EUSKARA;euskaldun egiten gahituena
Hizkuntza bat mundua ulertzeko modu bat da, aniztasunaren adierazle bat. Hizkuntzalari gehienen ustez 6.000 hizkuntza inguru mintzatzen dira gaur egun munduan. Hizkuntzen aniztasuna, ikuspuntu eta ikusmolde aniztasuna, balore den heinean, eta euskararen jasangarritasunaren kasu konkretuan, euskara elkarteen papera oso garrantzitsua da.
Hala ere, hizkuntzaren normalizazioa edota biziberritzea iristen bada, EZ da BAKARRIK euskara elkarteen lanari esker iritsiko. Prozesu horretan erakunde publikoek ere eragile izan behar dute. Erakunde horien arteko HARREMANA optimizatzea nahitaezkoa da helburu hori, normalizazioarena edo biziberritzearena, bete nahi bada.
Gizarte erakunde eta erakunde publikoena arteko harremanetan bi epe ezberdintzen dira eta zenbaiten ustez inflexio puntua Jose Maria Sanchez Carrión, Txepetxen, “Un futuro para nuestro pasado” liburuaren argitalpena eta Arrasate Euskaldundu Dezagun euskara elkartearen sorrera izan ziren.
Ordura arte, 1990eko hamarkadara arte, hizkuntz normalizazioaren eragileen artean atomizazioa zen nagusi, desadostasunak azpimarratzen ziren eta nagusikeria eta aurkakotasuna bilatzen. Azken finean, erakunde publiko eta gizarte erakundeen artean inkomunikazioa gailentzen zen.
Hamarkada hartatik aurrera aldiz, hizkuntz normalizazioa euskararen beharren ikuspegitik lantzen hasi zen. Erakundeen arteko artikulazioari ekin zitzaion. Komunikazio aro berri bat hastear zegoen eta beharrezkoa zen oinarrizko puntu batzuk finkatzea eta elkarlana eta osagarritasuna bilatzea. Euskara elkarteak aro berri horretan sortu ziren. Iruñeko kasuan, beste euskara elkarteen helburu oso antzekoak zituen Iruñeko euskaldunon elkartea den Karrikiri Elkartea, 1996an sortu zen.
Hego Euskal Herria bi egitura administratibo nagusitan antolatuta dago, eta 1986ko Foru Legeaz geroztik baita Nafarroa bera hiru hizkuntza eremutan zatituta ere. Aldagai administratibo horrek ere asko eragiten du erakunde publiko eta gizarte erakundeen arteko harremanetan.
Urtarrilaren 18an Nafarroako hainbat elkartek emandako prentsaurrekoan aipatu zen bezala, azken bost urteetan Nafarroako Gobernuak euskara elkarteei euskarazko hedabideetarako banatutako diru laguntzetan murrizketa nabarmena izan da eta 2005ean kultur jarduerak antolatzeko diru saila desagertu da. Egoera horrek, diru sarrera publikoen segurtasun ezak, euskara elkarteen hazkunde eta garapena baldintzatzen du, baita egitasmo askoren bideragarritasuna ere.
Baina zein da euskara elkarteek egiten duten paper garrantzitsu hori? Hainbat hizkuntzalari eta soziolinguistek hizkuntza baten normalizazio edo biziberritzerako hiru aldagai eragin behar direla defendatzen dute: ezagutza, motibazioa eta erabilera. Euskara elkarteek gehien bat azkeneko bietan eragiteko helburua dute.
Euskara elkarteek, alde batetik, haien barne funtzionamenduarekin bazkideen artean hizkuntza ohitura edo dinamika bat sortzen dute eta euskaraz bizitzeko aukera ematen dute, euskaraz bizitzeko aukera (askorentzat ametsa dena) errealitate batean bilakatzen dute. Bestalde, hainbat gizarte esparrutan (kultur jarduerak, aisialdia, gizarte zerbitzuak, komunikabideak, lagunartea…) euskarazko eskaintza luzatzen dute.
Iruñerrian hainbat euskara elkarte daude: aipatutako Karrikiri Elkartea, Atarrabiako Karrikaluze elkartea, Biltoki Elkartea edo Zaldiko Maldiko Elkartea. Gaur egun, elkarte horiek guztiak Topagunearen barruan daude, Euskara Elkarteen Ferderazioaren barnean eta haien artean koordinatzeko helburua dute. Asko dira euskara elkarte horiei esker Iruñerrian euskaldunok goza ditzakegun eskaintzak, hurrengoak adibide batzuk besterik ez dira: mintzakide, euskara hutsezko aldizkariak (Karrika Iruñean eta Xuka Atarrabian), merkataritzan euskaraz, haur eta gazteentzako aisialdiko eskaintza (larunblai eta kuadrillategi), euskaldunon arteko pisukide eta lan poltsa zerbitzuak…
Euskara elkarteak euskal komunitatearen ikuspegi eta ikusmoldearen ahotsa dira, aniztasun aberasgarriaren zati baten adierazle. Euskara elkarteak dira hizkuntza komunitatearen partehartzea bermatzen duten erakundeak, jarduera eta egitasmo ezberdinak aurrera eramateko baliabide pertsonalak dituztenak eta egitasmo ezberdinei gizartearen sostengua ematen diotenak. Horiek gabe ezinezkoa litzateke normalizazio prozesu bat.
Erakunde publiko eta pribatuen artean ELKARLAN ETA OSAGARRITASUNerako bide berriak jorratzea beharrezkoa da. Bide hori da onuragarriena euskararentzat eta, oro har, munduko hizkuntza, kultura eta ikusmolde edo ikuspegien aniztasunarentzat. Nafarroako Gobernuari aipatutako dirulaguntzen murrizketa horiek izan ditzaketen ondorioen erantzule izateko eta, zentzu horretan, euskara elkarteekiko izan beharko lukeen harremana zaintzeko eskatzen diogu. Euskara elkarteak prest gaude egoera guztiak aztertu eta gure hizkuntzaren aldeko irtenbidea elkarrekin aurkitzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: