Poloniako presidentea hil da, hegazkin istripuan

imaoa 1456147847962 ExorcistaAndCompany | 2010-04-14 21:57

Poloniako presidentea hil da, hegazkin istripuan

Lech Kaczynskik Errusian izan du ezbeharra. Azken berrien arabera, 96 bidaiari zihoazen Tupolev 154 hegazkinean eta denak hil dira istripuan; besteak beste, presidentearen emaztea, Poloniako atzerri ministrordea, armadaburua eta banku zentraleko presidentea.

 

Poloniako Atzerri Ministerioak dio behe-laino handiaren ondorioz izan duela istripua hegazkinak; zehatz-mehatz, zuhaitz batzuk jo ondoren, su hartu du.

 

 Agintariak Smolensk-era zihoazen, eta beraien asmoa zen bertako aireportutik Katyn basora joatea. Bigarren mundu gerran Sobietarrek Poloniako milaka ofizial hil zituzten baso horretan. Sarraski haren 70. urteurrena markatzeko unea iritsi denean, Errusiaren erru aitortzaz gain, gertatu da hau. Militar horien senide batzuk ere hegazkinean zeuden.

 

Kaczynskik 60 urte zituen. 1949an Varsovian jaio zen. Zuzenbidea eta Administrazioa ikasi zuen Varsoviako Unibertsitatean. 2000 urteko uztailaren 4an Justizia ministro izendatu zuten, 2001eko uztailaren 4ra arte. Ondoren, 2002ko azarotik 2005eko abendura arte Varsoviako alkatea izan zen. 2005etik izan da Poloniako lehendakari. Bere anaia bikiarekin batera Legea eta Justizia izeneko alderdiaren buru zen. Alderdi kontserbadore horrek abortuaren, eutanasiaren eta sexu bereko bikoteen aurkako politikak bultzatzen ditu, besteak beste. 2007.urtean, Kaczynskiren alderdiak hauteskundeak galdu arren, iazko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan gora egin eta hamasei ordezkari lortu zituen.

 

Donald Tusk Poloniako lehen ministroak gobernuaren premiazko bilera deitu du ezbeharra gertatu bezain laster. Hango konstituzioaren arabera, Brolislaw Komorowski Parlamentuko buruak hartuko du Presidentzia kargua behin-behinean.

 


Utzi iruzkina: