INTRO klabean? Lahiri

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-06-17 19:42

introbertsioa@gmail.com 1687023832667

Pista bat gehiago? INTRO klabean idaztea zer den –Murakamik bezala–, nire iritziz. Berriki jakin dut Jhumpa Lahiri idazlearen berri, Iban Zalduari esker –ez Donostian, pena izan da–. Horrek salatzen du zer ezjakina naizen literatur kontuez –nor naiz ni, klabeez hitz egiteko?–. Eta oker nagoela, segur aski, Zalduak baldin badio Murakami "literatur munduko bluff  nagusienetakoa" duela.

  • Oker nagoela nire hipotesian ere, INTROfobia ote dagoen Murakamiren kontrako ezin ikusian. Lahiri zalea baldin bada Zaldua; ez daude ba, INTRO klabean, In altre parole eta Dove mi trovo?

Ez naiz Murakami eta Lahiri konparatzen hasiko. Konparaketa guztiak –ez Murakami bezala– gorrotagarriak dira. Gainera, Lahiri ez dago Nobel Sariaren kinieletan, oraindik. Pulitzer saria bai irabazi zuen, bere lehen liburuarekin. Ipuin liburua, sari hori irabazitako lehena, 100 urte luzetan; ez da harritzekoa Lahiri zalea izatea, Zaldua –irakurri ote du, eta ikusi, Drive my car?

  • Dena den, noiz hasiko da Nobel Saria idazle asiarrekin pilatu duen zor historikoa kitatzen?

Jungek –1921ean– Ekialdeko eta Mendebaldeko klabe artistikoak bereizi zituen. Hemen, EXTRO subjektuak bizia ematen dio objektuari, enpatia eta konfiantzaz. Han, objektuak berez du bizia, eta boterea, eta INTRO subjektua bere barnean biltzen da, mesfidantzaz, hura abstraitzeko.

  • Ekialdeko klasikoak zituen buruan Jungek; ez, segur aski, Tagore, 1913an saritua, ez Kawabata, idazten hasia, eta 1968an saritua.

Nire iritziz, INTRO klabean, idazlea bezain subjektua da irakurlea bera, eta gaiak, pertsonaiak... Idazleak dio: "Haiek dira, baina zu izan zaitezke". EXTRO klabean, berriz, idazleak dio, irakurle objektuari, lehen pertsonan ere: "haiek objektuak dira, hemen; zuk begiratu, lasai, hortik".

Zuk ere ez bazeneki, Londresen jaiotako indiar jatorriko idazle estatubatuarra da Lahiri; ama hizkuntza bengalera du, baina alfabetatu gabe. Unibertsitatean latina ikasi zuen, Ovidio eta Metamorfosiak irakurtzeko adina. Gero italiera, bere kabuz. Erromara joan eta italieraz idazten hasi zen, ingelesezko segurtasunari ihesi. Baina murru bat topatzen du, maiz, italiarren aldetik.

  • Dove mi trovo –oso oker ez banago– uler liteke "non nagoen" zentzuan, edo "nire burua non aurkitu" zentzuan.

Lekuz leku doa narratzailea, lehen pertsonan, kaiera pertsonal baten gisan. Lahiriren adineko emakume bakarti bat, bere betiko hiri italiarrean –ustez– arrotz sentitzen dena. Aita zena bezain urrun du ama –beste familiarik ez–.

  • INTRO klabean ari da, oro har, baina ez bete-betean, beti. Zergatik ez?

Hotelean atalean, bat-batean, emakume bakartia idazleen kongresu batean dago. Hotel jendez bete batean, lankideez inguratuta. Urteroko kongresu bera, jende bera, hiria soilik da berria, eta hotela, itsusi eta zaratatsua. Baina berak eta besteek logela bat dute, hor –zuk ere bai?

Afari batean atalean, lagun baten pisu txikian dago. Sei lagun, mahaian. Bere konfidantzazko zirkulu bat, eta ezezagun batzuk: zinegile bat, kazetari bat, poeta bat, psikologo bat, eta bikote bat, eztei bidaian. Bera emazte berriarekin eztabaidan, eta besteak mutu, moztuta –eta zu?

  • Eta Zaldua? Ezagutzen dudana oso mesfidatia da autofikzioarekin. Zergatik ez Laharirekin?

Landan lagun batek landetxea utzi dio –zuri ere?–. Telefonoan bere –eta zure?–maitaleetako batekin ari da. Esnatzean beka bat eman diote –zuri ere, eskatu eta esperatu gabe?–. Urte oso bat, atzerrian, dena barne. "Ez dut gau bakar batean ere afaldu beharko –dio– konpainiarik gabe".


Utzi iruzkina: