INTROadaptatuak (edo gisako zerbait)
Burgess anaiak Jim eta Bob dira, AEBetako Maine estatukoak, jatorriz. Ez dira liburuaren azaleko argazkiko bi mutilak berak, baina izan litezke, duela 40 bat urte. Zure irudiko, zein da Jim, gizon lerden eta sendoa, abokatu famatua. Eta zein Bob, gizon lodi eta edalea, abokatu grisa?
Arreba bat dute, Susan –Boben arreba bikia–. Honek 19 urteko seme bat du, Zach. Aitak biak abandonatu zituen eta Suediara itzuli zen. Orain Zach atxilotu dute. Bi osabek, beren artean: "Zer egin du?" "Norbait hil?". "Prostituta bat?"... Ez, beste zerbait, baina mutila "pixka bat enigmatikoa da", "babo bat", "ezberdina", "mutil isil bat, bere amarekin bizi dena"...
Ama errudun sentitzen da. Ez da berak espero zuen semea izan, hain arraroa, jaio zenetik. Beti espero izan zuen adinarekin aldatuko zela. Zach isil, iluna zen, pasiboa. Ez zuen lagunik, eskolan beti larri, buruz motza ez izan arren, ikaskideek jo eta burla egiten zioten...
Epaiketa hasi da. Bob, bere artean: "Ez ote dute ikusten mutil gizajo triste bat baino ez dela?".
- Zachek ihes egin du, Suediara, aitarekin, ohar bat utzita: "Barkatu, ama".
Bob ere psikologora eraman zuen amak, txikitan. Orduan ez zen ohikoa, AEBetan ere, haur bat "txoroen mediku batera" eramatea. Gaur egun (ia) normala da, klase guztietako haurrak, klase guztietako arazoekin. Baina zer haur eta arazo klaseak izan dira ohikoenak, hamarkadetan?
- Milaka haur, hilaka psikologo... eta oraindik ez dago INTROfobia hitza, maila hipotetikoan ere, Psikologian? Edo INTROadaptazio hitza, edo gisako bat.
Zer egin da ba, Zach, Suedian? Zergatik itzuli da hain aldatuta? Oraindik baldar, baina hiztun, begietara begiratzen, eta besarkada bana emanez, amari eta osaba Bobi... Elisabeth Strout-ek ez du azaltzen, zer, baina hobe da eleberria irakurtzea.
Nire hipotesia hau da: Strout-en begiradatik ere libratu zela Zach, bere senide eta auzokide amerikarren begiradetatik libratu zen bezala, Suedian. Horri esker gertatu zela aldaketa. Eta horregatik itzularazi zuela AEBetara, Mainera, etxera –zergatik itzuli, bestela?–.
- Goazen ba, Suediara? Hemendik iheska, edo bidaia terapeutikoan.
Suedia ez da paradisua, jakina, INTRO jendearentzat ere. Kontuz! Zachek delitu xenofobo bat egin zuen, bere aita suediarraren e-mail bat jaso eta gero. Ikusi berri dugu eskuin muturraren gorakada ere, hango hauteskundeetan...
Finlandiara, bestela? Hango eskolak hain omen dira ireki eta integratzaileak... Ai, eskola!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: