Labirintologia (3. maila): Iglua
Blog honi ekin nionean, anonimotasunetik aritzea aukeratu nuen. Espero dut anonimotasunak exijitzen duen gutxieneko maila etikoa eman dudala, orain arte –BESTE BATean arituko naiz, gai horretaz–. Eta Blogeko 50 bat sarreretan zehar demostratu dut –espero– hautu haren arrazoia: oso kontu intimoak aireratu ditut. Ala ez da etikoa, berez, ez bada izena eta aurpegia ematen?
Ez baduzu arrisku fisikorik. Mina bezala, arrisku psikiko edo psiko-sozialak ez dira, berez –oraindik ere–, hainbesterako.
- Nolanahi dela, sarrera hau dut demostratzeko BESTE aukera BAT. Izan ere, hemen kontatzekoa dudana ez diot nire emazteari ere kontatu, oraindik –gero azalduko dut, zergatik zuei lehenago.
Nire bizitzako parte bereziki gogor bat zeharkatzen ari naiz. Haur eta gazte berezi bat izan naiz. Tipo berezi bat, urtetan. Gogorra izan da beti, baina beti espero nuen urteekin buelta emango niola, nola edo hala. Ez da hala gertatu. Aitzitik, urteekin galdu egin dut haur eta gazte garaian nire inguruko batzuen aldetik jaso nuen enpatia, begirunea eta –kasu onenetan– elkartasuna.
Eta BESTE askoren tolerantzia eta pazientzia. Haur, gazte... arraro harekin nola edo hala erakutsi zutena galtzen joan da urteetan aurrera –eta ez dut inola espero, jada, buelta ematea, bizitzan.
Eta nire inguru hurbilenaren aldetik? Hori aztertuko dut Labirintologiako BESTE maila honetan. Izan ere, 2. mailan aztertu nuen espazio estu hura ordu batez-edo partekatzen dut, astean bitan edo hirutan. BESTE espazio hau, berriz, ordutan, egunero –nire emaztearekin, 30 urtetan, jada.
- Bizitza osoan pazientzia, tolerantzia, konfiantza, enpatia, begirune, elkartasun eta are maitasun gehien erakutsi eta, oraindik ere, erakusten –eta eragiten– didan pertsona.
Urteekin BESTE aje asko ere agertzen dira, gainera. Nire kasuan –BESTEak BESTE–, prostata; eta nire emaztearen kasuan, menopausia. BESTE ondorio askorekin ere. Nire emaztearen kasuan, ohikoez gain –zoru pelbikoan, baginan, libidoan...–, abisatu gabeko BAT: usaimena zorroztea.
- Lehen, astean bi aldiz ateratzen genuen zabor organikoa; orain, bigarren egunerako, balkoira.
Nire kasuan, berriz, medikazioaren BESTE ondorio ohiko –eiakulazioan– edo arraro –erekzioan– posibleen artean abisatzen ez zen hau: usain arraro, "metaliko" BAT, hatsean. Neuk ez dut usain hori sentitzen, eta BESTE inork ez dit salatu, noski; emazteak abisatu zidan, behin –konfiantzan.
Baina ezin medikazioa utzi, edo BESTE BAT probatzen hasi. Oheratzean jakin ezinik zenbat aldiz jaikiko naizen, gauean zehar, pixa egitera –hiru tanta, nekez, askotan–. Eta ohetik jaikitzean ziur egon ezinik egunean zehar ez dudala gainean pixa egingo –autobusean!–. Edo kamioneta BATen atzean gordeta. Edo isun BAT jasota, edo salatari anonimo BATek argazkia sare sozialetara igota.
- Eta aldiro hiru tanta, goiztiar edo berantiar, galtzontziloan. Eta beti pizurrinaren kezka gogoan. Eta berriz etxean, hiru egunetatik bitan, zabor organikoa balkoian.
Abisu bat: ez dut hemen nire sexu-bizitza aireratu behar. Ez dit nire INTRO izaerak, hain zuzen, eragozten; aitzitik, bultzatu egiten nau. Nire zoru etikoak ez dit uzten –ulertuko duzue zergatik–. Labirintologiako 3. maila jorratu behar dut, INTRO –eta ez inuit, hain zuzen– BATen ikuspegitik.
- Eta BESTE ohar hau: lehen etika hutsez, eta orain medikazioari eta metodo zorrotz BATi esker, inoiz ez dut igerilekuko uretan pixik egin –hiru tanta ere ez, benetan.
Emaztearen menopausia hasi aurretik, hilean 5 aldiz egiten bagenituen –BATaz BESTE– sexu saio orgasmodunak, hirutan nik ekiten nien, eta berak bitan. Eta biongatik ekinda, biok –hau da, biok gogoa izanda, ziur–. Gero, berriz, 3 hilabetean 5 aldiz, eta niregatik soilik ekinda, berak –ia ziur.
Nire medikazioa –duela hiru hilabete– hasi eta gero, 3 aldiz egin dugu. Beti nik ekinda, eta soilik neuregatik. Eta BESTE bizpahiru aldiz ez dugu egin, nik ekin ezinik. Beragatik –BATez ere–, baina neuregatik ere, BESTE arrazoi BATzuengatik. BAT, nire hats metalikoaz nazka eragiteko kezkaz. Eta –BATez ere–, nire emaztearen sexu-abusatzailea eta are bortxatzailea sentitzeko arriskuaz.
Gainera, orgasmo xederik gabeko sexu saiorik ere ez dugu egiten –berak ekin gabe, nik ezinik.
- Eta BESTE inorekin –usaimen ez hain zorrotzekoa– ez dut ekin, ez egin –beragatik, BATez ere.
Zergatik ba, zuei kontatu, berari baino lehen? Berari ez diodalako sinetsiko, esaten badit –kasu onenean– ez diodala nazka eragiten. Sinetsiko dut niregatik esan didala gezurra. Eta beragatik egingo diot sinetsiarena. Eta ekingo diegu, berriz –nik beregatik, berak niregatik– sexu saioei.
- Ekin, komunera joateko eskatutako gogo, usain, zapore eta patxada gabeko kafe goiztiar edo berantiar horiei bezala.
Nire emazteari sinetsiko badiot, benetan, lehenago sinetsi egin behar dut zuei ere ez dizuela nazka eragiten zuen senar, bikotekide, aita edo aitatxien pizurrin posible eta hats metalikoek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: