Elkarrizketea Pablo Prigioni

irrati 1456147974615 IRRATI NEWS | 2009-05-19 10:11

 

Markel: Zu zer moduz zabiltza? Lesio bat gainditu ezinik hasi zinen, gero sasoi ona lortu, eta azken asteetan nekatu samar zaudela nabari zaizu.

Pablo: Nik ere behera egin dut, bai. Ez da arazo fisikoa izan. Jaurtiketa dezente kale egiten ari naiz, eta horrek dezente ernegatzen nau, normalean jaurtiketa garrantzitsuak egiten ditudalako. Taldeak asko nabaritu du nik jaurtiketa horiek ez saskiratzea, eta asmatzen hasi behar naiz azkar. Defentsan ere badut zer hobetu.

Zergatik gorabehera horiek jaurtiketan?

Zaila da horri erantzutea... Konfiantza kontua izango da, noski. Boladak daude, onak eta txarrak, eta nirea oraintxe ez da oso ona.

Seigarren urtea duzu Gasteizen, eta, egun, iraganean bezala ari zara. Izaera handiko jokalaria zara, beroa.

Bai, eta hori ezin da aldatu. Asko sufritzen dut galtzen dugunean, eta asko gozatu irabaztean.

Gasteizko zalea jantzia da, eta, batzuetan, hiruko jaurtiketa asko kale egin eta jaurtitzen jarraitzen duzunean, txistu egiten dizute. Zer moduz hartzen dira txistu horiek?

Ondo, onak dira gauzen bat ondo ez zarela egiten ari jabetzeko. Partida ona egiten dudanean txalotzen nauten neurrian, aurpegiaren beste aldean ezagutzea ere ona da. Partida ona egiten dudanean, ez dut prentsa irakurtzen, laudorioak-eta aintzat ez hartzeko. Lasaitu egiten naiz. Ondo jokatzen ez dudanean, ordea, irakurtzen dut, kritikak eta beste, nire jardunaren inguruan zer esaten duten jakin, eta kritika horiek errepika ez daitezen saiatu.

Gasteizen oso maitatua zara. Irrati esatari batek dioen moduan, taldea uzten duzunean jabetuko da zalea zein garrantzitsua izan zaren.

Tira: oraingoz taldean nago, eta Baskonia oso instituzio sendoa da. Lehen ere esan dut jokalari on asko joan direla eta taldeak punta-puntan jarraitzen duela.

Udan taldea uztekotan egon zinela diote mingain gaiztoek, Grezia aldetik eskaintza bikaina jaso zenuela.

Zuk zeuk esan duzu, zurrumurruak. Ni erabat identifikatuta nago Baskonia hitzak bere osotasunean duen esanahiarekin, eta oso gustura nago. Udan kontratua bukatuko zait, baina bi aldeak ados jartzen bagara, beste urtebetez luzatzeko aukera dago. Ikusiko dugu, baina nik hemen geratu nahi dut. Sei urte daramatzat dagoeneko, taldekideak bikain ezagutzen ditut, eta badakit haien onena bilatzen.

Astelehenean Koparekin etxera?

Astelehena azkar iritsiko da. Orduan argituko da zure zalantza.


Utzi iruzkina: