INTROdependentzia (3): "Nontasuna"

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2022-11-27 20:06

introbertsioa@gmail.com 1669576102565

Noiz hasten da haur bat ohartzen, inguruko jendeak nola ikusten duen? Ez dakit. Bai badakit bere gurasoak noiz hasten diren: haren bizitzako lehen egunean. Eta lehen egunetatik hasten dira neurriak hartzen, umearen itxuran negatiboa izan daitekeen zerbait ikusiz gero.

Gure jendartean –ikuspegi sozialetik– negatiboa izan daitezkeen seinaleen artean INTRO itxura dago. Gurasoek hori badakite, lehen pertsonan edo/eta hirugarren pertsonan bizi izan dute. Eta nahita, edo ohartu  gabe, saiatuko dira akats edo arrisku hori gutxitzen. Nola?      

Parentesi bat: atal honetan nire EH burujabearen lurraldetasuna azaldu nahi nuen. Baina, nire ustez, aurretik nongotasuna zer den ulertu behar da. Eta horren aurretik, nontasuna. Zer da? Nortasuna den dimentsio pertsonal edo kolektiboaren parte bat, edo zerbait aparte?

  • Eta gutasunean kokatu aurretik, nitasunean. Non nago ni, benetan? Non naiz ni (eta non ez).

Adibidez, ni ez naiz Guido Orefice. Eta ez nago kontzentrazio-eremu nazi batean; nire semeari sinestarazi nahian, joku batean gaudela, puntuak lortzen, saria –tanke bat– irabazteko.

Ez naiz Roberto Benigni ere, ikusleei sinistarazi nahian, bizitza ederra dela. Horrela bi Oscar sari irabazi –aktore eta atzerriko hizkuntzako film onenak–, hiru nominazio gehiago –film, gidoi eta zuzendari onenak–, gehi Bafta, Cannes, César... –oker ez banago, ez zen Zinemaldian lehiatu–.

Kokaleku kolektibo bat: zuzendari eta aktore italiar bakar –eta, nire ustez, kaxkar– batek, film bakar batekin, lortu zuen Euskal Zinemak bere historia osoan baino sari gehiago. Eta –oker ez banago– euskal zinema egiteko gogoaz egindako film guztiek baino euskal ikusle gehiago.

  • Kokaleku pertsonal bat: duela 20 urte gidoilari leku bat bilatu nuen, Euskal Zineman, eta oso urrun geratu nintzen lortzetik. Ikusle bat baino ez naiz, bada. Bat baino ez.

Ez naiz Rafa Quirós, jende euskaldunari sinestarazi nahian zortzi abizen euskaldun dituela. Ez naiz Patrizio Etxebeste, bere auzokideei sinestarazi nahian Marbellan dagoela, oporretan. Ez naiz Higinio Blanco, bere auzokideei ezkutatu nahian bizirik dagoela, etxean gordeta...

Kokaleku hibrido bat: ni ez naiz Ion Arretxe ere. Honako hau idatzi zuena (erdaraz): "Kondoi erabiliak bailiran, punkien plastikozko poltsek, barrutik kolaz zikindurik, zaharkiturik, hori, bihurrikaturik, kale erdi-erdian, gauzarik pribatuenaz zikintzen zituzten eremu publikoak" (Errenterian).

Sei filmetan agertu da Ion. Bi nik ikusiak, biak Zinemaldian lehiatuak. Batean –Tiro bat buruan– aktore protagonista, eta bestean – ez sail ofizialean, Non dago Mikel?–, bere lekukotasuna ematen. Eta 12 filmetan arte-zuzendari  aritu. Duela lau urte hil zen, 52 urterekin, arnas arazo larri batez. Gurean bego.

Ionek (Intxaurrondon) bere gauzarik pribatuenaz zikindu zituen plastikozko poltsek zikindutako eremu horiek zer dira? Publikoak ala pribatuak? Hibridoak? Ofizialak?...

  • Eremu hau bera, pantaila hau –nire hitzez, hautsez eta euli kakez zikindua–. Edo hori... Zer da?

Hurrengo atalean, bada: Lurraldetasuna            

J


Utzi iruzkina: