"BESTEbatasuna"

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-03-26 20:47

introbertsioa@gmail.com 1679856619076

Blog honi ekin nionean, ez nuen BESTE bitartasun bat inola proposatu nahi. Eta intro/extro binomioa maiz erabili badut, ez da izan inor definitu, sailkatu edo etiketatu nahian. Izan ere, inort ere ez gara erabat, edo era berean, intro.

BESTE zerbait seinalatu nahi dut, hain zuzen ere: BESTEtasuna. Ez erdaraz otredad edo altérité adierak ulertzen diren zentzuan. Sartrek muturreraino eraman zuena, "infernua BESTEak dira" esatean –bere pertsonaia batek, Ateak itxita antzezlanean–.  

Ez, BESTE BESTEtasun mota bat adierazi nahi dut: "BESTEbatasuna" deitu diot.

Batez ere, intro jende asko eta askotarikoa inort gutxi garela dirudien eremu sozialean. Ziur nago geure buruarekin bat egiteko BESTE era edo joera bat dugun bezala, BESTEekin ere badugula. Oso era zabala, eta gutxi garatua ("gara" aditz laguntzailearen zentzuan ere).

BESTE bategite mota bat, eta mila modu posible, eta bat gehiago. Baina oso modelo gutxi, tamalez.

"BESTE bat". Ez kontzertuen bukaeran eskatzen dena: "kanta bat(zuk) gehiago!". Kiko Venenok  "¡vete ya!" ulertu omen zuena. Eta Olaia Intziartek bere kabuz eskaintzen duena –zeruko martzianoak baino arraroago–, azken kantak eman aurretik.  

Txikitatik, oso gutxitan sentitu izan naiz "BESTE bat". Izan gure familia handian, edo gure herri txikian. Nahiz eta gutartasuna bai sentitu, askotan, nire inguruan bezala nire barruan ere. Zerbaitek bihurtzen ninduen, ia beti, "BESTE zerbait".

Edo gero, ikastetxe txiki eta handietan. Batzuetan bai "bat gehiago" nintzen, klaseko, pasilloko edo patioko jende multzoetan. Ez ordea taldeetan, BESTE bat.

BESTE taldekide bat. Ez "bat gehiago", BESTE bat baizik: "taldekide hau".

Halere, BESTE bizitza bat hasteko aukera izango banu, ez nuke BESTE bide mota bat hartuko, BESTEekin bat egin nahian. Agian BESTE modu batzuk probatu bai. Hasteko, lehenago hasi, saiatzen.

Intro joerako jendeak geure buruarekin bat egiten dugun eran, BESTEekin ere, saiatu. Adibidez, bat indartsu dagoenean, ez du indar falta sentitzen. Badu indar aski, BESTEei eskaintzeko ere. Bada, orduan eskaini!

Ordea ahul zaudenean, indar premia duzu. Orduan, hasteko, zeure barruan bilatu, eta pilatu, BESTE indar bat(tzuk), gehiago. Eta azken indarrak eman aurretik, zure inguruko BESTEei ere, eskatu!

Indarra, BESTEak BESTE.


Utzi iruzkina: