EdozeINTRO (herriko jaixetan): BAT

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2022-07-23 10:55
1

introbertsioa@gmail.com 1658568095869

Asko ikertu da jai herrikoien gaia, alderdi askotatik. Ni ez naiz gai teorikoki heltzeko. Ez naiz soziologo edo antropologoa. Halere, saiatuko naiz nire bizipen pertsonalak prisma kolektibo batetik aztertzen.  Zerbait oker edo motza agertuz gero, zuzendu edo osatu, mesedez.

Barrutik bizi izan dudanetik, bada, hiru geruza nagusi ikusten ditut: jaia sentitu, jaia moldatu, eta jaian murgildu.

1- Lehenak –sentitu– komunitate jakin bateko kidea izatean du oinarri: zu partaide zaren jende horren jaia da, eta jai horren parte zara.

Beti sartu izan naiz geruza horretan. Jaio eta hazi nintzen herrian ia herri osoa sartzen zen, tipo arraro batzuk kenduta, INTRO joerakoak, oro har. Ni baino arraroagoak, nonbait –ni ez naiz nor haien ordez hitz egiteko–. 

Orain bizi naizen herrian, berriz, ia herri osoa sartzen da, baina ez da hain arraroa, ez sartzea. Herri handiagoa da, batetik, eta bestetik, gaur egun askoz handiagoa da herritarron aniztasuna. Bai jatorriaren aldetik, bai bizimodu eta pentsamoldeen aldetik.

2- Aldaketa hori nabaria da bigarren geruzan –jaia moldatu–, non herriko indar faktiko eta aje hierarkikoak jokoan ari diren. "(Ia) denen jaiak" antolatzetik "(ia) denentzako jaiak" antolatzera pasa da, teorian. Jende, fede, diru, epe... mugatuekin, praktikan.

Geruza horretan sartu nintzen, gaztetan, eta gazte sentitu nintzen artean. Barrutik bizi nituen tirabirak eta arrakalak, jai ereduari buruz. Zer sartu, kendu edo mantendu, nola egokituz edo blindatuz...  Arlo batzuk, aski gatazkatsuak: emakumearen lekua eta papera, erlijioarena, sinboloak...

Bi ekitaldi klase bereizten ditut, jai-programetan: alde batetik, "betikoak", batez ere betikoek zuzenduak, edo zainduak. Eta bestetik, eta gazteriaren kargu, batez ere, "ezohikoak" direnak;  batzuk berriak, beste batzuk urterokoak, baina urtean barna aski bakanak, herrian.

INTRO naizen aldetik, oso barrutik bizi nituen nire nahi eta ezinak. Oso bakarrik ere, maiz. Eta gaztetasuna galdu ahala –esan bezala–, jaietako geruza horretatik atera nintzen.           

3- Halere, hirugarren geruzan sartzen naiz, oraindik, nire INTRO joera eta guzti.

Tarte onak pasatzen ditut herriko jaietan. Nire INTRO joera lagun: murgiltzeko gai naiz ikusle edo entzule hutsa izanik ere.

Baina ez dut aski, horrekin. Ez hainbeste neuregatik, baizik eta INTRO joerako gure seme-alabengatik. Bereziki, lehen geruzan ere ez badira sartzen.

"Intro" kanta. "Mundu galdua" diska. HILBERA taldea


Utzi iruzkina: