King Kongo teoria

Hasi aurretik, euskal Wikipediako Afrika taldeko Erdialdeko Afrika azpitaldea "Kivuko gatazka" lantzen ari da. Gai irekia –oraindik jo eta su betean dagoen gatazka amaigabea denez, tamalez.
Osatu gabe daude beste 5 azpitaldeek: Iparraldekoa (Marokotik Egiptora), Sahara-Sahelekoa (Mendeb. Saharatik Sudanera), Mendebaldekoa (Senegaldik Nigeriara), Ekialdekoa (Eritreatik Madagaskarrera) eta Hegoaldekoa.
Animatu, edota animatu zure inguruko bat. Aski da bikote bat azpitaldea osatzeko. Eta bikote bat osatu ezinean, INTRO bakar bat, afriki-lanean aritzeko.
- Tamalez, Blog honetan osatzen ari naizen INTRO tipoa guztiz europarra da –eta neu bakarrik ari naizenez, oraingoz, sobera hetero, maskulino...–. Eta aurreko sarreran salatu bezala, kortesano.
Geure burua ikusteko ispilu bat behar denez, eta urruntasun minimo bat, Kongoraino joan naiz. Izan ere –nire ikuspegitik–, Kongo bera bezala, XXI. mende betean INTRO jendea XIX. mendeko Kongo bat gara, oraindik. Kolektibo kolonizatu bat. Eta nolakoa da, bada, gure Kinga –erregea.
- INTROen baitatik ari naiz galdetzen, INTRO jende gris, isil, itzali, lotsati, uzkur, zozo, zoko... orori.
Leopoldo II. bezalako erregea da gurea? Hedaduraz Belgika –independizatu berria– 66 halakoa zen lurralde –Kongoko Estatu Librea bataiatu– baten jaun eta jabea, 1885ean. Bertaraino inoiz hurbildu gabe –Sevillaraino baino ez, Indietako Artxibategian kolonizatzen ikastera–. Stanley bezalako esploratzaile edota esplotatzaile euro eta heroiekin bat eginda, elkarren zerbitzura.
Genozidio baten prezioan –Atxagak Zazpi etxe Frantzian eleberrian kontatua, Zone of Interest filmaren tonu neutroan; zazpi etxeetako bat, Miarritzekoa.
- Edo –Konraden Ilunpeen bihotzean apokaliptikoan bezala, "horrorea, horrorea!– Kurtz erotu eta jainkotu bat da? Edo Tarzan bezalako tximinoen errege bat? "Ni Tarzan, zu Jane, hori Txita...".
Edo Balduino bezalakoa? 1960an –aristokrata espainiar batekin ezkondu bezperan– Kongora hurbildua, independentzia ematera. Gu INTRO jendea ere librea al gara, benetan? Gure aberastasun naturalen mailegu pean, abalorio batzuen trukean. Gure artetik Lumumba bat altxatu ezinean, erret-prediku paternalistari erantzuteko, errepublikazale –Lumumba bezala amaitzeko beldur?
Edo Mobutu bezalako autokrata da, bestela? Munduko jaun eta jabeekin bat eginda, elkarren zerbitzura. Haien zerbitzari Lumumba bahitu, kalitu, azidoan disolbatu, heroi izendatu... eta bere burua bigarren Leopoldo II. bat bihurtu, 30 urte luzez. "Afrikazio" edo "zairizazio" bataiatuz bere mobutuzazioa. Munduko jaun eta jabeek zerbitzu eta zerbitzari berrien premia izan arte.
- Edo Rockefeller bezalako klan plutokrata bat? Ia 30 urte dira, jada, Mobutu baztertu zutenetik, eta Kongo-Kin oraindik da munduko herrialde aberatsen, pobretuen eta zorpetuenetako bat.
Eta gu, INTRO Kongo, zertan? Ez naiz esaten ari horrelako erresumetan INTRO izatea betebehar latzegia dela. INTRO batzuk bikain moldatzen dira. Derrigortasuna da umiliagarria dena. Eta are mingarriagoa, prezioa. Edota zigorra, hain ongi moldatu ezean, edo paper horri uko eginez gero.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: