INTROfobia: ba al dago?

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2022-09-11 13:12

introbertsioa@gmail.com 1662895048954

Aste hauetan asko salatu da, film bat eta Bullying kasu bat tartean, lodifobia. Gure jendartean aski hedatuta dago, bai hirugarren pertsonan –beste(ar)en loditasuna–, bai lehen pertsonan: nork bere loditasuna arbuiatu, edo loditzeko beldurra izan.

Arlo sozialeko beste fobia batzuk ere maiz aipatzen dira: homofobia, xenofobia, aporofobia (pobreen kontra, ez soilik aberatsen aldetik, klase ertain eta baxuko jendearen aldetik ere)...

  • "Arlo sozialeko fobiak" deitu diet; izan ere, fobia soziala beste zerbait da, psikologian: jende artean egoteko beldur eta antsietatea –INTRO jendean hain ohikoa, ezta?–.

Gehiago ere badaude, gehiago edo gutxiago hedatuak, edo salatuak. Adinari lotuak, adibidez: pedofobia (haurren kontra), efebifobia (gazteen kontra), gerontofobia (zaharren kontra)... Eta ez soilik zaharren, gazteen eta haurren aldetik, –ustezko– jende helduaren aldetik ere.

Adultofobia, berriz, ez da jende helduaren kontrakoa, berez; baizik eta norberak heldua edo nagusia izateari dion beldurra.  

Tira, Interneten bilatu besterik ez dago, fobia bat, zure (kontra) neurrira aurkitzeko. Adibidez: transfobia, lesbofobia, gayfobia, bifobia edo afobia (asexualen kontra) kontrajarrita-edo, orain heterofobia ere salatzen da (jende hetero edo "normalaren" kontrakoa, jende trans, lesbo, gai, bi... eta abarren aldetik). Baina psikologian beste zerbait da heterofobia, "kontrako sexuaren" kontrako beldurra. Eta soziologian ere: "ezberdinen" kontrakoa.

  • Dena den, "INTROfobia" bilatzen hasi eta kanta pare bat baino ez dut aurkitu: "Fobia" izeneko diska edo bideo-joku batzuen "Introak".

Zer ote da, bada, INTRO jendeak gure inguruan –eta gure buruarekiko– maiz sumatzen dugun arbuio hori? Gure buruan baino ez dago?

Gure artean, adibidez, ume bat jaio eta zein da jaso dezakeen lehen arbuio sozialki "normala"? Ez da lodia izatea, ezta? Hori geroago, haurtzaroan hasten da. Zein da, bada?

Garai batean, ume batek zangoen artean pitilin bat ez ekartzea bai dezepziorako aski motiboa izan zitekeen. Edo beste gorputz atal bat faltatzea, edo adimenez –esaten zen bezala– "osoa" ez izatea. Gaur egun, aurrerapen teknologikoei esker, umea jaio aurretik jada jakiten da neska ala mutila den, akats fisiko bat duen, edo burukoa... Eta soziologikoki ere aurreratzen ari gara, edo saiatzen, berezitasun orori ongi etorri bat ematen.

  • Ordea zer gertatzen da ume bati nabaritzen hasten zaizkionean, seaska edo aulkitxoan bertan, INTRO lehen seinaleak?

Etxekoen aldetik ez bada, senideen edo auzokoen aldetik, nabaritzen da –eta nabaritzen du–.  Ume "lasaia", edo "izutia", edo "zozoa"... izatea baino zerbait gehiago da. Edo gutxiago.

Zer?

"Introfobia" kanta, izen bereko diskakoa
ERNE musikaria (ez nahastu izen bereko talde euskaldunarekin)


Utzi iruzkina: