INTROdependentzia (1): Izena
Pertenentzia oso faktore funtsezkoa da gure bizitzan: talde edo komunitate jakin batzuen parte izatea. Haien partaide sentitzea, leku bat duzula espazio kolektibo horietan. Etxetik hasi, zure sendia eta auzotik pasa, lehen lagunak, taldeak... Eta Lurraren edo Jainkoaren kume, munduko hiritar, auzo globaleko auzotar... edo –nik zer dakit– figura unibertsal bat izan nahi izateraino.
Komunitate horietako bat, giltzarria, da nazioa. INTRO honek ez du lekurik –duela 61 urte– jaio zen nazio egituratu eta normalizatuan. Ez du berea sentitzen. Eta berea sentitzen duena oso urrun dago egituratuta edo normalizatuta egotetik. Onartua izatetik ere, urrun.
- Badut lekurik, hor? Hor, non? Badu entitaterik, berez? Izenik?
EH akronimoa erabili dut, 0 atalean. Euskal Herria da, noski, baina Euskal Hiria ere izan liteke. Nahiz eta ni herri txiki batean jaio eta hezi izan, eta beste txiki batean bizi, azken 30 urteotan.
"E" soila ere erabili daiteke. Euskalerria izan, edo Euskadi, Euskaria... Europa ere, testuinguru batzuetan. Mapa askotan, adibidez, Ekialdea da "E". E=mc2 formulan Energia den bezala. Batek ez du zertan Einstein izan, holako Espazio-denbora erlatibo batean aise mugitzeko.
Adibidez, nire autoaren matrikulako "E" hori da EBko nire barruti administratiboko gidarien bataz besteko E mailaren seinalea. Iparraldera joaten naizenean, ez zait iruditzen han okerrago gidatzen dutenik, baina zerbaitengatik ere, F maila dute.
- Beraz, han kontu gehixeagoz ibiltzen naiz autoan, eta zebra-bideak gurutzatzerakoan.
Eta "NA" hori? Nafarroa herrialdean bizi naiz, eta kasu batzuetan Nafarroa ere deitzen diot nire EH burujabeari. Nabarra , eta Navarra ere bai, batzuetan. Ez dut aparteko arazorik izan, urte honetan. Baskonia izenarekin bezala, besteak beste.
Azken batean, adibidez, euskaraz hiru dozena izen ezberdin ditugu intsektu hegalari bakar bat izendatzeko (tximeleta, pinpilinpauxa, zintzitoil...). Eta horrek ez digu balio intsektu horren milaka espezien artean bereizteko (bakoitzak bere izen teknikoa du, unibertsala, latinez).
Bestalde, ez omen da egia eskimalek izen pila bat dutenik elur tipo ugarietarako. Inuit jendea Arktiko osoko kostaldeetan dago barreitatuta, eta hizkuntza eta dialekto asko dituzte. Oro har eranskariak: hitz asko "monema independienteak elkartuz" sortuak. Euskaraz bezala.
- Zergatik ez erabili, bada, monemak elkartzeko abilezia hori gure logo eta lego piezak, geno eta feno tipoak... malgutasunez egituratu eta normaltzeko. Hori ere burujabetzaren parte izaki.
Neure izenaz, azkenik: "K" hori ez da Kafkaren pertsonaia, edo Erregistro Zibileko, ez ponteko, ez etxeko edo auzoko... nire izenaren iniziala. Lehen atal hauetan erabili dudan kontu eta kezka maila da. Hurrengoan "L" izango da, agian? Autoko bera, semeak hartzen duenean (atera berria du gida-baimena).
Hurrengo atala: bandera.
K
Iruzkinak
Utzi iruzkina: