Sarean INTRO
INTERneteko harremanak, oso gai zabala, Sarea bera bezain. Hortxe, beti, eskura. INTRO joera dugunontzat aski tresna aproposa, itxuraz, ezta? Etxe zulotik ere sartu, KLIK, eta barrura.
Edo Sarera atera egiten da, kanpora? Txoko INTRO honen ikuspegitik, Blog bat atera nahi izan nuenean, gune honetan sartu nintzen. Kode orokor batzuk onartu nituen –denentzat berdinak–, eta kode pertsonal batzuk sortu –neureak–. Nire izen-abizenak sartu ote? Ez, hobe ANONIMO atera. Furtibo asko dago-eta, hor sasi artean sartuta...
- Blogeko lehen sarrera atera nuen, KLIK.
Gutxira, lehen SPAM mezuak sartu ziren e-mailean. Ingelesezko izen-abizen batzuk, ingelesez, asko gustatu zaiela nire Bloga, haiei sarbidea emateko, estekan KLIK eginez... Jendea ote dago hor, atzean? Nolako jendea? INTRO jendea ere holako jokaera toxikoak kanporatzeko gai ote gara?
Gero, ezizen frantses bat atera zen, edo sartu, gune honetan, hasieran frantsesez, eta jarraian turkieraz. LIKE bat jaso zuen. Iruzkin kexu bati erantzunez, euskaraz aldarrikatu zuen Ile landaketa bultzatzeko bere eskubidea.
- Esku isil batek kanporatu zuen, hemendik.
Harreman tipo berria dirudi, baina badu zahar kutsu bat ere. Ez al da gure AUTOAN sartu eta errepidera ateratzen garenean –bolanteko bakartasunean– hartzen eta jasaten ditugun jokaeren oso antzekoa? Trafiko kode bat, bi norabide, bi-lau-sei errei, hamaika ibilgailu mota, eta gidatzeko mila modu ezberdin, presa edo patxada gehiagorekin.
Nolanahi ere –garraio publiko on baten faltan–, hobe dugu autoa partekatzea, eta bolantean txandakatzea, ezta? Blablacar ez badoa zurekin, eta zu ere aterabide INTRO baten bila bazoaz, e-mail helbide honetan gera gaitezke: introbertsioa@gmail.com
Nire izena Angel da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: