DEONTOLOGIA

iker larranaga 1473958737635 Iker Larrañaga | 2017-09-25 19:14

ASTELEHENA

Nightcrawler:

Los Angeleseko mutil gazte bat auto istripu baten lekuko izan da. Bertan, kameralari bat agertzen da berehala gertatutakoa grabatzeko eta ondoren irudi horiek komunikabideei saltzeko. Lehiakortasun handia egon arren— geroago hitz egingo dut honi buruz— gaztea ohartzen da dirua irabazteko modu on bat dela, eta lanik aurkitzen ez duenez, mundu arriskutsu horretan murgiltzea erabakitzen du. Hasiera batean zaila egiten zaio hirian gertatzen diren istripuak, biktimak, suteak… grabatzea, hasiberria baita. Baina esperientzia lortzen doan heinean, lan horretan hoberena izateko, egoera bortitzenetan hildako gorpuak arazorik gabe grabatzen ditu, irudi harrigarrienak telebista kateei saltzeko. Eszena batean, istripu batean gertatutako hildako bat tokitik mugitzen du biktimaren plano egokiena lortzeko, edota etxe batean gertatutako tiroketa batean eraildako pertsonen gorpuak gertutik grabatzea ausartzen da, egoera biolentoak probokatzeraino. Hala, Los Angeleseko telebista kate batek bere irudiak jartzen ditu albistegian, pixelatuta noski, baina nire iritziz ez da nahikoa. Tamalgarria iruditzen zait irudi horiek emititzea baita grabatzea ere.

Egun, komunikabideen arteko lehia ikaragarria da. Guztiek nahi dituzte grabazio onenak, besteek ez dituztenak, ikuslegoa erakartzeko eta gero eta audientzia gehiago lortzeko. Ikasgelan aipatu dugun moduan kazetariak kontu handiz ibili behar dira ekoizten dutenarekin, askotan morboa sortzea baita komunikabide garrantzitsuenen helburua. Errespetuz jokatzea ezinbestekoa da ogibide honetan.

Odol Hotzean:

Albiste bat emateko modu asko daude eta Iñigo Aranbarrik adibide bat jarri du Odol Hotzean iritzi artikuluan, hilketa bat. Bi egunkariek albiste bera nola jorratzen duten desberdindu ditu. Argi eta garbi ikusten da biek zehaztasun osoz kontatzen digutela gertaera, xehetasun ñimiñoena ere azaltzen dute, morboa probokatzeraino. Hildako emakumearen nazionalitatea ere aipatzen dute, baina beharrezkoa al da aipatzea albiste honetan neska nongoa den? Albisteak helarazi nahi duen informazioa aldatzen du neskaren jaioterria aipatzen badugu? Eta biktima pertsonai publiko bat izan balitz, xehetasun guzti horiek emango genituzke? Biktima atzerritarra izan edo ez berdintasun osoz informatu behar du berriemaileak. Ikusten denez, desberdintasun ugari daude kazetaritzan eta arreta handiz ibili behar da informazioa zabaltzerako orduan

ASTEARTEA

Kontzeptuak:

  • Ikus-entzunezko kontseilua: Ikus-entzunezkoen erakunde erregulatzaile independentea da. Espainian ez dago horrelakorik. Hala ere badaude autonomia batzuetan, Katalunian adibidez. Kontseiluen funtzioak dira eduki eta publizitatea analizatu eta legedira egokitzen direla egiaztatu eta herritarren eskubideak errespetatzen dituztela bermatu.
  • Prentsa kontseilua: Ikus-entzunezkoen kontseiluko antzeko funtzioak ditu eta komunikabideen egoera desegokiak salatzen ditu.
  • Opariak: Berriako estilo liburuak dio opariak teorian ez direla onartzen baina enpresarako onura badakar onartzen dira.
  • Deontologia: Kode deontologikoa arau espezifiko batzuen multzoa da, gai baten aurrean profesionaltasunez jokatzeko. Zuzenbidea eta etika lotzen dituen zubi bat dela esan genezake. Kazetari baten kode deontologikoaren oinarrizko printzipioak dira erantzukizun soziala eta informazioa egiatasunez helaraztea. Arau minimo batzuk ere badaude, hala nola, errespetua, informazioa ikertu eta zintzotasunez argitaratzea, intimitatea errespetatzea, adingabeak babestea… beharrezkoa du kazetariak bere lana ongi burutzeko.
  • Kazetaritza, mezua eta publizitatea: Kazetaritzan ezin dira mezua eta publizitatea nahastu. Publizitateak eragin handia izan dezake gizartean eta gaizki eginez gero errealitate faltsu bat islatuko du.
  • Intimitatea eta ohorea: Pertsona ororen intimitatea eta ohorea errespetatu behar dute komunikabideek.
  • Gizarte erantzukizuna: Informazioa helarazteko kazetariek kontu handiz ibili behar dute, batzuetan gizarteak komunikabideetan ikusten duena ontzat jotzen du eta pentsatzen du bertan ikusitakoa dela aukera bakarra.
  • Adingabeak: Adingabeen aurpegiak pixelaturik agertuko dira guraso edo tutoreen baimenik ez badute. Komunikabideek ez dituzte gai desegokiak emitituko haurrentzako ordutegian.
  • Etika eta morala: Etika da txikitatik barneratzen ditugun printzipioak eta morala nolabait gizarteak bultzatzen gaituena egitea.
  • Off the record: Iturri anonimo batetik informazioa lortzen denean off the record lortutako informazioa dela esaten da.
  • Migrazio eta gutxiengo etnia: Protagonisten etnia, erlijioa, jatorria eta kultura ez dira aipatuko informazioetan, albistea ulertzeko ezinbestekoa bada bai.
  • Bazterkeria sexuan eta arrazan: Ezin da pertsona bat baztertu identitate sexualagatik, desgaitasun fisiko edo mentalagatik, ideologiagatik, jatorri etniko edota nazionalitateagatik.
  • Akatsen zuzenketa: Komunikabideek albiste edo gai baten inguruan akats bat egiten dutenean zuzendu egin behar dute.
  • Errugabetasun presuntzioa: Honek esan nahi pertsona bat errugabea dela aurkakoa froga dezakeen datuak egon arte. Komunikabideek kasu hauetan ezin dute pertsona bat aurrez errudun bilakatu epaileak esan arte.
  • Suizidioak eta istripuak: Ezin dira hildako zein zauritutakoen izen abizenik eman, ezta irudi edo grabaziorik. Hanka-sartzeak egon ohi dira horrelako kontuekin.
  • Kontzientzia klausula: Pertsona batek lan egiten duen hedabideak berarekin bat ez datorren ideologia aldaketa bat izaten badu, lana uzteko eta indemnizazio bat jasotzeko eskubidea.

Maurice Ravelek «ni Al Kaeda naiz» aldarri egin zuen eguna:

Iñigo Aranbarrik hainbat albiste aztertu ditu, titularrak bereziki; Lehena “Siriarrak sutan, Mahomagatik”, eta harritzen diona “Mahomagatik” da. Ikus daiteke yihadismoa erlijio islamarekin lotu dela zuzenean eta berez ez dute zerikusirik, denak zaku berean sartzea ditu. Bestea, “Donibane Lohizunen jaiotako gizonezko baten epaiketa hasiko da gaur AEBetan, Irailaren 11ko atentatuengatik”. Gizonezko hori Zakaria Moussaoui zen, jaiotzez euskalduna, beraz zergatik ez da jarri hori zuzenean? Komunikabideak batzuetan komeni zaiena jartzen dute.

Albistea:

Bartzelonak atentatuak gertatu zirenean sare sozialak pil-pilean jarri ziren. Irudiak eta bideoak azkarregi zabaldu ziren gauza onerako. Komunikabide batzuk umeen gorpu zaurituen irudiak emititu zituzten eta hori kode deontologiko guztien aurka doa.

ASTEAZKENA

Aurkezpena nola egingo dugun:

Osteguneko aurkezpena egiteko iturri desberdinak aztertu ditugu. Diego Pastranaren kasua aztertzeko xehetasunak oso garrantzitsuak dira istorioari koherentzia emateko. Lehenbizi, kasua gertatu zenean prentsan publikatu ziren albisteak aztertu ditugu, datuak kontrastatzea pauso garrantzitsua baita. Ondoren, telebista kateetako albistegietan gai hau nola jorratu den ikusi dugu. Eta azkenik, sare sozialetan publikatu ziren bideoak ikusi ditugu. Ez da batere zaila izan informazioa aurkitzea, errugabetasun presuntzio kasu hau oso ezaguna izan baitzen Espainian. Aurkezpenetan gehienetan Power Point baten bidez aurkezten ditugunez, bideo bat egitea pentsatu dugu.

Bertsio Ofizialak Dio:

Artikulu honetan ikus daiteke komunikabideek albiste bat ematerakoan nola saiatzen diren gu manipulatzen. Lehenengo berrian Aranbarrik albistea zehatz-mehatz aztertu du. Poliziak lapurreta bat zela eta sei gazte atxilotu zituztela eta beste hiruk alde egin zutela. Azken horietatik bi hil egin ziren. Baina badute bi gertakariek zerikusirik? Gazteak zergatik egiten zuten ihes? Ikus daiteke gertaera batzuetan komunikabideek poliziaren bertsiotik abiatuta informatu gaituztela, hau da, komunikabideek albistearen testuingurua eman behar dute eta nahiz eta poliziaren bertsioa izan kontrastatu egin behar da. Bigarren albistean, antzeko kasua dugu. Ertzaintzak auto bat geldiarazi zuela A-8 autobidean eta ibilgailua miatu ondoren CD eta DVD piratak aurkitu zituztela autoan. Benetan estatus sozialagatik epaitu zieten, etorkinak izateagatik, eta ez CD eta DVDren kontuagatik, hori aitzakia bat besterik ez da albistea manipulatzeko. Gertaeren atzean dagoena aztertu behar da.

Albistea:

Gaurkoan orain dela pare bat aste ikusi nuen albiste batekin nator. Lydia Lozano Sálvameko kolaboratzailearen bizilagunak nazkatuta omen daude Lydiak etxean egiten dituen festataz. Telecincoko kazetariaren bizilagunak Lozanoren etxeko atzeko patioa ikusten du bere balkoitik. Bizilagunak programara deitu eta irudi eta grabazio pribatuak zituela esan zuen. Kazetariaren intimitatea guztiz urratzea dela iruditzen zait. Nahiz eta pertsonai publikoa izan eta pertsona askok ezagutu ez dut uste muga horiek gainditzeraino iritsi behar garenik. Hemen ikus daiteke Lydia Lozanoren auzoa eta etxea. https://www.vanitatis.elconfidencial.com/noticias/2017-08-11/lydia-lozano-salvame-donde-esta-su-casa-madrid_1427707/

OSTEGUNA

Kasuak:

Emakumea kirolean gutxietsia dagoela ebidentzia bat da eta komunikabide asko egoera horren errudun dira. Gelakideek erakutsitako adibideak besterik ez dira ikusi behar 2016ko Rio de Janeiroko joko olinpikoetan zegoen gizon eta emakumeen arteko desberdintasun nabariaz ohartzeko, tamalgarria XXI. mendean. Emakume kirolarienganako diskriminazioa modu desberdinetan ikusi genuen; sexismo linguistikoa batetik. “Las 6 deportistas mas sexys de Rio”, “No solamente es bonita, también es muy buena jugadora de voleibol”, “La lista de buenorras internacionales en Rio” eta antzekoak ikus genitzakeen aurreko udaran prentsan, telebistan zein sare sozialetan. Hedabideak hanka-sartze horiek konpontzeko asmoz titularrak aldatu zituzten: “La lista de las atletas olímpicamente atractivas”, albistearen esanahia aldatu izan balute bezala, eta horrelako txioak nonhai “berdintasunez” beteriko jokoetan. Bestetik ikusezintasun joera dugu, non emakumearen lorpenak estaltzen diren, hona hemen adibide bat: “Rivas, el hombre que convirtió en oro las rabietas de Carolina”. Eta azkenik estereotipoak, askotan euren meritua amatasunarekin, familia edota senargaiekin lotzen da, “Maialen Chorraut una mamá a contracorriente” edota bere edertasun edo fisikoarekin, “Lydia Valentin, una Hércules con maquillaje”. Kasu hauek sare sozialetan eztanda izugarria izan zuten eta asko ezabatzera behartuak izan ziren. Estilo liburuek diote hizkera sexista, estereotipoak, egoera zibila, amatasuna… saihestu behar direla noski baina ikusi dugu askotan ez dela errespetatzen, hedabide askok morboa probokatu eta atentzioa deitzeko bakarrik egiten baitute. Oraindik kirol kazetaritzan desberdintasun handia dago gizon eta emakumeen artean, laburbilduz kazetaritza matxista egiten da. Estereotipo negatiboak dituzte oraindik, emakumea bigarren plano batean agertzen da beti, askotan emakumearen lorpenak bere bizitza pertsonalarekin lotzen dira eta emakumearen gorputzak sexualizatua izaten jarraitzen du.

Budd Dwyer Pennsylvaniako alderdi errepublikazaleko kide zenak bere buruaz beste egin zuen zuzenean. Komunikabide askok zuzenean emititu zuten, zentsurarik gabe, kode deontologikoak apurtuz. Gorpuaren lehen planoa grabatu zuten, eta hori ez da etikoa. Morboa bilatzen saiatu ziren. Beste telebista kate batzuk aldiz, irudia izoztu eta soinua bakarrik emititu zuten. Gaur egun ez dut uste hedabideek horrelako egoera bortitz bat emititzeko gai izango zirenik, baina tamalez gertatzen dira horrelakoak eta askotan ez dugu pentsatzen hildakoaren familian edota audientzian izan ditzaken ondorioak.

Komunikabideak Lady Di printzesaren intimitate muga guztiak gainditu zituzten. Carlos eta Diana banandu zirenean, atentzio mediatiko guztia bereganatu zuen emakumeak. Ingalaterrako koroaren eskandaluak prentsa sentsazionalista areagotu zuen bere inguruan, bere pribatutasuna urratzeraino. Argazkiak ateratzen zizkioten paparazziek, zurrumurru faltsuak helarazten zituzten… Diana eta bere bikotea auto istripuan hil zirenean, bertara hurbildu zirenak argazkiak ateratzera bakarrik mugatu ziren, lagundu ordez. Prentsa sentsazionalistak Dianaren pribatutasuna guztiz urratu zuten. Italiako aldizkaria batek istripuko argazkiak zabaldu zituen baita Dianaren parte medikua ere. Eduki morboso eta polemikoak zabaldu zituzten, azken finean bizitza izorratu zioten. Pertsonai publiko baten intimitatea urratzean ez gara konturatzen gainerako pertsonak bezala bizitza pribatu bat duela, publikoki erakutsi nahi ez duena, eta errespetatzea derrigorrezkoa dena.

Ylenia Carrisi 1994an desagertu zen Estatu Batuetan. Yleniaren aita elkarrizketatu zutenean Espainiako telebista kate garrantzitsu batean Lydia Lozano kazetariak esan zion bere alaba bizirik zegoela eta bazituela frogak hori egiaztatzeko. Denbora pasa ahala Lydiak gezurra zela onartu zuen. Penagarria iruditzen zait halako gezur mediatiko bat sortzea, batetik Lydiak bazekielako gezurra esaten ari zela eta bestetik hildakoaren familiarekiko errespetu falta izugarria delako. Horrelako kasuak egunero gertatzen dira prentsa arrosan, zurrumurruz betetako programa hauetan profesionaltasun gutxiz jorratzen dituzte gaiak, askotan pertsonen intimitate eta ohorea guztiz urratuz.

Venezuelako liskar batean oposiziokoek kalean bonba bat jarri zuten. Telecincoko kazetari batek ez zuen kontatu benetan pasa zena, baizik eta motor batek su hartu zuela. Venezuelako hedabide batek bonbaren grabaketa zabaldu zuen. Manipulazio mediatikoa da guztiz egia ez den bertsioa zabaltzea, hau da, benetan pasa dena ez kontatzea. Beraz audientzia desinformatzen ari zara, eta hori bidegabekeria dela uste dut. Azken finean, komunikabide garrantzitsuek gertatutakoaren ikuspegi desberdinak eskaintzen dizkigute eta ez dakigu zein den egiazkoa, beraien kontrolpean gaudela iruditzen zait. Beraz, beharrezkoa da informazioa kontrastatzea eta beraiek behar bezala jokatzea.

Juego de Tronosen azken denboraldia pil-pilean jarri den kontua izan da, Euskal Herrian grabatu baita. Jende mordoa hurbildu zen bertara. Denbora gutxian argazkiak eta bideoak filtratu ziren sare sozialetan. Argazkilari profesionalak objektibo luzeko kamarekin argazkiak atera zituzten. Juego de Tronoseko aktoreak Bilboko jatetxe batetik irtetean egindako bideoak ere zabaldu zituzten. Ez ziren konturatu pertsona horien intimitate eskubidea urratzen ari zirela. EITBren estilo liburuak dio ez duela pertsona ospetsuen bizitza pribatuko irudirik zabalduko nahiz eta toki publikoetan grabatuak izan, eta beraiek izan ziren lehenak irudi horiek web orrialdean jartzen. Juego de Tronoseko ekoiztetxeak baimen asko eskatu behar izan zituen interes publikoko lekuetan grabatzeko eta lortu ondoren kazetariek hori errespetatu beharko lukete.

Diego Pastranaren kasua hanka-sartze larri bat izan zen. Garaiko bere neskalagunaren alabarekin parkean jolasten ari zela, haurra kolunpiotik erori eta kolpe handia hartu zuen. Egun batzuetara, medikura joan eta bertan haurrak tratu txarrak eta sexu abusuak pairatu zituela esan zuten. Diego momentuan atxilotu zuten nahiz eta informe forentseak kontrakoa esan. 3 urte pasa ziren lehenengo aldiz medikuarenera joan eta azken informe forentsearen artean. Nahiz eta indemnizatu, jada mina eginda zegoen eta bizitza izorratu zioten bai berari zein familiari. Hedabideak ere antzera jokatu zuten. Prentsan titular izugarriak idatzi zituzten, hiltzailea bera zela esanez. Albistegietan aurkezleak beraien iritzia eman zuten eta teorian hori ezin dute egin.

Albistea:

http://www.telecinco.es/elprogramadeanarosa/actuaba-fotografo-abusador-detenido-sexualmente_2_2438655043.html

Orain dela egun batzuk Madrilgo argazkilari bat atxilotu zuten zazpi neska gazteri sexu abusuak egitea egotzita. Bideo honetan ikusten da nola kazetaria argazkilaria bizi den auzora hurbiltzen den. Bere izen abizenak ematen ditu, kalearen izena esaten du eta non bizi den ere. Sei urteko espetxe zigorra jarri zitzaion hasieran.

http://www.abc.es/espana/madrid/abci-dejan-libre-fotografo-acusado-abusar-chicas-instagram-201709240026_noticia.html Hemen berriz ikusi daiteke libre geratu dela.

Kontu handiz ibili behar da horrelako kontuekin, albistea nahiko berria eta oraindik ez da argi geratu zer pasako den. Hala ere, ikusi dugu jendeak nola ematen duen bere iritzia. Denok dakigu orain nor den eta non bizi den. Beharrezkoa al da datu guzti horiek ematea zehatz-mehatz zer gertatu den jakin gabe?

The Others:

Artikulu honetan ikusten da Berria eta El Correo Españolek albiste bera nola lantzen duten. Berria aldizkariak ateratako alean sute batean haur zauritu baten argazkia jarri dute baina aurpegia pixelaturik du. El Correon aldiz, umearen aurpegia argi eta garbi ikusten da. Estilo liburu guztiek diote adingabeen aurpegiak pixelaturik agertu behar direla, eta horrelako kasu bat denean, istripu batean adibidez, are gehiago.

OSTIRALA

Capturing The Friedmans:

Komunikatzailearen ikuspuntutik, zein gai arazotsu planteatzen dira filmean?

Pelikulan zehar hainbat gai daude pil-pilean. Alde batetik intimitatea eta ohorea; gizona atxilotzen duten egunean, bere emaztea etxera iristen den momentuan komunikabideak bere zain daude, argazkiak atera eta grabatzen hasteko, bere baimenik gabe eta oraindik zer pasa den jakin gabe. Bestetik errugabetasun presuntzioaren kontua ulertzeko egokia da dokumentala. Hasiera batean Arniek, aitak, esaten du ez duela inoiz ume bat erasotu, baina azkenean epaiketan erruduntzat jotzen du bere burua, bere semea, aitarekin sexu abusuetan parte hartzeagatik ere erruduna dena, aske gera dadin. Azkenean semea ere sexu abusu horietan parte hartzeagatik kartzelara sartzen dute. Arnold Atxilotzen duten unetik familia nola pixkanaka desegituratzen den ikusten da, aita eta semearengandik sexu abusuak jasan dituzten lekukoen adierazpen nahasgarriek istorio guztia aldrebesten dute, semeen testigantza latzak eta hasierako momentutik guzti hori grabatzeak dokumental hau harrigarri bihurtzen du.

Egin gai horien azterketa eta hausnartu eta filmean ematen zaien irtenbideez.

Lehen aipatu bezala aitak abusu sexualekin zerikusirik ez duela dio baina azkenean kartzelan bere buruaz beste egiten du. Oraindik kasua argitu gabe komunikabideak zure pribatutasuna eta intimitatea eragoztea gogorra da. Bizitza guztian gogoratuko duzun momentua izango da, ahaztezina. Zure familiako edonori sexu abusuak egitea egotzi badiote eta eraso horiek pairatu dituztenen bertsioak hain desberdinak izanda ez dakizu azkenean nor sinistu.

Zer diote kode deontologikoek gai horien tratamenduaren gainean? Alderik badagokode desberdinen artean?

Komunikabideen estilo liburuek antzekoa diote gai honen inguruan. EITB eta RTVEren estilo liburuak berdina diote kasu honetan, hau da, ez direla egongo aurretiko kondenak, eta pertsona guztiak errugabeak garela epaiketak aurkakoa adierazi arte. Bitartean, intimitate eskubiderako ez direla inplikatuen irudi eta daturik zabalduko.

EITBren estilo liburuak dio, “Errugabetasun-presuntzioa bermatzeko, a priori-ko kondenak baztertu egingo dira, eta informazioak ez du horretarako biderik emango. Horretarako, gisa honetako terminoak erabili beharko dira: «ustezkoa», «inputatua», «atxilotua» edo «auzipetua». Itxaron egin beharko da, harik eta auzipetuaren erantzukizun- edo partaidetza-maila egiaztatzen duen epai judizial irmoa egon arte.

Ahal dela, ez da emango ekintza edo delitu batean inplikaturik egon daitezkeen pertsonen daturik eta irudirik. Horri buruzko erabakia hartu aurretik, kalterik sortuko den eta kaltea konponezina izango den baloratu beharko da.”

RTVEk, “Todos los ciudadanos son inocentes mientras no hayan sido judicialmente condenados. Los profesionales de RTVE no deben contribuir de ninguna manera a culpar a quienes no hayan sido condenados aunque se trate de personas  acusadas por la policía o el juez instructor. Los datos e imágenes referidos a los acusados deben evitar perjuicios irreversibles para ellos, especialmente en el caso de los menores.”

Zelan lantzen dira era horretako gaiak hedabideetan? Zelan landu beharko lirateke?

Argi dago horrelako gaiak oso konplexuak direla, bai hedabideetan bai gure egunerokoan. Aurrekoan ikusi genuen bezala, tamalez gertatzen dira horrelako kasuak. Imajina dezagun pertsona bat sexu abusu edo tratu txarrak egitea egotzi diotela. Ekintza hori egin duela leporatzen dioten unetik, jendeak honen berri jakingo du momentuan, hedabide askok euren kode deontologikoko arau guztiak apurtzen baitituzte, audientzia gehiago lortzeko eta kasua ezagunago izatea lortzeko. Eta lehen aipatu dudana, komunikabideetan gertatzen dena gure bizitzan ere gerta daiteke. Aurreiritziz jositako gizarte batean bizi gara, eta norbaitek edozein gauza txar egin duela zabaltzen badute, gu gara lehenak pertsona hori epaitzen. Beraz, audientzia zein komunikabideak kontu handiz ibili behar dira, beharrezkoa baita pertsonen intimitatea errespetatzea egoera hauek gertatzen direnean, gaizki-ulertuak egon ez daitezen. Behar bada Espainian ikus-entzunezko kontseilu bat ez egoteak arazo hauek dakartza, ez baita zorrotz jokatzen hedabideek sarritan egiten dituzten akatsekin.

Filmaren gaineko hausnarketa.

Dokumentala egokia iruditu zait lantzen ari garena borobiltzeko. Deontologiako hainbat puntu ukitzen dira. Hala ere nahiko arraroa da familia batek horrelako egoera zail batean kamara hartu eta grabatzen hastea, eta are gehiago familiako kideak euren artean liskarrak dituztenean, nik uste dut horrek egiten duela berezi eta interesgarri. Kasua bera ere nahiko arraroa da, familiako bi kide, aita eta semea, sexu abusuak egitea egotzita, anaiak aitaren alde jartzea eta amaren aurka egitea… nahiko bitxia da, eta ulertzeko zaila zati batzuetan. Hala ere, horrelako gaien inguruan dokumental bat egiteak meritu handia duela uste dut.

ASTELEHENA

Albisteak:

https://elpais.com/elpais/2017/09/21/gente/1505997237_693908.html

El Pais egunkariko artikulu honetan Antonio Banderasen alabaren bizitza pribatuari buruz hitz egiten du kazetariak. Stella Banderas-Griffithek anonimatuan bizi nahi duela dio baina harrigarria iruditu zait artikulua nola hasten den, titularrak dio: “La hija de Antonio Banderas batalla por ser anónima” eta bere ikasketetan murgilduta dagoela dio, eta bere familiaren famatik urrun mantendu nahi dela, beraz, nire galdera da, beharrezkoa al da horrelako artikuluak prentsan zabaltzea neskak berak komunikabideen inguruan ezer jakin nahi ez duenean? EITBko estilo liburuak honen inguruan dio ez dituela zabalduko pertsona edo familia baten bizitza pribatuarekin zerikusia duten gertakariak, datuak, irudiak edo dokumentuak, baldin eta haren ospeari edo izen onari eragiten badiote, edo haren intimitatean sartzen badira. Bere bizitza pribatuko hainbat datu jarri dituzte, hala nola: Zer ikasten duen, zein unibertsitatean eta zein mailatan dagoen. Bestetik, kazetariak “niña” eta antzeko hitzak erabiltzen ditu deskribatzeko eta bere adineko gainontzeko neskak bezala sare sozialetan partekatzen duela bere bizitza, eta orain dela gutxi Instagramera bikinian argazki bat igo zuela. Berria estilo liburuak dio emakumeek ez dutela talde homogeneorik osatzen, beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra daudela. Nire iritziz datu horiek interesik gabekoak dira albiste honetan, ez baitu albistearen muina ulertzeko ekarpenik egiten. Bere aitarekin duen harreman estua ere aipatzen da, eta nahi baino gutxiago ikusten direla elkar gurasoak banandu zirelako. Argi dago morboa eragiten duela albisteak, audientzia erakartzeko.

https://elpais.com/elpais/2017/09/22/gente/1506076725_310969.html

Artikulua hasi bezain pronto Ambrosioren adina agertzen da. Hasieran ere arreta deitu didan esaldi bat dago Victoria Secreteko modeloa izateaz gain aldizkarietako azaletan ere atera dela, baina mutilentzako eta emakumeentzako portadatan, horrela dio: “portadas de revistas masculinas y femeninas”. Ez dut uste bereizketa hori egitea beharrezkoa denik, aldizkariak ez baitaude genero konkretu batera bideratuta. Ez al da hobea “aldizkari” hitza soilik erabiltzea? Aurreko artikuluan aipatu dudan moduan, Berriako estilo liburuak dio estereotipoak eta topikoak saihestu behar direla.

Bukaeran bere egoera zibilaren berri ematen da, eta bere arrakasta amatasunarekin lotu da. EITBko estilo liburuak dio ez direla kontuan hartuko emakumearen egoera zibila, egoera sentimentala, amatasuna eta abar ere, gertaerak ulertzeko behar-beharrezkoa ez bada.

Bagajea:

Iñigo Aranbarrik komunikabideetan ikusi dituen akatsei buruz ari da artikulu honetan. Alde batetik pertsona baten abizena, "Etxeiza" beharrean "Etxeita" jarri zuten. Bestetik, Iraken bahitutako bi kazetarien aldeko elkarretaratze batean Paul Eluard poeta bertan zegoela esan zuten. Akats larria, Eluard aspaldi hil baitzen. Aranbarrik dio kazetariek ez dutela entziklopedia bat izan behar baina bai beharrezkoa dela albiste bat idazterakoan datu minimoak ongi jakitea eta egiaztatzea, hanka-sartze larriak egiten baitira batzuetan.

Hausnarketa:

Komunikatzaile batek nahitaez errespetatu behar du kode deontologikoa bere lana guztiz ondo egiteko. Aste hontan zehar landutako kontzeptuei buruz ez nekien ezer eta egia esan asko ikasi dut. Modu onean ikasi ditugu gainera, anire iritziz skoz ere dinamiko eta ulergarriago egiten baita adibideekin azalduz gero. Horretaz gain, pelikulak oso egokiak izan dira landu dugun gaiekiko.


Utzi iruzkina: