INTRO huts infinituak (eta 2): Niels Bohr

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-10-29 20:51

introbertsioa@gmail.com 1698611016308

Jorge Nagorek zutabe motz zorrotzak idazten ditu Diario de Noticiasen –Kontrara–. Hutsa, Fisikako Nobel saritu berri baten aipu baten kontura: "Pertsonak espazio hutsez osatuta gaude, funtsean". Nagorek dio txikitatik duela susmo hori: oso gauza eskaxa garela. "Jende isila ere", jakintsu itxura eduki arren, "como si todo lo que oyeran ya lo supieran desde hace centenios".

Nik uste, Anne L'Huillier fisikariak esan nahi zuena da gure gorputzeko atomoak espazio hutsa direla, gehienbat. Nukleoa baloi baten tamainakoa balitz, atomoa, futbol zelai baten parekoa. Halere, badakigu indar nuklearra ez dela huskeria –bonba atomiko eta nuklearrak lekuko.

  • Ez dakiguna –jakina–, indar gorri hori nola atera. Gehienez ere, atomoak zatikatu egin behar direla. Nahiz eta atomo hitzak "zatikaezina" esan nahi, grekeraz.

Presura feria egin berri da Iruñean, Espainia hutsa hizketagai: barnealdea erabat husten ari da; Madril alde batera utzita, jakina, eta Iruñea bezalako hiri-nukleo eta sateliteak. Nola aurre eta kontra egin tamainako hustuketa sozio-, kultur-, geo-, politiko, ekologiko...  katastrofiko horri?

Bitartean, Kirmen Uriberen podcast bat iritsi da, Frankfurteko Liburu Feria jendetsutik: lekurik ez Adania Shibli palestinarrarentzat, Israeleko standa hutsik... "Gerraren hutsune infinitua".

Feynmanek zioen: "Badago leku huts asko fondoan". Ekitaldi jendetsuetan esaten dena* txip informatikoen espazio posiblearekin lotuz, profetiko. Baina 1960an nola igarri Oskar Alegriak xahuketa digitalaz dioena? Zinzindurrunkarratz film mutua super-8ko bobinetan filmatu du.

  • (*Aulki huts askoko ekitaldietan, berriz, lehen lerroak betetzea izaten da zailena.) 

Goizalde Landabasok ere L'Huillierren aiputik tiraka idatzi zuen Berrian –Atomoak–. Ezin da gure barnean "denok dugun demaseko huts hori" bete. Zer litzateke, izan ere, gure atomoak betetzea? Urre atomoak bihurtu? Midas errege. Edo plutonio atomoak? Manhattan doktore...

Nagorek dio: "A mí los callaos siempre me dan mala espina. Algo esconden, quizá incluso no dicen nada para, como dice el chiste, no cagarla". Itxura hutsa gara, beraz? Futbolaz tar-tar-tar ari direnak bezain hutsalak, baina isiltzen dakigunak, Jorge Valdanok adina dakigulako plantan.

Niels Bohr futbolaria izan zen, gaztetan, bere anaia bezala –hau Danimarkako selekziora iritsia–. Ezer gutxi gehiago dakigu bere lehen 25 urteetaz. Bere izaeraz ere, ezer gutxi. Paul Strathern biografoak dio: "Haurtzaro zuri eta gaztaro zozo bat eta gero, gazte isil eta uzkur bihurtu zen".

  • Halere, ez naiz ausartu INTROpediako atal bat egitera, Bohr kontu. Eta gero INTRO izateari utzi bazion, zer? A zer kakaldi!

Nola izan zen hurrengo 52 urteetan, XX. mendeko fisikari handiena –Einsteinekin batera–. Soilik dakigu oso serio agertzen zela beti, bere irri zabala atera aurretik. Eta hausnarrean bezala hitz egiten zuela, hain isil eta ilun, zaila zela bereizten noiz ari zen ingelesez, eta noiz danieraz.   

Baina Danimarkako erregeak hartu zuenean, honi kontra egitera ausartu zen: "Ni ez, anaia da futbolari famatua". Eta erregeak bizkar eman zion, minduta.

Manjit Kumar-ek Quantum liburuan dio: "Isiltasuna nahitaezkoa zen Bohrrentzat". Baina gero, asko gustaten zitzaiola hitz egitea. Eta gero: "irudimenezko solasean" aritu ohi zela. Eta gero...

1922an jaso zuen Nobel Saria –Einsteinek ere, 1921koa–, atomoaren ereduagatik. Jungen Tipo psikologikoak agertu eta gutxira, non zioen INTRO tipoan faktore subjektiboa ari dela beti, jokoan. Eta hori da, hain zuzen, Bohrren ekarpen nagusia: itzal subjektiboari lekua egitea, joko zientifiko –ustez– objektiboan. INTRO asko ere kontran agertu zen arren –eta kontrena, Einstein.

  • Eta huts egin arren, ideia horren alde, Bohrrek. Huts egin zuen bezala, gero, lasterketa atomikoaren kontrako bere argudioekin, edo lehen, atomoaren bere ereduarekin.
   PIRO4D, Pixabay 

Izan ere, nolakoa da atomo bat, berez? Demokritoren bolatxo haiek mendetan bazter utzi, eta debekatu, eta berpiztu eta gero, XX. mende hasieran opil* baten itxura hartu zuten –elektroien pasa pikorrez–. Orduan EXTRO batek –Rutherford– eman zion Eguzki Sistema txiki baten itxura, gaur arte iraun duen irudi ikonikoa. Nahiz eta faltsua izan, segituan susmatu eta argitu zenez.

Nola, argitu? Pizti izuti batekin parekatu zuen atomoa, Frischek: gauez soilik ateratzen da bere gordelekutik, eta argi motelenak ere –fotoi bakar batek– uxatu egiten du.

  • (*Gaur egun unibertso inflazionarioa irudikatzeko erabiltzen da pasa-opila: orea dela espazio hutsa, eta pasa-pikorrak, galaxiak).

Ez dut espaziorik luze edo motz azaltzeko. Irudikatu frontoi bat (Jorge Oteizaren "Hutsa") eta atomoa pilota dela, ziztu bizian. Eta frontisean –futboleko ate bat margotu duten aldean– harri handi bat mugitu dela, eta bi zirrikitu txiki dituela, ezker eta eskuin. Partida aski luzatuz gero, pilota bi zirrikituetatik batera pasa egingo da eta, bestaldean, bere buruarekin talka egingo du.

  • (Irudia: "Futboleno", 60 Karbono atomoez osatuako Fulereno bola da, orain arte, bi zirrikituen esperimentua lortu den objektu handiena.) 

Nola azaldu, pasa eta talka misteriotsu horiek? Interpretazio asko daude, baina Bohr buru zen Kopenhagekoa izan da nagusia, hasieratik, eta gaur egun arte. Faltsua dela aitortu zuen arren. Bi hitzetan: ikusten ez den bitartean, eta ikusten ez den tarteetan, ez dago pilota.

Zer egiten da, bada, pilota? Zirrikituak baino txikiagoa? Ez, kontrara: frontoia baino handiagoa egiten da.

  • Interpretazio ausartenak dio unibertso osoan atomo bakar bat dagoela; atomo horren bertsio posible –eta kontaezin– guztietan bananduta, denak elkarrekin talkan –ikusezin, gehienetan.

Bitartean, nola agertu ziren P4F Zientzia jaialdian hizki batzuk atomo solteez eginak? (45. segunduan)


Utzi iruzkina: