Jaka eta Zabaletak beren agintea ezarri dute Irunen

iblogtxolo 1576927053585 KirolTxokoa | 2019-12-21 13:41
1

iblogtxolo 1576932999420

Jaka eta Zabaletak lidertza sendotu dute Olaizola II.a eta Aretxabaleta menderatuz.


Irungo Uranzu pilotalekuak kontraste handiko lehia hartu zuen bart iluntzean, Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldiaren irekiera ekitaldian. Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta liderrek Aimar Olaizola eta Andoni Aretxabaleta azken sailkatuak izan zituzten aurrez aurre. Aretxabaletak laugarren partida jokatu zuen aurtengo txapelketan, bigarren jardunaldiz jarraian min harturik dagoen Mikel Urrutikoetxea ordezkatuz hain zuzen.


Goizuetako aurrelari beteranoa sailkapeneko azken postutik ateratzeko erronkarekin kantxaratu zen markinarra, baina behartu gabe galduriko zazpi pilotarekin ez zuen helburua lortzerik izan. Baiko Pilotako bikoteari aitaren batean egin zion ihes partidak, eta horren adibide amaieran markagailuak islatu zuen 9-22ko emaitza.


Partida hasieratik ezarri zuten beren legea Jaka eta Zabaletak. Bikote urdinak Aretxabaletaren bi huts baliatu zituen 1-4ko aldeaz aurreratzeko. Bost tantu jarraian eginik 2-9raino areagotu zuten errenta Aspeko pilotariek. Atzeko koadroetan erabat nagusi zen Zabaleta ordurako, aurrean aldiz, Jaka adoretsu batek ez zion Olaizolari bere tokia hartzen utzi. Goizuetarrak hiru tanto baino ez zituen amaitu partida guztian.


Tantoak aurrera joan ahala partida sufrimendu handiagoa bilakatu zen gorrientzat, Aspeko pilotarien erauntsia gelditu ezinik, 5-21eko emaitza mingarria islatzeraino iritsi baitzen markagailua. Erreakzio zantzu nabarmenik ikusi ez zen arren, azken emaitza apaintzea lortu zuten Olaizola eta Aretxabaletak. Neurri batean Irunen ikusitakoa itxuraldatu zuten amaierako 9-22koarekin.

 

Iraupena: 47:53 minutu

Sakez tantoak: 1 Jakak (21. tantua)

Sakez faltak: 0

Pilotakadak: 433

Tantoak jokoan: Olaizola II.na 3, Aretxabaleta 2, Jaka 11, Zabaleta 1

Hutsegiteak: Olaizola II.na 2, Aretxabaleta 7, Jaka 1, Zabaleta 3

Markagailua: 0-1, 1-2, 1-3, 2-4, 2-5, 3-9, 3-10, 4-11, 4-12, 5-12, 5-13, 6-21 eta 9-22

Xehetasunak: Irungo Uranzu pilotalekuan jokaturiko lehen mailako Binakako Txapelketako bostgarren jardunaldiko partida. Sarrera ona. Jaialdiko lehen partidan Arteaga II-Urretabizkaia II 22-13 Zabala-Ruiz, Promozio mailako txapelketan.

 


Utzi iruzkina: