere ez du lortu Morgatik etorritako mutilak adina mirespen. 400 biztanle pasatxo ditu Morgak, Aizarnazabalek 1940ko hamarkadan zituenak baino zenbait gutxiago. Morgakoarena erredentzio bila boxeora hurbiltzen den gaztearen istorioa da. Hobeto funtzionatzen dute halakoek. Dena da moderno: argiztapen itsugarriak, musika eta iragarki gorgarriak pantaila erraldoietan... Zail da behinolako borroketako giro ilun, likats, kez bete eta alprojaren zantzurik aurkitzea. Talesek berak ere zail luke aspaldiko kroniketako lilura edo xarma hura biziberritzea. Baina boxeoaren erritualek publikoarengan sortzen duten eromenak berdintsu jarraitzen du. 4. roundean Avanesyanek eskuin crocheta sartu, eta Lejarraga makurrarazi du. Suspertu eta Avanesyanen bila joan da. Bihotza du handi, handiegia. Eta bihotza handiegia duen boxeolariak galtzea beste egitekorik ez du, boxeoaren legea. 9. roundean, errusiarraren eskuin crochet eta ezker uppercuta. Soken kontra dago Morgako gaztea. Bukatu da. Borroka amaitu ondotik, kolpez eta ubelduz beterik, bere burua epaitzeari ekingo dio. Boxeolaria bere bakardadean. Juzguak gogorrak izaten dira, gehiegizkoak sarritan; boxeoan borrokak galtzen baitira, egunerokoan bezalaxe.

Baina Oatesek dioen legez, boxeoak boxearen antza besterik ez du.


Utzi iruzkina: