INTRO Munduko Eguna

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2024-01-04 21:21

introbertsioa@gmail.com 1704400838482

Iaz bezala, hiru hilabeteko etenaldi bat egin nahi nuen Blog honetan, urte berriari begira, baina bi ustekabe izan ditut. Bat eremu pribatukoa, eta gogorra; bestea esfera publikokoa, arina. Biei begira, zeini bere neurrian, ezohiko sarrera –edo ateraldi– hau osatu dut, bi egunetan.

  • Barkatu zentzugabekeria, zentzu erdikeria edo zentzu bikoizkeria askok ihes egin badidate. 

Enteratu al zinen, herenegun? Nire inguruan, eta nire ohiko hedabideetan, behintzat, ez zuen inork aipatu, baina asteartean, urtarrilak 2, ospatzen zen INTRObertituen Nazioarteko Eguna.  

Ez da Nazioarteko edo Munduko egun ofizial bat, Nazio Batuek edo bere edo beste erakunde ofizial batek ezarritakoa, protokolo zorrotz baten bidez. Ez. Urteko lehen egun ofiziala gaur da, urtarrilak 4, Munduko Braille Eguna –zorionak jende itsu irakur, ikasi, irakatsi eta idatzi zaleari.

Asteartekoa, berriz, ez zen serio hartzekoa. Konparazio, atzo, urtarrilak 3, Txokolatez Estalitako Gerezien Eguna zen. Goxoki horren zale –banako edo talde– batek noizbait proposatu, zabaldu eta zale kopuru handi batek, munduan zehar –AEBetan, batez ere?–, bat egin ondoren ezarria.

INTRO Eguna, berriz, 2011n aurkeztu zuen Felicitas Heyne psikologoak. Esan bezala, ez da aski proposatzea. Asko zabaldu egin behar da –sare sozialen bidez, batez ere– eta jende askok bat egin behar du.  INTRO hau, behintzat, ez zen enteratu ere egin, 2011n –eta aurten arte, Sarean bueltaka, txiripaz–, baina Felicitas Heynek lortu egin zuen, INTRO kopuru aski batek bat egitea.

  • Erraz ala nekez lortu ote zuen?

Sarean sartu –edo atera– eta bilatuz gero, erraz aurkituko duzu Felicitas Heyne: bere gunea, bere lekua Wikipedian eta Audiopedian, bere kontuak –Facebook, Linkedin, X...–, bere liburuak –Amazon, Google Play, eBay...–, bere agerpenak –YouTube, IMBd...–, aipamenak...

Bateragarria al da holako profil eta presentzia oparoa INTRO jendearen joera eta jokaerekin? Heynek –www.introvertday.com gune ofizialeko bere elkarrizketan– dio bera EXTRObertitua dela, baina 25 urte zeramala INTRObertitu batekin ezkonduta. Eta 2011ko bere ekimenak oso erantzun oparoa izan zuela, bai hedabideetan, bai Sarean –batez ere Indian, eta Twitterren!!!       

  • Hona INTRO jendearen ezaugarri batzuk –www.diainternacionalde.com gunearen arabera:

"Bakarrik egotea gustatzen zaie, edo talde txikitan, edo jende gutxirekin inguruan".

"Ez daude gustura ekitaldi sozialetan; gogokoak dituzte elkarrizketa esanguratsu eta sakonak".

"Beren barne munduan zentratzen dira, eta beren barne espazioa behar dute".

"Indar asko galtzen dute interakzio sozialetan, eta denbora asko behar dute indarberritzeko".

"Besteekin modu neurritsu batean harremantzen dira, ingurua kontrolpean, ez estresatzeko".

Ideia okerra da Sarea eta sare sozialak inguru erosoak direla, INTRO jendearentzat. Neurrira eginak bezala. Introbertituen xede  boteretsua liburuan Holley Gerth-ek aitortzen du 2009an web-gune bati lotu zitzaiola, sei hilabetetan milioi bat bisita lortu... eta ahitzeko zorian akitu.

  • Braille Eguneko bestako protokoloan eskularruak janztera exijitzea bezala da. Edo kolesterol maila altu bat Txokolatez Estalitako Gerezien Eguneko jairako.

Blog honek zenbat bisita izan ditu, hona sartzen –edo ateratzen– naizenetik? Mila, bi urtetan? Gutxiago ez, espero dut –gehiago ere ez, erantzun kopurua ikusita–. Zurea nekez, txiripaz ere.  Zuregatik, batez ere, hasi nintzen arren, eta hau osatu dudan arren. Zuri indarra nolabait bidali nahian –bigarren egun honetan ere bigarren odol transfusioa egin dizutela esan dit amak.

  • Badakizu zergatik dioen batek aukeratu zela urtarrilaren 2a, INTRObertituen egun gisa? Eguberrietako oporren azken eguna delako!!! Ospatzeko edo...

Bihar noa ni –bisitan ez, bi egunetarako–. Nork esan behar zigun, Urte Zahar gauean, ezta? Iaz bezala, hirurok, pantailari begira –bestaldeko dopamina oldeak ez ote zuen hautsiko–. Galdetu nizun ea desioren bat bazenuen, Urte Berrirako. Zuk ezetz, akidura sentipen hura sendatzea, soilik.

Goiko irudia, introvertday.com gunetik hartua


Utzi iruzkina: